Azpeitiko Udalak hainbat eraikin publikotan (udaletxea edota igerilekua) eguzki plakak ditu jarrita, eta azken asteetan, plaka fotovoltaiko gehiago instalatzeko lanak egin ditu Azoka Plazan eta Soreasu antzokian. Lehendik jarritako plakekin 150 KW energia sortzeko ahalmena zuen udalak, eta behin Azoka Plazako eta Soreasuko azpiegiturak martxan jarritakoan, 200 KW gehiago sortuko ditu. "Era horretan, lehen sortzen den energiaren bikoitza lortzeko aukera izango dugu: 350 KW. Guk ateratako kontuen arabera, 62 eta 66 familia hornitzeko adina energia. Azoka Plazako eta Soreasuko instalazio fotovoltaikoak martxan jartzeko, ordea, hilabete batzuk beharko dira, nahiz eta plakak jarrita izan, abian jartzeko izapideek luze jotzen dutelako", azaldu du Joanes Amenabar Ingurumeneko eta Auzoetako batzordeburuak.
Udal eraikinetan kontsumo partekatua jarriko du udalak: "Sortzen den energia hori udalaren azpiegituretako zerbitzuetara bideratuko eta banatuko da: igerilekura, kiroldegira...", azaldu du Amenabarrek.
Biltegiratzeko aukerak aztertzeko asmoa
Energia burujabetzarako, biltegiratze sistemaren bat ere jarri nahi du udalak. Hori egin aurretik, aurreneko urtean, orduero zenbat energia sortzen eta zenbat kontsumitzen den nahiz autokontsumo partekatura zenbat bideratzen den aztertu behar dute. "Behin azterketa eginda, planifikatu egin beharko da, gure baliabideak doitzeko. Biltegiratzeko moduak ere aztertu nahi ditugu", adierazi du.
Energiari lotutako beste egitasmo batzuk martxan jartzeko asmoa ere badu udalak. Kiroldegi ondoko padel eta tenis pistak estali nahi ditu, eta han eguzki plakak jarri. Horrez gain, kiroldegia ere energetikoki eraberritu behar dute legez jartzeko, Amenabarren arabera: "Legez eraberritu beharra dago 2030. urterako".
Baliabideen azterketa
Udalerri osoa kontuan hartuta, energia berriztagarrien potentzialitatea aztertzea ere egiteko asmoen artean du Ingurumeneko batzordeburuak: "Udalerrian energia sortzeko zer-nolako baliabideak dauden aztertu nahi dugu: aerotermia, biomasa, minieolikoak... Denok ados jarri eta energia sortzeko zer gaitasun daukagun aztertu nahi dugu, eta, gero, hori alderatu gastatzen dugun energia kopuruarekin".
Eremu publikoan energia sortzeko azpiegitura berriztagarriak jartzen jarraituko du udalak, baina eremu pribatuan ere eragin nahi du erakundeak. Esaterako, herriko ikastetxeen eraikinetako teilatuetan eguzki plakak jarri ahal izateko diru laguntza eskatuta dute Energiaren Euskal Erakundean.