Luis Legorburu: "Bakardadeak areagotu egiten du ezinegona"

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 26a, 09:45

Ondoez emozionala sentitzen duten 18 urtetik gorako herritarrentzat psikologo zerbitzua jarri du martxan Azpeitiko Udalak, Gizarte Zerbitzuen bidez. Luis Legorburu psikologoa  (Lezo, Gipuzkoa, 1965) da zerbitzuaren arduraduna.

Ondoez emozionala sentitzen duten herritarrei arreta ematera dator zerbitzu berria. Zertaz ari zarete ondoez emozionala aipatzen duzuenean?

Bi motatako emozioak bereizten ditugu, barneratzen ditugunak eta kanporatzen ditugunak. Tristura, haserrea, antsietatea... daude barneratzen ditugun emozioen artean; kanporatzen ditugunak, berriz, jokabide oldarkorrak edo besteen kontra egitea izan daitezke. Pertsona batek horrelako emozioak dituenean eta, ondorioz, ondo ez dagoenean, hitz egin dezakegu ondoez emozionalaz. Emozio asko daude, baina normalean, gugana datorren jendeak emozio horiek aipatzen ditu.

Zerbitzuaren aurkezpenean, Nagor Alkorta alkateak esan zuen ondoez emozionala duten azpeitiarrak geroz eta gehiago direla, kopurua gorantz doala eta pandemiaren ondoren areagotu egin dela.

Gizartea asko aldatu da denbora gutxian. Lehen pertsonok bagenituen harreman sare formalak eta informalak, eta horiek asko laguntzen zuten pertsonen ongizatean; bere garaian, bazeuden apaizak edo bizilagunak. Gaur egun, hori guztia aldatu egin da. Askotan, bizi garen etxepean zein bizi den ere ez dakigu. Ondorioz, nahiko bakarrik gaude; uste dut gizartea geroz eta okerrago dagoela alde horretatik, emozionalki ez gaudela ondo, eta laguntza jasotzeko bideak eskaini behar ditugu.

Indibidualismoak eragindako gabeziek aregoatu dute pertsonen ondoez emozionala?

Hori da. Gizarte sareen gabeziak eragina dauka ondoez emozionalean; ez daukazu inor, eta bakardade horretan areagotu egiten da ezinegona. Horri erantzutera dator zerbitzu hau, sentimendu horiek dituzten pertsonek hori guztia lantzeko toki bat izan dezaten.

Ez da izango diagnostikorako eta tratamendurako zerbitzua. Zer eskainiko du?

Garrantzitsua da lan honetan fokua non jartzen dugun eta zer lan teoria erabiltzen dugun zehaztea. Guretzat garrantzitsua da pertsonaren eta haren testuinguruaren arteko erlazioa kontuan hartzea. Zerbitzura datorren pertsona beti kokatuko dugu testuinguru baten barruan. Pertsonari zer gertatzen zaion eta zer testuingururen barruan gertatzen zaion aztertuko dugu, eta testuingurua ebaluatu ondoren, helburu batzuk jarriko ditugu. Pertsona batek zerbitzu honetara jotzen duenean, lehendabizi lantzen duguna da haren inguruan zer arrisku faktorek duten eragina arlo emozionalean, eta gaizki dagoen pertsona horrengan egunerokotasunean nolako eragina duten horiek. Mapa hori osatu ondoren erabakitzen dugu zer helburu jarri nahi ditugun eta zer estrategia erabiliko ditugun. Sareko lanean oinarritzen da guztia. Gizarte langileekin zein inguruan ditugun beste profesional batzuekin egiten dugu lan. Pertsona bere osotasunean begiratu behar dugu beti, eta ez diagnostiko bat bezala.

Udaleko Gizarte Zerbitzuekin zein anbulatorioarekin koordinatuta eskainiko duzue psikologo zerbitzu berria. Zer prozedura jarraituko duzue?

Joan den astean aurkeztu genuenetik, jendea ari zaigu galdetzen nola jo dezaketen zerbitzura. Zuzenean edo zeharka irits daitezke erabiltzaileak gugana. Pertsona batek psikologo zerbitzu honen beharra daukala sentitzen badu, zuzenean etor daiteke udalaren Gizarte Zerbitzuen bulegoetara ordua eskatzera. Lehendabiziko elkarrizketa gizarte langile batekin egingo du; elkarrizketa horren arabera, zerbitzura bideratuko dute ala ez. Era berean, beste zerbitzuekin koordinatuta egiten dugu lan, beste zerbitzuek badakite guk nolako lana egiten dugun. Adibidez, familia medikuek gure zerbitzuan artatzeko modukoa izan daitekeen kasu bat sumatzen badute, gugana bideratuko dute, dagokion pertsonari baimena eskatuta; buru osasuneko zerbitzuek ere bidera ditzakete erabiltzaileak gurera. Kasu horietan ere, gurean prozedura bera izango da, gizarte langile batek egingo du hasierako ebaluazioa, zerbitzura bideratu aurretik.

Zenbat saio aurreikusi dituzue pertsona bakoitzarentzat?

Saio kopuru mugatu bat ezarri dugu, ahalik eta pertsona gehien artatu ahal izateko. Guztira sei saio aurreikusten ditugu, egoeraren ebaluazioarekin eta helburuak finkatzearekin hasita. Beharraren arabera banatuko ditugu gainontzeko saioak; astero izan daitezke, edo hamabostean behin, edo hilean behin.

Gizartean gero eta ondoez emozional gehiago dagoela kontuan hartuta, ez al da baliabide gehiago behar? Horrelako zerbitzuak ez al lituzke berez Osakidetzak eman behar?

Berriro aipatuko nuke pertsona bere osotasunean ikustearen garrantzia; horrek esan nahi du zerbitzu ezberdinek egin behar dugula lan ondoeza duen pertsona horrekin. Buru osasunaren arloak bere betebeharrak ditu, baina uste dut beste lanketa batzuk ere egin ditzakegula pertsona horiekin; bakoitzak gauza bat eskain diezaiekegu. Legeak dio Gizarte Zerbitzuetan lanketa psikosoziala egin behar dugula pertsonekin, eta bide horretatik txertatu dugu psikologoaren zerbitzua.

Zerbitzu bakoitzak ditu bere betebeharrak, ez gara bata bestearekin nahasten. Baina zer da osasun mentala? Osasun mentala dena da. Herritar batek gure zerbitzurako ordua eskatu behar al du egun batean triste dagoelako? Ez, kontua ez da hori. Guk begiratzen duguna da ondoez emozionalak nolako eragina duen pertsonarengan, ondoeza denboran mantentzen al den eta jasaten duenari egunerokotasunean eragiten al dion. Horrela baldin bada, laguntza eskatu behar du pertsona horrek. Laguntza eskatzeak esan nahi du osasun mentala zaintzea, baina osasun mentalaz hitz egiten dugunean ez gara Osakidetzaz bakarrik ari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide