Buruzai proiektuari alegazioak aurkeztuko dizkio Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2024ko urt. 17a, 18:17

Sañu Bizirikeko kideak, atzoko udalbatzarrean. (Nerea Uranga)

Azkoitiko, Ezkioko eta Zumarragako udalekin batera ari da lanean horrretarako. Sañu Bizirik taldearen mozioari erantzunez eman ditu azalpenak erakundeak.

Izazpi, Pagotxeta, Samiño eta Oleta artean Green Capital enpresak –Capital Energy barruko sozietatea– aurkeztu duen Buruzai eolikoen proiektuaren aurrean Azpeitiko Udalak zer egin asmo duen galdetu du mozio bidez Sañu Bizirik taldeak. Eta horren gaineko eztabaida izan zen nagusi atzo egin zuten urtarrileko udalbatzarrean.

Sañu Bizirik taldeko hainbat lagun joan ziren udalbatzarrera, eta talde horretako kideei eman zien hitza Nagore Alkorta alkateak bilkura hasi orduko. 2021eko abenduan jakin zen Green Capitalek 20 MWeko parke eolikoa egiteko asmoa zuela Izazpi, Pagotxeta, Samiño eta Oleta artean. Sañu Bizirikekoek gogorarazi zuten iazko abenduaren 15ean, Buruzai proiektu eolikoa martxan jarri ahal izateko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaera argitaratu zirela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabalduz. "Proiektuaren tamaina ikusita, inguruak erabat suntsituko ditu, bertako ingurumenean nahiz ekosistemetan erabateko desoreka eta kalteak eragingo ditu, eta inguru horretako hainbat aktibitate kolokan jarriko ditu, hala nola abeltzaintza, egur ustiaketa, mendi edota bizikleta ibilaldiak. Gainera, Urola bailarako historiaurreko ondare arkeologiko garrantzitsuenetako bat suntsituko du", salatu zuten Sañu Bizirikekoek.

Iazko martxoaren 7an Azpeitiko Udalak Buruzai proiektuaren kontra azaldutako jarrera ere ekarri zuten gogora batzarrean Sañu Bizirikekoek, eta behin proiektua argitaratutakoan, udala zer egiten ari den galdetu zuten: "Mehatxu honen aurrean, Sañu Bizirik taldeak honako galderaren erantzuna jakin nahi du udalaren aldetik: zein neurriren bidez gauzatu behar du udalak Buruzai proiektuaren kontra adierazitako jarrera?".

Martxoaren 7an EH Bilduren proposamenez onartutako mozioaren edukia ekarri zuen gogora alkateak segidan, eta hitzez hitz irakurri zuen, orduan udalak onartutakoa berretsiz: "Buruzai izenez ezagutzera eman den egitasmoaren sustatzailea den Capital Energy enpresak ezezkoa eman dio eraiki nahi duen balizko energia sorkuntzarako instalazioa entitateen eskuetara bideratzeko aukerari. Gauzak horrela, aipatu proiektua enpresa energetikoekiko daukagun menpekotasuna beste 30 urtez luzatzera dator. Eragin negatiboa herriarentzat geldituko den bitartean, industria enpresek eramango dituzte etekin ekonomiko ikaragarriak, ez da gure herriarentzat nahi dugun eredua, eta ez da Azpeitiak behar duen eredua. Ez dio azpeitiarren beharrei erantzuten, eta ondorioz, Azpeitiko Udalak kontrako jarrera hartuko du".

Udalak eta adituak

Ondoren, Sañu Bizirikek udalari egindako galdera erantzutera jo zuen zuzenean Alkortak, esanez udala ez dagoela geldirik, eta beste hiru udalekin –Azkoitia, Ezkio eta Zumarraga– elkarlanean alegazioak prestatzen ari dela. "Sañu Bizirik taldeko kide bat baino gehiagori aurrez azaldu diegun bezala, Buruzai proiektuak eragindako lau udalerritako alkateak elkartu gara, eta asmoa dugu laurok batera alegazioak aurkezteko. Lanketa handia da hori, eta lanean ari gara geologo batekin, ingeniariekin nahiz beste hainbat teknikorekin. Egitasmoaren ingurumen inpaktuak izan ditzakeen kalteen aurrean zer esan dezakegun aztertzen ari gara, eta baita beste kontu formal batzuk ere. Atzo [astelehenean] bildu ginen lau alkateak adituekin". Hurrengo bilera datorren astelehenean dutela adierazi zuen Alkortak, eta alegazioak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean bukatuko dela jakinarazi zien Sañu Bizirikekoei.

Buruzai egitasmoari lotuta, prozedura administratiboan udalari dagokion guztia egiten ari direla nabarmendu zuen Alkortak, eta alegazioak prestatzen aritzeaz gainera, udal bakoitzak aurkeztu dezakeen plangintzari lotutako txostena aurkeztuko dutela gaineratu zuen.

Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak ere hartu zuen hitza, eta adierazi zuen beraiek «beti» egon direla energia berriztagarrien alde. "Berotegi efektua murrizteko baldin bada, berdin izango da Sañoan edo Buruzain ekoitziko duten energia; hala ere, onartu behar dugu Statkraften eredua pixka bat erakargarriagoa dela". Buruzairen tamainako proiektuek "tramitazio luzea eta zaila" izaten dutela esan zuen Altunak, eta egitasmo horrek baldintza guztiak betetzen baditu, orduan aztertuko dutela. Bitartean, baina, neurri zuzentzaileak eskatzea "ondo" iruditzen zaiela esan zuen EAJren udal bozeramaileak. Jarrera publiko egitea Buruzai proiektu eolikoaren aurrean Azpeitiko Udalak bere jarrera eta egiten ari dena publiko egin ez izanaren inguruan ere galdetu zien Sañu Bizirikekoek udal ordezkariei. Udala egiten ari denaz Sañu Bizirikeko hainbat kideri informazio zuzena eman diela erantzun zien alkateak, eta Joanes Amenabar zinegotziak "informazioa gardentasun osoarekin" eman dietela azpimarratu zuen. "Orain alegazio epean gaude, eta iruditzen zaigu, erakunde gisa, orain horiek prestatzea dagokigula; sukaldeko lana ondo egitea, alegia. Lau udal elkarlanean jardun eta batera joateko asmoz ari gara lanean". Amenabarren arabera, iritsiko da "publiko egiteko eta pausoak emateko" momentua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide