- Barre egin (Txirri, Mirri eta Txiribiton)
Lehen doinuak. Zeinen garrantzitsua den musika pertsonon heziketan. Haurtzaroan hasten da bizitzan zehar bidelagun izango duzun iruditeria oso bat eraikitzen, eta euskal identitatearen esparruan, aipatu ahalko nituzke Manolo Urbietaren hastapeneko kantak, Oskorri eta bere Katuen testamentue edo pailazoen ekarpena ezinbestekoa. Nireak beti izan dira Txirri, Mirri eta Txiribiton, eta kanta hau aukeratu dut barnean duen mezu eder bezain baliagarriagatik. Mundua zakartzen doan heinean, irribarrea, barre egitea da amildegitik salbatuko gaituena. Euskadiko Orkestrarekin grabatutako bertsioa da honakoa.
- Bi bihotz (Junkal Guerrero)
Ahotsaren magia. Betidanik erakarri izan nau musika koralak. Musikaria izanik, ahotsak instrumentu gisa eskaintzen dituen baliabideak aberatsak eta magnetikoak iruditzen zaizkit. Euskal Herrian barrena badira hainbat eta hainbat arrazoi koruen mundua maitatzeko: kalitate handiko abesbatzak, konposatzaile bikainak eta guztia biltzen duen ahots tradizio luzea. Atal honetan, urte luzez nire piano irakasle izan zen Junkal Guerreroren pieza hau aukeratu dut. Amatasunaz, umea amaren sabelean kulunkatzean sortzen den dantza ederraz, dihardu.
- Jardin bat zuretzat (Xabier Lete)
Totemak. Badira euskal kanten bildumetan presentzia erabatekoa duten erreferentziazko kantautoreak. Hor koka ditzaket Laboa eta bere mundu propioa, Anari eta bere nortasun indartsu eta erreibindikatzailea, ala azken boladan euskal panoraman ahots eztiz mezu iradokitzaileak helarazteko asmotan dabiltzan Idoia Asurmendi ala Olaia Inziarte. Nire aukeraketa pertsonalean, ordea, zinez maite dudan maitale kanta itzel hau txertatu dut. Joxan Goikoetxeak idatzitako Hesia urraturik oratorioko bertsioa da nik hemen jarria.
- Euskarri egokia (Joserra Senperena)
Pianoa bidelagun. Nire instrumentuetako bat da pianoa, eta nahi gabe joaten zait entzumena berarekin burutzen diren proiektuetara. Atal honetan, Mikel Azpiroz, Iñar Sastre edota Joserra Senperenaren lanak aipatuko nituzke, finak eta musikalki arras interesgarriak guztiak. Azken honek duela aste pare bat Maite Arruabarrenaren laguntzaz argitaratutako Lied Koadernoa proiektuko kanta bat aukeratu dut. Bilduma honetan, Senperenak Juan Luis Zabalaren, Itziar Ugarteren edota Jon Gerediagaren hitzak musikatu ditu, lied (kanta) alemaniar klasikoaren tradizioa jasoz eta berrituz.
- Ilargia ezkutuan denean (Alex Tello-Ignacio Arakistain)
Nere txokotik. Oihana Alkorta zenak idatzitako poema bati segida emanez ondu zituen Alex Tello aktore eta idazleak Galerak proiektuan musika bilakatuko ziren letra ederrak. Lucia Arzallus lagunarekin batera, diskoko musika sortzeko aukera izan nuen. Aukeratu dudan kantan Jon Gurrutxaga, Arima Beltza taldeko abeslari elgoibartarra, dut bidelagun. Proiektu berezi bezain ahaztezina.