Haizeak eraman aurretik, gorde

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 6a, 08:55

Hainbat soinu zahar, Azkoitian jarritako erakusketan. (Andoni Elduaien)

Nahi baino luzeago egiten ari zaie bidea, baina Trikigirokoak hasi dira Urola Erdiko trikitiaren historia jasotzeko eta erakusteko Errautsak hauspotzen proiektuaren emaitzak plazaratzen. Gaur hitzordua dute Azpeitian.

Sei urte pasako lana, 62 bideo grabazio, 58 bideografia eta 77 elkarrizketatu, hamabi ordutik gora grabazioetan eta, azkenean, bideografiak, horien fitxak eta Errautsak hauspotzen proiektuaren azalpena jasotzen dituen liburuxka jendaurrean aurkezteko modua egin du Trikigiro elkarteak. Joan den maiatzaren 25ean Azkoitiko Baztartxon eman zuten lehen aldiz Urola Erdiko trikitiaren historia hainbat ahotsetara kontatzen duten bideografien laburpen ikus-entzunezkoa; eta gaur, ordu eta erdiko ikus-entzunezko bera emango dute Azpeitian, Soreasu antzokian, 21:00etan. Soreasun, gainera, labetik atera berri-berriak, aipatutako liburuxkaren aleak eskuragarri jarriko dituzte. Halako lan baten aurkezpenak merezi duen neurrira, festa kalean hasiko dute Trikigirokoek: 19:30ean hasita, trikipoteoan ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan.

Orain arte egindako lan eskergaren lehen emaitzak azkenean plazaratzeak emandako poza alde batera utzi gabe, barkamen eskea aurretik jarrita azaldu dituzte Ibon Errazuk (Azkoitia, 1979) eta Haritz Garmendiak (Azkoitia, 1991) Errautsak hauspotzen-en ingurukoak. 2018ko martxoan, Tomas Soraluze Epelde-ren testigantza jasoz lanari ekin ziotenean, «hamar-hamaika bat grabatzea eta dokumentaltxo bat egitea» zen Urola Erdiko trikitiaren historia eta aberastasuna jasotzeko helburua zutenen asmoa. Baina grabatzen zuten pertsona bakoitzaren testigantzak beste batengana bideratzen zituen, eta beste harenak beste batengana... 2023ko abenduaren 15ean egin zuten azken grabaketa, Jesus Mari Larrañaga Txikito VI.a-rena; non, eta Espainiako Cartagenan. Pandemiak ere bete-betean harrapatu zituen, eta batekoaren eta bestekoaren artean, «informazioa gehitzen, proiektua zabaltzen eta hasierako ideia moldatzen» joan dira, Errazuk azaldu duenez. Eta, ondorioz, baita aurreikusitako epeak luzatzen ere; horregatik aipatu dute «barkamen» hitza behin baino gehiagotan proiektuaren talde eragileko eta Trikigiroko bi kideek. «Nahi baino gehiago luzatu zaigu lana. Horregatik, benetan eskertzen dugu proiektuaren sustatzaileek erakutsi duten konfiantza eta pazientzia».

Osatzeko eta luzerako

Egunotan plazaratzen hasi diren lanaren lehen hazitxoa 2010ean kokatu du Garmendiak. Errazu tartean zela, Sanjosetako Trikiti Jaialdiaren antolatzaileek egin zuten argazki zaharren eta datuen halako bilketa bat. Azpeitiaren herri agiriak 700 urte betetzen zituela eta, martxoko jaialdiaren bueltan, herriko trikitiaren historia eta protagonistak azaleratzea proposatu zien udalak, eta horixe bera egin zuten. «Azpeitian bakarrik eta gehiegi sakondu gabe 40 izen agertu baziren, zer ez ote zen aterako bailara osoan? Trikigiro sortu genuenean, galdera horretatik abiatuta erabaki genuen lanean hastea», kontatu du Garmendiak. 2016an eratu zuten elkartea, Urola Erdiko trkiti mugimendua suspertzeko eta dokumentazioaren arloa lantzeko.

<pErrautsak hauspotzen proiektuak hartu duen tamaina eta sakonera ikusita, bistakoa da bazegoela non eta zertan aztarka aritu. Gainera, egunotan aurkezten ari diren materiala proiektuaren lehen zatia besterik ez dela esan daiteke. Izan ere, orain arteko bideografietan oinarrituta, baina grabazio eta bilketa lan gehiago egitea baztertu gabe, aurrera begira dokumental bat eta liburu bat argitara eman nahi dituzte; eta haiekin bai, borobildu, XX. mendearen lehen hiru laurdenetan Urola Erdia trikitiaren epizentro bilakatu zutenen memoria ez galtzeko ahalegina. Trikitia bizimodu eta kultura jakin baten elementua izan zen bailara horretan, eta horren isla ere izan nahi du lanak. «Zaila da Laja eta Epelde bezalako trikitilariak sortzea atzean ekosistema oso bat ez badago bizirik. Eta alderantziz, ekosistema hura ezagutu gabe zaila zen ulertzea Urola Erdiko trikiti mugimenduaren aberastasuna», irakur daiteke bideografien liburuxkan.

Gordailua, Trikipedian

Ahalegin horretan aurrenak ez direla badakite Trikigirokoek, eta ez dute aurrekoen lana aitortu gabe utzi nahi. Loiola Irratiak lehendabizi eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (EHTE) ondoren, trikitiaren historia zein trikitilarien lana gordetzeko eta zabaltzeko hainbat lan eginak dituzte. Transmisioaren kate horri beste katebegi bat eranstera dator Trikigirokoek abiatutako proiektua, euskarriak berrituz ere bai. Hain zuzen ere, EHTEren webguneko Trikipedia atalean jarri dituzte ikusgai Errautsak hauspotzen-en 58 bideografiak; gaur Soreasun aurkeztuko duten liburuxkak QR kode bat dakar, eta hura eskaneatuta sar daitezke erabiltzaileak, besteak beste, bideoak ikustera.

Trikigirokoak ez dira bakarrik ari oraindik osatzeko dagoen proiektuan: Azpeitiko Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean aritu dira, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen bultzadarik ez dute falta izan, eta proiektua diruz laguntzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! programaren barruan finantzaketa kolektiboa martxan jarri zuten 2019an; berrehundik gora lagunek eta erakundek babestu zuten bide horretatik Errautsak hauspotzen proiektua.

Guztien laguntza eskertu nahi dute Trikigirokoek, baina «batik bat», beren testigantzekin Urola Erdiko trikitiaren historia harilkatzen lagundu dieten horiena, dagoeneko ez dauden haiena barne. Bideografien protagonistetako «asko» hil ziren, baina poz txiki handi bat badute proiektuaren egileek: guzti-guztiei erakutsi ahal izan zieten beren grabazioen emaitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide