Asteklima azokak geldialdia egin du Azpeitian

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 29a, 09:06

Klima aldaketaren inguruan kontzientziazioan eta ohituretan eragin nahi duen Asteklima astearen barruko azokak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bederatzi herri igaroko ditu aste honetan, eta atzo Azpeitiko plazan jarri zuten. Larunbatean, besteak beste, Zarautzen izango da Asteklima azoka.

Asteklimak Azpeitian egin du geldialdia. Atzo, ostegunez, iritsi zen herrira Klima aldaketaren inguruan kontzientziazioan eta ohituretan eragin nahi duen Asteklima. Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea, Azpeitian izan zen azoka ireki aurretik; udaleko Ingurumen teknikariekin eta Ekoetxeko teknikariekin batera, Ihobeko beste teknikari baten eskutik azokaren helburuen eta herritarrek azokan aurkituko dutenaren gaineko azalpenak entzun zituzten. Horren ostean, herritarrentzako ireki zituzten postuak. Horietan bereziki familiei eta 6 eta 10 urte arteko haurrei zuzendutako erronkak jarri zituzten, jolas bidez betetzeko. Guztira, sei karpa jarri zituzten, eta erronka osatzen zutenek opariak eskuratzeko aukera izan zuten. 

Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Udalsarea 2030, Ekoetxea sareak eta Life Urban Klima 2050 Europako proiektuak sustatuta ari dira egiten Asteklima, "herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea" helburu, Guztira, bederatzi udalerritan egingo du geldialdia. Larunbatean, esaterako, Zarautzen. 

"Klima aldaketaren ondorioei eta eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz familiak kontzientziatzea" da egitasmoaren helburua, "keinu txikiekin ohitura horiek arintzen eta egokitzen laguntzeko", eta jolasak baliatzen dituzte horretarako. Klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, eta Urban Klima proiektua dira Asteklima azokaren bidez jorratu nahi dituzten gaiak, "eta gizarteko gainerakoen konpromisoekin bat egingo duen konpromiso pertsonala formalizatzeko modua".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide