Kepa Susperregik Azpeitiko Parrokia utziko du Zarauzkoaren ardura hartzeko

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 6a, 15:43

Kepa Susperregi, eskubian, Fernando Prado Donostiako gotzainarekin, 2023ko San Inazio eguneko prozesioan. (Julene Frantzesena)

Duela bi hilabete eman zioten aldaketaren berri, aste honetan zabaldu du berria bere inguruan, eta uda ondoren joango da kostako herrira. 31 urtez izan da Susperregi Azpeitiko erretore. Jose Ignacio Eguzkitza izango da Azpeitiko parroko berria.

"Buruz, ikusten nuen aldaketa hau gerta zitekeela edo izendapenak izan zitezkeela. Baina albistea jaso nuenean... Buruz ikusten duzu aukera, baina gero, bihotzak beste gauza batzuk eskatzen dizkizu", dio Kepa Susperregik (Errenteria, Gipuzkoa, 1957). Azpeitian 39 urte eta horietatik 31 herriko parroko izan ondoren, uda ondoren Azpeitia utzi eta Zarauzko Parrokiaren ardura hartuko du Susperregik.

Donostiako Elizbarrutiak oraindik ez du izendapen berrien eta barne antolakuntzan izango dituen aldaketen berri eman, baina duela pare bat hilabete jakin zuen Susperregik Azpeitia utzi eta Zarautzera joan beharko zela. Azken aste hauek ez direla samurrak izan aitortu du, konfiantzazko jendeari ere ezin izan diolako berria eman orain egun gutxira arte; etxekoei ere ez, haiek sekretua gorde beharraren "trantze berean" jartzerik ez duelako nahi izan. "Pena eta min ematen dizu adiskide dituzunei horrelako zerbait ezkutatu behar izateak", dio erretoreak, azken bi hilabete horiek aldapa gora egin zaizkiola azaltzeko. Azken astean hasi da ingurukoei, lehenbizi familiakoei, eta Parrokian zein Parrokiatik kanpo, datorrenaren berri ematen.

Ia 40 urte herrian

Ia 40 urte egin ditu Susperregik Azpeitian. Patxi Aizpitarte eta biak duela 39 urte iritsi ziren Sanjuandegira, Setien gotzainaren proposamena onartuta. Parrokiaren buruzagitza, berriz, 1993an hartu zuen Susperregik, eta harrezkero izan da Azpeitiko erretorea; Azpeitiko artziprestea ere bada, azken bi urteetan Errezilgo parrokoa ere bada, eta Beizamakoa eta Bidania-Goiazkoa ere izan da, aurreko sei urteetan.

2015eko ekaineko Uztarria aldizkarirako elkarrizketa eman zuen Susperregik, Azpeitira iritsi zeneko 30. urteurrenaren aitzakian. "Lehen hilabeteetan kostatu zitzaigun herrira egitea. Akordatzen naiz, ostiral gauetan-eta autoa hartu eta bakoitza geure herrira joaten ginela. Irailean etorri ginen Azpeitira bizitzera, eta urri bukaeran hasi ginen mezak-eta ospatzen. Horrek lagundu zigun hankak hemen jartzen, poliki-poliki harremanak egiten eta ezagutzera ematen. Orain, gustura bizi naiz hemen. Herritar bat gehiago bezala", zioen elkarrizketa hartan erretoreak, Aizpitarte eta bera Azpeitira etorri zireneko garai haiek gogoratuz.

Eguzkitza, parroko berria

Jose Ignacio Eguzkitza da Azpeitiko Parrokian Susperregiren lekukoa hartuko duen elizgizona.

Alegiako (Gipuzkoa) parrokoa da Eguzkitza, eta apaiztegian Susperregiren kidea izandakoa, oraindik Azpeitiko parroko denak kontatu duenez. "Lehen Tolosako parrokoa izan zen, eta orain Alegiako eta inguru hartako beste hainbat herri txikitako parrokoa da", azaldu du Susperregik.

Zarautzen, iazko irailean hil zen Jokin Lizasoren tokia hartuko du Susperregik. Lizaso hil ondoren Juan Mari Olaetxeak, Elizbarrutiko bikario nagusi izandakoak, hartu zuen behin-behinean Zarauzko Parrokiaren kargua, eta hilabete gutxi barru Susperregik beteko du haren tokia.

Ez daki agurreko elizkizuna noiz emango duen, baina dagoeneko hasi da antzematen Susperregi jendeak behar bezala agurtzeko gogoa baduela. Katekesiko lanak bukatuta, uztail hasiera lanez "arinagoa" izaten da parrokoarentzat. Saninazioak etorriko dira gero; beste urte batzuetan tokatu izan zaion moduan, San Inazio bezperan Loiolan sermoia ematea egokituko zaio aurten Susperregiri; beretzat, "jesuiten aurrean San Inaziori buruz hitz egitea karga" berezia duela aitortu du, erdi txantxetan baina serio, Azpeitiko erretoreak.

Saninazioen ohiko lanez eta agurrekoez gain, mudantza prestatu beharko du datozen asteetan Susperregik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide