Jendetza batu da Euskal Herria Bizirikek deitutako manifestazio nazionalean

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 13a, 21:13

Euskal Herri osotik etorritako jendez, aldarriz eta pankartaz bete dira Azpeitiko kaleak arratsaldean. Bi orduz luzatu da energia makroproiektuen kontrako mobilizazioa; antolatzaileen arabera, 2.200 lagunek parte hartu dute plazan hasi eta plazan bukatu den manifestazioan.

"Euskal Herria ez dago salgai", "mendietan ez", politikarien eta botere ekonomikoen kontrakoak zein beste hainbat aldarri ozen eta indartsu entzun dira gaur arratsaldean Azpeitian, Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik jardunaldia bukatzeko egindako manifestazio nazionalean. Euskal Herri osotik etorritako jendez, aldarriz eta pankartaz bete dira herriko kaleak. Jendetzak egin du bat bi ordu iraun duen mobilizazioan; Arana, Jose Artetxe, Zelai Luze... irudi ikusgarriak utzi ditu manifestazioak, eta antolatzaileen kalkuluen arabera, 2.200 lagunek parte hartu dute mobilizazioan.

Manifestazioa 18:00ak pasa abiatu da plazatik, eta ordubete geroago itzuli da toki berera, Euskal Herria Bizirik sareak energia trantsiziorako proposatzen ari diren makroproiektuen eta horien eraginen kontra antolatutako jardunaldiaren ekitaldi nagusirako. Txaparta eta adar doinuek hartu dituzte manifestariak plazan. Mobilizazioa bete duten pankartak eta manifestariak kioskoaren bueltan zirela, Julen Zulaikak eta Lurdes Ondarok bertsotan agurtu dituzte plazan elkartutakoak, eta eguneko irakurketa etorri da gero. "Gero eta gehiago gara lurraren defentsan ari garenok, baserrian hasi eta akademiaraino", nabarmendu dute antolatzaileek. Gaurkoaren "arrakasta" eta gero, hurrengo hitzordura gonbidatu ditu herritarrak Euskal Herria Bizirik sareak: maiatzaren 26an mendi martxa nazionala egingo dute Bizkaian, Kolitza mendira.

Ekitaldia bukatzeko, azken orduko eta iragarri gabeko bertso saio espontaneoaren aurretik, Garaia da kantatu dute plazan elkartutakoek Juan Gorostidirekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide