Santioak eta saninazioak 2023

Erasoen aurkako protokoloaren inguruko azalpenak emango dituzte gaur Haujijijaik eta Itaiak

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 27a, 09:07

Urola Erdiko Itaiako kideak, udako festen atarian indarkeria matxistari aurre egitera deitzen. (Itaia)

Festetarako prestatu duten protokoloa aurkeztuko dute Haujijijaik eta Itaiak. Azoka Plazako aretoan egingo dute aurkezpena, 19:00etan hasita. Hainbat tabernetan ere egongo da protokoloa martxan jartzeko aukera. 

Itaiak eta Haujijijai festa batzordeak erasoen aurkako protokoloa aurkeztuko dute gaur, osteguna, Azoka Plazako aretoan, 19:00etan hasita. Indarkeria matxistari aurre egitera deitu ez ezik, erasoen aurkako protokoloa eta etxeratze kolektiboak jarri dituzte martxan, eta gaur emango dituzte protokoloaren inguruko xehetasunak. Hori dela eta, txosnagunean txandaren bat duen herritar oro dago batzarrera deituta. 

Itaiaren eta Haujijijairen erasoen aurkako protokoloa txosnagunean ez ezik, Haginpe eta Mendizaliek tabernetan jarriko dute indarrean, norbaitek horrela eskatuko balu. Protokoloa martxan jartzeko 688 699 370 telefonora deitu beharko da.

Itaiako kideen hitzetan, festen testuinguruan, eraso matxistak "areagotu, normalizatu eta gordindu" egiten dira, eta horiei erantzuteko "tresnak sortzea garrantzitsua" dela adierazi dute. "Beharrezkoa ikusten dugu emakume langileok gure kabuz antolatzea eta gure babeserako bitarteko ezberdinak sortzea", adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide