Santioak eta saninazioak 2023

Festetan seguru erretiratzeko

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 27a, 09:33

Hegoa Aizpuru, Nahia Odriozola eta Alaitz Azpillaga Astotegian, BM parean. (Aitziber Arzallus)

Festen testuinguruan erasoak jasateko arriskua handitu dela eta, saninazioetarako etxeratze kolektiboak antolatu dituzte Itaiak eta Haujijijai festa batzordeak.

Saninazioak ate joka dira, eta festa usaina eta parrandarako gogoa agerikoak dira herrian. San Inazio bezperan kuadrillako bazkariak izango dituzte askok, plazan bazkalduko dute beste batzuek, San Inazio egunerako indarrak gordetzea nahiago izango du zenbaitek... Neska zein mutil, gazte zein zahar, milaka izango dira jaiek irauten duten bitartean kalera aterako diren herritarrak, eta batzuk goizago eta besteak beranduago, baina guztiek bueltatu beharko dute etxera. Eta hain zuzen ere, une hori da askori kezkarik handiena eragiten diena, erretiratzeko ordua, etxerako bidea bakarrik egitea askotan ez baita samurra egiten, batez ere emakumeentzat. Horren jakitun, Itaiak eta Haujijijai festa batzordeak etxeratze kolektiboak antolatu dituzte uztailaren 30erako, 31rako eta abuztuaren 1erako.

Uztailaren 30erako bi hitzordu jarri dituzte, 00:30ean bata eta 02:00etan bestea; uztailaren 31rako bakarra, 02:00etan; eta abuztuaren 1erako beste bi, 02:00etan bata eta 04:00etan bestea. Astotegian, BM dendaren aurrean elkartuko dira etxera lagunduta eta seguru joan nahi duten emakumeak, eta txanda bakoitzerako bina arduradun izendatuak dituzte jada, inor etxera bakarrik joango ez dela bermatzeko.

Saninazioetakoa ez da izango etxeratze kolektiboak antolatzen dituzten lehen aldia. "Sanjuandegiko festetan antolatu genituen lehen aldiz, eta esperientzia positiboki balioetsi ostean, saninazioetan berriz antolatzea erabaki dugu", azaldu dute Alaitz Azpillaga eta Nahia Odriozola Itaiako kideek. "Kontuan hartuta festen testuinguruan erasoak normalizatu egiten direla, eta jakinda jendeak etxerako bidean beldurra pasatzen duela, horri aurre egiteko zerbait egitea erabaki genuen, eta iruditu zitzaigun etxeratze kolektiboak baliabide egokiak izan zitezkeela", adierazi du Odriozolak.

Beharra ikusi zutelako antolatu zituztela esan du Itaiako kideak. "Indarkeria matxistari lotutako galdetegi bat prestatu genuen, eta ehun bat lagunek erantzun zuten. Haien erantzunetatik ondorioztatu genuen behar bat bazegoela, eta hitzorduak ezartzeko ordutegiak eta lekua ere jendeak eskatutakoaren arabera ezarri genituen", zehaztu du Odriozolak. Festak bukatu ostean, aurreneko esperientzia haren inguruko balorazioa egiteko bildu ziren Itaiako eta Xanjuandegi Auzolanean elkarteko kideak, eta aurrez ezarritako helburuak bete zituztela ondorioztatu zuten. "Egia da Sanjuandegiko etxeratze kolektiboetan ez zuela jende askok parte hartu, agian egitasmoa herriratzen nahikoa lanketa egin ez genuelako, baina festen ostean jendearen ahotan dezente ibili da etxeratze kolektiboen kontua, eta espero dugu oraingoan jende gehiagok parte hartuko duela", esan du Azpillagak. "Gainera, uste dugu lehendabiziko esperientzia ondo joanda, ahoz ahokoak ere funtzionatuko zuela".

Hegoa Aizpuruk Sanjuandegiko festetako etxeratze kolektiboetako batean parte hartu zuen, eta saninazioetan ere parte hartuko duela adierazi du, ondo etortzen bazaio behintzat. Kaletik etxerako bidean beldurrik ez duela pasatzen esan du, baina bakarrik joateak errespetua ematen duela, eta tentsio momentu horiek arintzeko neurriak ere hartzen dituztela: "Etxerako bidean lagunak elkarrekin telefonoz hitz egiten joaten gara".

Aizpururi ideia "oso ona" iruditzen zaio herriko festetan etxeratze kolektiboak antolatzea, hain zuzen ere, festen testuinguruan erasoak jasateko arriskua handitu egiten dela uste duelako. "Jende gehiago ibiltzen da kalean, jendea mozkortuta eta drogen eraginpean egoten da, eta argi dago horrek guztiak arrisku egoerak ugaritu egiten dituela".

Hirurek adierazi dute emakumeak kalean lasai eta aske ibiltzea dela helburua, eta nahiago luketela etxeratze kolektiborik antolatu beharrik ez izatea. "Baina egoera aldatzen ez den bitartean, ez dago besterik", adierazi du Aizpuruk. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide