Parte-hartze prozesu oparo batean ostean, atzo jarri genuen abian Euskara Mahaia. Erronka sendoak ditugu. Herritarren kezka nagusiek lan iraunkorra eskatzen dute, eremu guztietatik eragin beharrekoa: herritarren kontzientzia, bizilagun berrien integrazioa eta haur eta gaztetxoen hizkuntza ohiturak dira gehien errepikatu direnak. Datozen urteetan garatzeko 42 ekintza jaso dira, hainbat esparrutako eragileek eta norbanakoek eginiko ekarpenei esker.
Herri apustu bat izan da hau. Denon artean plan bat osatu dugu, norbere ikuspegitik abiatuta. Eragiteko dozenaka eremu eta behar identifikatu ditugu. Horiei erantzuteko mahai bat osatzeko gaitasuna izan dugu. Ez nolanahiko mahaia, gainera. Arloz arlo lan egiten duten pertsonak batu ziren atzo Basazabalen: hezkuntza, familia, kirola, lan mundua, kultura, gazteria, aisialdia, euskalgintza...
Azken aldian asko entzuten dugu (eta esan ere bai, ziurrenik), dagoeneko oso zaila dela herritarrak inplikatzea. Presaka bizi gara, ezin iritsita, gure egutegi eta ordutegiei lotuta. Gero eta bizitza indibidualagoak egiten ditugu, ondokoarekin egoteko astirik gabe. Euskarari dagokionez ere, behin eta berriro errepikatzen den ideia da herri euskalduna izan arren, kontzientzia lantzea behar duen herria dela gurea. Bada, hilabete hauetan azpeitiarrok erakutsi dugu euskara maite dugula, gure hizkuntza dela, "gu" egiten gaituena, eta saretzeko prest gaudela datozen erronka berriei erantzuteko. Gaiari herri bezala heldu diogu, eta herri bezala erantzungo diogu, euskara mahaiaren bidez. Azpeitiak badu gaitasuna biltzeko, adosteko eta elkarlanean aritzeko. Eta, sinisten dut, herritarrei esker lortuko dugula euskaraz bizitzea.
Benetan ederra izan da prozesu hau hasieratik bukaerara bizitzea. Ederra da irudikatzea zenbat aurrerapauso eman ditzakegun euskararen normalkuntzan. Badira hizkuntza politikak garatzeko beste eredu batzuk, oinarrian herria dutenak. Irailetik orain artean prozesu honetan parte hartu duzuen guztioi, mila esker. Elkarlana jarraia izango da aurrerantzean ere, eta edonorentzat irekita egongo da beti mahaia. Bada indarra eta ilusioa. Merezi duen herria du gure hizkuntzak