Sanjuandegiko festak 2024

Zumba, denentzako kirola

Erredakzioa 2024ko mai. 31a, 09:00

Festen hondarrean, herritarrak dantzan jarri nahi dituzte Regla Hernandez eta Lara Idoeta zumba irakasleek. Adin guztietako herritarrentzat moduko saioa ekainaren 2an izango da, 16:30ean hasita, Jose Antonio Agirre plazan.

Sanjuandegiko festak Azpeitiko festarik parte hartzaileenetakoak dira, eta hori da, hain zuzen ere, Regla Hernandezek eta Lara Idoetak zumba saiorako nahi dutena ere: parte hartzailea izatea. "Adin guztietako pertsonek parte har dezakete bertan, txikienek zein 100 urtekoek, edonork egin dezake. Izan ere, kirol modalitate bat da, eta ez da beharrezkoa dantzan egiten jakitea edota forma fisiko onean egotea. Ez da ezer berezirik behar, gogoz egotea eta musika gustatzea. Horiek dira beharrezko bi gauza bakarrak. Ondo pasatuz kirola egitea da da zumba", azaldu dute.

Ez da izena eman beharrik egongo, guztiz doako saioa izango da, eta parte hartu nahi duten guztiek igandean 16:30erako Jose Antonio Agirre plazara azaldu besterik ez dute egin beharko, "hori bai, kirola egiteko arropak jantzita". Gustura eta gogoz agertzen diren herritarrek zumba gertutik ezagutzeko aukera izango dute bi irakasleen eskutik.

 Askotan antolatu izan dute zumba saioa herriko hainbat festaren baitan, baina beti kutsu umoretsuarekin eta ez kirol saio gisa. Ikuspuntu hori aldatu nahi dute Hernandezek eta Idoetak: "Horregatik antolatu dugu herri kirolen egun berean; zumbaren inguruan dauden mitoekin amaitu nahi dugu, herritarrek kirol gisa ikus dezatela, eta edonork egiteko modukoa dela jakin dezatela. Ondo pasatzea da helburua, dantza egitea, kirola egitea, huts egitea, barre egitea…". Hernandezen eta Idoetaren ikasle gazteenak ere gogotsu daude Sanjuandegiko emanaldirako: "Ilusioa dugu oholtza gainera igo eta dantza egiteko. Ea auzotarrak eta herritarrak etortzera animatzen diren eta gurekin dantza pixka bat egiten duten".

Kirola eginez, gozatu

Bloke desberdinetan banatuko dute saioa: beroketa batekin hasiko dira, jarraian umeen txanda izango da, ondoren helduena, segidan gazteak arituko dira, bi talderen arteko gudu musikala ere egingo dute, eta berriro haurrak igoko dira taulara euskal musika dantzatzeko. "Jendeak duen ustearen aurka, zumba edozein musikarekin egin daiteke, eta horregatik, euskal musika sartuko dugu erakustaldian". Amaitzeko, bi irakasleek batera egingo dute saioa, eta luzatze ariketak eginez agurtuko dute saioa. Taula gainera igotzen direnek ez ezik, bertaratzen diren herritarrek ere dantzatzeko aukera izango dute. "Dena, gainera, ondo pasatzen duten bitartean".

Izan ere, zumba lasaigarria da jende askorentzat. "Kirol Patronatuan eskaintzen ditugun saioetako ikasle askok esaten digutenez, egunerokotasuneko estresa eta arazoak alde batera uzteko bide bakarrenetakoa dute. Dena ahazten dute ordubete horretan. Hori ederra da, eta beraz, etor daitezela herritar guztiak, gozamena ziurtatua izango dute eta!", amaitu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide