Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako aldarria zabaldu dute Zelatunen

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 24a, 18:08

'Mendietan ez' lelopean egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian, Zelatunen. (Ihintza Elustondo)

Iraileko azken erromeria egin dute gaur Hernioren magalean, Zelatunen, eguraldi eguzkitsuak lagunduta, eta jendetza bertaratu da. Jai giroak ez ezik, aldarriek ere izan dute tarterik: Sañu Bizirik taldeak deituta, mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako protesta egin dute.

Erromeria sasoia izan ohi da iraila Hernioren magalean, Zelatunen, eta gaurkoan, eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jendetza bertaratu da. Zelatundik Herniora igotzeko ilaran pilaketak, bi bordetan zenbait jaki agortuta... Aspaldi ez bezalako jendetza elkartu da Zelatunen, eta trikiti doinuen artean, giro ederra sortu da. Gaurkoan, Izer eta Alabier trikitilarien txanda izan da, eta haien doinu artean, jende ugari animatu da arin-arinak nahiz fandangoak dantzatzera.

Dantzak ez ezik, aldarriek ere izan dute tarterik gaurkoan. Izan ere, Sañu Bizirik taldeak deituta, mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute Zelatunen, 13:00etan. Hainbat lagunek egin dute bat protestarekin, eta proiektu eolikoen aurkako banderak eta pankartak astindu ez ezik, oihu bidez zabaldu dituzte aldarriak lau haizetara.

"Hau ez da modua"

Imanol Mujika Sañu Bizirik taldeko kideak azaldu duenez, "leku adierazgarria" aukeratu dute protesta egiteko. "Hemendik gertu zentral eoliko bat tramitatzen ari dira, Piaspe deiturikoa. Tramitean dago proiektu hori, momentu erabakigarri batean sartzera goaz. Gainera, orain gutxi onartu duten Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Txorondegi-Indo eremua eskala handiko beste zentral eoliko bat egiteko aukeratutako guneen artean dago. Gure aldarria da hau ez dela modua, ingurugiroan txikizio beldurgarria egitea delako, berebiziko balio naturalak galduko direlako eta baserriak, auzoak nahiz horietan gauzatzen diren jarduera ekonomikoak hankaz gora jartzen dituelako".

Horrez gain, Mujikak nabarmendu du, "erakundeak planteatzen ari diren planak aurrera eramanez gero, bazter denetan" jarriko dituztela zentral eolikoak. "Euskal Herriko paisaian erabateko eraldaketa eta desitxuraketa gertatuko da, oraindik jendeak oso ondo barneratuta ez daukana. Hori salatzera etorri gara". Larrialdi klimatikoaren gainean ere hitz egin du: "Saltzen ari zaizkigu proiektu hauek egin egin behar direla, bestela larrialdi klimatikoan sartuko garela, eta uste dugu hori faltsua dela. Badaude beste alternatiba batzuk".

Ikusi Zelatunen hartutako argazki gehiago eta bideoa Urola Kostako Hitzaren atarian.

(I. E.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide