Izazpi, Oleta eta Samiño "arriskuan" daudela ohartarazi dute Sañu Bizirik eta Oletan ere ez! plataformek

Andoni Elduaien - Iraia Oteiza 2023ko abe. 23a, 17:30

Eskualdeko mendietan zentral eolikoak egiteko proiektuek azken asteetan hartu duten abiadaren aurrean kezka adierazi dute Sañu Bizirik eta Oletan ere ez! plataformek. Proiektuek eragina duten herrietako udalei "isilik ez geratzeko eta ekintzaren bidea hartzeko" eskatu diote.

Sañu Bizirik eta Oletan ere ez! plataformek agerraldia egin dute gaur, larunbata, Azpeitiko plazan. Eskualdeko zenbait menditan zentral eolikoak eraikitzeko proiektuen berri izan zutenetik bi urte igaro direla adierazi dute, eta orduz geroztik proiektu horien inguruko berri gutxi izan dela. Dena den, zentral eolikoak egiteko asmoa duten enpresa interesatuak azken asteotan geldirik egon ez izana salatu dute.

Batetik, Azkoitiko Udalaren oniritziarekin, Azkoitiko lurretan 80 metroko altuera duen haize neurgailu bat jartzeko baimena emanda dagoela ziurtatu dute; eta bestetik, Izazpi, Samiño eta Oleta mendietan Green Capital enpresak gauzatu nahi duen Buruzai proiektuak abiada hartu duela nabarmendu dute. Hain zuzen, abenduaren 15ean argitaratu zuten ofizialki Buruzai proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta egun horretatik zenbatuta, helegiteak aurkezteko 30 eguneko epea izango dute herritarrek.

Buruzai proiektuaren xehetasunak

Buruzai proiektua Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso eta Zumarra artean kokatuko litzateke. Aurkeztutako txostenaren arabera, 20 MWeko parke eolikoa egiteko asmoa du Green Capitalek, eta zentralak honako ezaugarri hauek izango lituzke: 5 MW potentziako eta 200 metroko lau aerosorgailu. Buruzai parke eolikotik Ezkioko azpiestaziora bideratuko lukete sortutako energia elektrikoa, bost kilometro baino gehiagoko lur azpiko linea batekin, eta bi zatitan banatuko litzateke, Azpeitiko eta Ezkio-Itsasoko udal mugarteetatik igaroz. Guztira, 19.573.557 euroko aurrekontua izango luke egitasmoak.

Hori horrela, Izazpi, Oleta eta Samiño "arriskuan" daudela ohartarazi dute Sañu Bizirik eta Oletan ere ez! plataformek. Proiektuek eragina duten herrietako udalei "ekintzaren bidea hartzeko" eskatu diote, "ezer egin ezin dela esateak ez duelako aurrerantzean balioko". Proiektuen inguruan duten ikuspuntua herritarren aurrean zehazteko eskatu diete. Aldiz, herritarrei, helegiteak aurkezteko eta mobilizaziorako deia luzatu diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide