200 gaztek Aniztasunetik Eraikiz programaren amaierako festa egin dute Gure Zirkuaren karpan

Maialen Etxaniz - Andoni Elduaien 2024ko eka. 14a, 14:21

Aniztasunetik Eraikiz programa Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasuna aldarrikatzeko eta bultzatutako proiektua da. Gaur programan parte hartu duten Gipuzkoako zazpi ikastetxetako ikasleak eta irakasleak Gure Zirkuaren karpan izan dira, amaiera festan.

Gure Zirkuak egun batzuk daramatza Azpeitian, Esklabetako zelaian, eta hori baliatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aniztasunetik Eraikiz programaren amaierako festa egin du goizean Gorroto mezuei lekurik ez lelopean. Gipuzkoako zazpi ikastetxetako 200 ikasle inguruk parte hartu dute gaur goizeko ekitaldian, horien artean Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak eta irakasleak. Ikasle azpeitiarrekin batera herrian izan dira Hondarribiko Egiluze Ikastetxekoak, Urnietako Egape Ikastetxekoak, Orioko Zaragueta Herri Eskolakoak, Soraluzeko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxekoak, Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxekoak eta Anoetako Herri Eskolakoak. Gure Zirkuko Joseba Usabiaga eta Iker Galartza ordezkarien eskutik, zirkuko magiaz gozatu dute ikasleek aurrena.

Aniztasuneko Bizikidetzarako II. Foru Planaren ekintzen barruan, aldundiak 2021. urtean Gipuzkoako hainbat ikastetxetan jarri zuen martxan Aniztasunetik Eraikiz proiektua, gazteen artean berdintasuna nahiz bizikidetza bultzatzeko eta giza eskubideen inguruko hausnarketa eta konpromisoa sustatzeko. Hain justu, ikasleak DBH 2. mailan hasi ziren diskriminazioaren aurkako kide bilakatzen, diskriminazio egoeren aurkitzen ziren pertsonen gaineko kontzientzia landuz, partaide zuzenak izanez, aniztasunaz jabetuz eta esperientzia desberdinak ezagutuz. Hain justu, hiru urteko programa borobiltzeko ikasleek egindako bideoak aurkeztu dituzte, eta ikus-entzunezko horietan erakutsi dituzte gorroto mezuen kontra landutako edukiak.

Haizea Lazkano eta Jare Zubizarreta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak dira, eta haiek programan izan duten parte hartzea zertan oinarritu duten azaldu dute: "Bideo batean gauzatu dugun proiektuan erakutsi dugu bullyngaren kontua nola dagoen. Balio izan digu errealitatea zein den ikusten; izan ere, gure inguruan, lagunartean, ez dago halako kasurik, baina kasu asko eta asko daudela ikusi dugu", esan du Lazkanok. Zubizarretak, berriz, "ekintza txikienekin" ere albokoa "gaizki sentiarazi" daitekeela ikusi dute, eta horren aurrean bideoan hori erakutsi nahi izan dute: "Oso garrantzitsua da kontu hau, jendeak oso gaizki pasatzen du eta".

Ikasberriko ikasleen kasuan, bullyngaren bueltako bideoak egin dituzte, horietan egoera desberdinak islatuz. "Bideoek lagundu digute guri jakiteko ez dagoela bullyng kasu bakar bat", azaldu du Lazkanok. Zubizarretak gaineratu du bideoaren amaierari indarra ematen saiatu direla: "Inpaktua eragin nahi izan dugu bideoekin, pertsona bat bere buruaz beste egiten irudikatu baitugu. Horrekin eman nahi izan dugun mezua da bullynga jasaten dutenek oso gaizki pasatzen dutela, eta zenbait kasutan, muturreko egoeretara ailegatzeko erabakiak ere hartzen direla".

"Aniztasuna, balio errotua"

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak ere parte hartu du ekitaldian. "Populismoen oldarraldi nabarmenen aurrean, guztion betebeharra da halako mugimenduei balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea", adierazi du diputatu nagusiak. Horren aurrean, Aniztasunetik Eraikiz programa "oso lagungarria" da Mendozaren esanetan. "Gipuzkoan berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko gizarte jabetu eta aktiboa eraiki behar dugu. Aniztasuna balio errotua da gurean, eta zentzu horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko apustu irmoa eta partekatua egiten jarraituko dugu", esan du Mendozak.

Mendozak eskerrak eman dizkie ikasleei, irakasleei zein ikastetxeei, baina, era berean, azpimarratu du programa garatzeko "ezinbestekoak”" izan dela hainbat gizarte eragileren, elkarteren eta norbanakoren parte hartzea. Eragileen artean, besteak beste, SOS Arrazakeriak, Begisarek, Aita Marik, Gehituk, Zehar Errefuxiatuakek, Kale Dor Kayikok eta Gautenak lagundu dute proiektuan; Juncal Cepedaren, German Urteagaren, Izaskun Arriaranen, Malen Garmendiaren eta Palmira Dualen esku-hartzea ere nabarmendu du aldundiak norbanakoen artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide