Euskara Mahaia hasi da bidea egiten

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 9a, 14:50

Euskara Mahaiaren atzoko bileraren hasiera, Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Eragileetako ordezkari eta norbanako, hemezortzi lagun elkartu ziren atzo lehen bileran. 2023rako ekintza plana eta mahaiaren funtzionamendua izan zituzten hizpide. Aurtengo beste bi bileren datak ere zehaztu zituzten.

Euskara Mahaia sortzea eta egonkortzea da Azpeitiko Euskararen Plan Estrategikoan jasotako lehentasunezko ekintzetako bat, eta hori lortzeko bidean lehen pausoa eman zuten atzo iluntzean Basazabal jauregian.

Eragileetako ordezkari eta norbanako, hemezortzi lagun elkartu ziren atzo lehen bilera horretan; hala ere, eta planaren aurkezpenean azaldu eta atzo errepikatu zutenez, mahaian parte hartu nahi duen herritar orok ateak irekita ditu. Plana osatzen aritu den Emun aholkularitzako teknikariek dinamizatuko dituzte Euskara Mahaiaren bilerak ere eta atzokoan, besteak beste, 2023rako ekintza plana eta mahaiaren funtzionamendua izan zituzten hizpide.

Urtarrilaren 25ean, Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpenean, azaldu zuen Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak asmoa zela Euskara Mahaiak urtean hiru bilera egitea: urte hasieran, urteko plangintza osatzeko; uda aurretik, plangintza horren jarraipena egiteko; eta urte amaieran, urteko lanaren balorazioa egiteko. Atzo, urteko plangintza osatzen hasteko bileran, zehaztuta utzi zituzten 2023ko beste bi bileren datak ere: maiatzaren 10ean eta azaroaren 8, asteazkenez, egingo dituzte, 18:30ean, Basazabalen.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide