Azokako ekoizleek botako dute saninazioetako txupinazoa

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 2a, 12:54

702 pertsonak eman dute botoa. Azokara etortzen diren baserritarrek 2.094 boto jaso dituzte eta Sierbetako mojek 2.030. Uztarria Gukarentzat 1.486 boto izan dira eta Elkar-ekinentzat 1.410.

Azokako ekoizleek botako dute 2024ko saninazioetako txupinazoa. Gaur eman du erabakiaren berri Azpeitiko Udalak. Erakundeak jakinarazi duenez, "oso estu" egon da bozketa, batez ere ekoizleen eta Sierbetako mojen artean. Azokara etortzen diren baserritarrek 2.094 boto jaso dituzte eta Sierbetako mojek 2.030. Uztarria Gukak 1.486 boto jaso ditu eta Elkar-ekin taldeak 1.410. Guztira, 702 pertsonek eman dute botoa, eta horietatik gehienek Internet bidez egin dute. Pertsona bakoitzak lau hautagaiei eman behar izan die botoa, handienetik, txikienera: lau puntu, hiru puntu, bi puntu eta puntu bat. 

Azpeitiko Udalak lehen aldiz egin du partaidetza prozesu bat txupinazoa nork bota erabakitzeko. "Balorazio ona" egin du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. “Txupinazoa botatzeko aukera ematea aitortza bat egiteko modu bat da. Nahi genuen herritarrek esatea nori nahi zioten egin aitortza hori”.

Udalak azaldu duenez, lehen fasean hogei hautagai baino gehiago proposatu zituzten herritarrek txupinazoa botatzeko hautagai gisa.Odriozolaren arabera, “lanak" izan zituzten zerrenda laura murrizteko: "Izan ere, kanpoan utzi behar izan genituenetako askok, bakoitzak bere arloan, lan handia egin dute herriaren edo herritarren alde".

Erakundeak gaur eguerdian jakinarazi dio berria azokako ekoizleei, eta udalak kontatu duenez, pozez hartu dute berria baserritarrek. Txupinazoa botatzeko hautagaien artean sartu zirela jakin zutenean, “sorpresa” hartu zutela kontatu diote ekoizleek udalari, baita txupinazoa haiek botako dutela jakin dutenean ere. "Bakarren batek esperantza bazuen arren, irabaziko genuela ez genuen espero. Zeresana behintzat eman digu kontuak. Gaur goizean ere hor ibili gara elkarri galdezka ea ba ote genekien ezer".

Udalaren arabera, hogeita hamar ekoizle baino gehiago etorri ohi dira asteartetan azokara, "Azpeititik bertatik erdiak inguru, eta inguruko eskualdeetatik gainerako gehienak".  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide