Koldo Eizmendi: "Orain argazkiak ateraz gozatzen dut kontzertuetan"

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 21a, 16:22

Koldo Eizmendi Sanagustin kulturgunean, atzean bere argazkiak dituela. (Aitziber Arzallus)

Koldo Eizmendiren Kriston burrundaye erakusketa Sanagustin kulturgunean ikusgai dago asteazkenaz geroztik, eta hala egongo da abuztuaren 14ra arte. Gogoko dituen musika taldeen kontzertuetan ateratako 29 argazkirekin osatu du bilduma. Egileak berak eman ditu erakusketaren inguruko azalpenak.

Hainbat kontzertutako argazkiekin osatutako erakusketa jarri duzu Sanagustinen. Ez da gisa bereko erakusketa bat jartzen duzun lehen aldia, ezta?

Ez, hau hirugarren aldia da; aurrenekoa pandemia aurretik jarri nuen, eta bigarrena, justu duela urtebete.

Zer nolako argazkiak jarri dituzu ikusgai?

Gustatzen zaizkidan taldeen kontzertuetakoak dira, eta baita kuriosoak iruditzen zaizkidan edo zerbaitegatik atentzioa deitzen didaten taldeen kontzertuetakoak ere. Batzuk Azpeitian ateratakoa dira, baina ez denak. Bergaran bizi naiz, eta han inguruko herrietako aretoetara joateko ohitura ere badut: Arrasate, Beragara, Gasteiz...

Nolatan hasi zinen kontzertuetan argazkiak ateratzen?

Duela urte batzuk, bolada batez, Orkatzen kontzertuak programatzen jardun nuen, eta konturatu nintzen handik pasatutako taldeen argazkirik ere ez genuela. Horregatik hasi nintzen zuzeneko emanaldietan argazkiak ateratzen, eta denborarekin, kontzertu guztietara hasi nintzen kamerarekin joaten. Denborarekin, bakoitzak geure bizitza egin ahala, lagun gehienak musikarekiko interesa edo behintzat kontzertuetara joateko grina galtzen joan ziren, eta esan liteke lagunak kamerarengatik ordezkatu nituela. Egia da hasieran kostatu egin zitzaidala kontzertuetan argazkiak ateratzera ohitzea, hasieran, kamerarekin azaltzen nintzenean, denak niri begira zeuden sentipena izaten nuelako, baina horretara ere jarri egiten zara.

Kamera soinean duzula joaten al zara kontzertu guztietara?

Orain, bai; orain deseroso eta guzti sentitzen naiz kontzertuetara kamerarik gabe joaten banaiz. Gogoan dut azkena Biarrizko Atabal aretora joan nintzenean kamerarik sartzen ez zigutela utzi, kontzertua eman behar zuen taldeak hala eskatu zuelako, eta sufritu egin nuen. Egia da garai batean hala joaten nintzela kontzertuetara eta gozatu egiten nuela, baina, orain, argazkiak ateraz gozatzen dut kontzertuetan.

Musika betidanik gustatu izan zaizu; argazkigintza, noiztik?

Argazkigintza ere, betidanik. Musika eta argazkigintza dira nire bi zaletasunik handienak, eta kontzertuetan argazkiak ateratzea biak uztartzeko primerako modua da.

Kontzertuetako argazkiekin egiten duzun hirugarren erakusketa izanda, lehenegotik hirugarrengora aldaketarik nabarmenduko al zenuek?

Lehendabiziko erakusketan argazkietako protagonista ia guztiak gizonezkoak ziren. Bigarren erakusketa jarri nuenean, emakumeen argazkiei leku handiagoa ematen saiatu nintzen, eta aurten gizonak eta emakumeak erdi eta erdi direla esango nuke.

Kontzienteki erabaki duzu erdiak emakumeak izatea, baina oraindik ere oholtza gainean nabarmen gehiago dira gizonak, ezta?

Rock and rolla da niri gustatzen zaidan musika estiloa, eta rock and rollean emakume oso-oso gutxi daude. Hala ere, saiatzen naiz dauden horiei ikusgarritasuna ematen, eta emakumeek jo behar duten kontzertuak daudenean, saiatzen naiz haietara joateko ahalegin berezia egiten ere

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide