Azpeitiko Udalak ezohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteartea, bi gai lantzeko: Azpeitiko LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana eta Ekainaren 28rako, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunerako adierazpena. Biak aho batez onartu zituzten.
Udalak ostiralean aurkeztuko du herritarren aurrean LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana. Sanagustin kulturgunean izango da ekitaldia, 18:00etan hasita; izan ere, LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak eta bizipenak ezagutzeko diagnostikoa egin du Eihera kooperatibak Azpeitiko Udalarekin eta Emakumeen Txokoarekin elkarlanean, eta ondorioak Oihu bat isiltasunean liburuxkan bildu ditu.
Aurkezpenaren ondoren, beste hainbat ekintza egingo dituzte. Esaterako, Popperra, afterra, utopia ikuskizuna eskainiko dute Miren Narbaizak eta Danele Sarriugartek. Haren ostean, berriz, bertso poteo queerra izango da Aner Peritz eta Maider Arregi bertsolariekin.
Era berean, ekainaren 28ko Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunari begira onartutako adierazpenean, udal ordezkariek herritarrei dei egin diete kaleak hartzera eta LGBTI+ kolektiboaren aldarrikapenekin bat egitera.
Hona hemen Ekainaren 28rako aho batez onartutako adierazpena, osorik:
"Aurten, Azpeitiko Udalak, LGTBI+ errealitateen erradiografia egin eta neurriak abian jartzeko konpromisoa hartu du. Bertan, hainbat herritar eta eragileren testigantzak bildu dira, eta LGTBI+ komunitateak herriarekiko duen pertzepzioa, beharrak, kezkak eta kexak jaso dira. Udal arduradunoi argi geratu zaigu denontzako Azpeitia bizigarri bat lortzeko oraindik asko dugula egiteko, baina bide horretan pausuak ematen jarraitzeko prest gaude, eta horretarako, inflexio puntu bat izan dira onartu berri ditugun LGTBI+ diagnostiko eta ekintza-plana. Hori horrela, beste behin, eta inoiz baino indar gehiagorekin, zabaldu nahi dugu ekainaren 28an sexu askatasun eta eskubideen aldeko aldarria.
Beharrezkoa da esparru honetan, gure herrian sexu eta genero identitate ezberdinetako pertsonek bizi proiektu seguru eta erosoa aurrera eramateko bizi baldintza egokiak sortzea. Inork ez dezan beharra sentitu Azpeititik kanpora bizitzera joateko bere sexualitatea askatasunezbizi aha izateko.
Hori horrela, hamarkada luzeetan baztertuta eta babesik gabe sentitu diren azpeitiarrei gertutasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu, eta bizi behar izan dituzten diskriminazio egoerak aitortu eta etorkizunean berriro errepikatu ez daitezen neuruiak eta bermeak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu, baita gorroto delitu edota gorroto mezuei aurre egiteko bitartekoak abian jartzekoa ere.
"Batzuk uste dute gaí hau bakarrik LGTBI+ pertsonena dela, ez herri guztiarena", azaldu zuen herritar batek egindako elkarrizketetan, eta Azpeitiko Udalak ere bat egiten du uste horrekin. LGTBI+ gaiak herritar guztioi eragiten digute, eta herritar oro da Azpeitia herri anitz eta bizigarriagoa egiteko arduraduna. Hori horrela, LGTBI+ komunitateko herrikideen ikusgarritasunean, aitortzan eta erreparazioan jarri nahi dugu arreta aurrerantzean.
Ezin dugu ahaztu Azpeitian zein Euskal Herrian asko izan direla LGTBI+ borroken ikusgarritasunaren alde lanean aritu direnak, eta beraien lan nekaezinaren ondorioz, hainbat aurrerapauso lortu direla. Hala ere, eta diagnostikoan argi geratu den gisan, jarrera LGTBl+fobikoek oraindik presentzia handia dute gure herrian, eta horren aulrean antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak sortzeko bideak. .. ezarriz.
"Eta jasotzea, jendearen esperientziak, bizipenak, herri honetan pasatu diren gauzak... herri honetan gauza asko pasatu baitira!". Gauza asko pasatu dira, eta orain herri bezala dagokigu ardurak hartu eta Azpeitia bizigarriago, anitzago eta parekideagoa lortzeko bidea egitea LGTBI+ komunitateko kideekin batera. Horretarako, datozen lau urteetarako Azpeitiko LGTBI+ planean jasotako neurriak martxan jartzeko ardura eta konpromisoa hartzen du udalak.
Azkenik, Ekainaren 28aren bueltan, dei egiten dugu kaleak hartzera eta LGBTI+ kolektiboaren aldarrikapenekin bat egitera; eta nola ez, eskenak eman nahi dizkiegu egunerokotasunean LGBTI+ pertsonen bizitzak bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei".