Azpeitiko Sagardo Txapelketaren 50. aldiaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte

Nerea Uranga 2024ko uzt. 11a, 15:26

Xebastian Lizaso, Mikel Odriozola, Olatz Mitxelena eta Bixente Unanue, gaur Azpeitiko udaletxean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Sagardoaren Egunaren 50. aldia ospatuko dute Santio egunez, eta urtemuga hori kontuan hartuta, beste hainbat ekintza antolatu dituzte Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Azpeitiko Argazki Elkartekoen argazki erakusketa jarriko dute hilaren 15etik Sanagustin kulturgunean, eta hilaren 18an, berriz, sagardo dastaketa egingo dute Azoka Plazan. Dastaketarako sarrerak salgai daude Elikagunean.

Aurtengoa urte berezia du Santio egunean egiten den sagardo txapelketak. 50. aldia du Azpeitiko Sagardoaren Egunak, eta txapelketaz gainera, sagardoa oinarri duten beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Urtemugaren, sagardo txapelketaren eta antolatutako ekintzen berri gaur eman dute udaletxean Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak eta Xebastian Lizaso eta Bixente Unanue Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideek.

Aurten sagardoaren inguruan antolatu dituzten ekintza bereziak aipatu ditu Odriozolak: "Sagardo txapelketaren 50. aldia aintzat hartuta prestatu ditugu ekintza bereziak. Uztailaren 18rako sagardo dastaketa edota kata bat prestatu dugu Azoka Plazan. Horrez gainera, uztailaren 15etik aurrera, argazki erakusketa bat zabalduko dugu Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek Sagardoaren Egunean ateratako argazkiekin. Bestalde, argazki elkartearen Flickr plataformako kontuan Pepe Gil zenak Sagardoaren Egunean aterako argazkiak jarriko dira ikusgai".

Sagardoaren Egunaren berezitasunak

Azpeitia sagardoari lotuta beti egon dela nabarmendu du Lizasok. "Azpeitia eta sagardoaren historiaren zati bat orain dela bost bat urte argitaratu zen liburu batean jasota dago. Azpeitian sagardotegi asko omen zen lehen, Astigarragan baino ia gehiago. Lotura hori tarteko, Azpeitian aspaldi hasi ziren Sagardoaren Egunak egiten". Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideak esan du, Azpeitiko Sagardoaren Egunak mende erdia baino gehiago duela: "Badakigu 50etik dezente gora direla egindakoak, baina ofizialki zenbatutakoak kontuan hartuta, aurten da 50. Sagardoaren Eguna. Horregatik, beste hainbat ekintza ere egingo dira".

Azken urteetan, sagardo txapelketa Santio egunez egin ohi bada ere, aurretik San Inazio hirugarrenean, abuztuaren 2an, egin ohi zela gogorarazi du Lizasok. "Gero, baina, festak gehiegi luzatzen zirela eta, udalak erabaki zuen Santio egunean ospatzea Baserritarren Eguna, eta egun horretara aldatu zituzten bai Sagardoaren Eguna eta bai ganadu feria ere".

Santio egunean plazan "betiko martxa" izango dela azaldu dute: "23 sagardozale etorriko dira sagardo txapelketara, eta aurten 50. aldia delako sorpresa bat edo beste izango da". Aldaketa bat egongo da txapelketan partaide izango diren sagardotegien artean: "Asteasuko Sarasola ez da etorriko, eta haren lekua Zeraingo Oihartek hartuko du". Sagardogileak Azpeitira "gustura" etortzen direla ere esan du Lizasok. "Azpeitian sagardo asko edaten da urtean zehar; Azpeitia merkatu ona da sagardoarentzako, hemen saldu egiten delako. Azpeitian jendeak ez du sagardoa probatu bakarrik egiten, edan ere bai".

Azpeitiko Sagardoaren Egunak berezitasun bat ere baduela azaldu dute antolatzaileek, alegia, sagardozale bakoitzak arduradun bat ekarri behar izaten du sagardo txapelketara: "Guk ez dugu onartzen sagardogileek sagardoa bidaltzea eta guk ateratzea. Laguntzailea behar badute jartzen zaie, baita tresnak ere: baldeak, izotzak... Baina sagardoa ateratzeko ardura sagardogileak hartu behar izaten du".

Txekor errearen, hegaluzearen eta gazta pintxoak egongo dira jateko, eta sagardoa edateko. Sagardogile bakoitzak hamabi botilako hamabi kaxa ekarriko ditu, eta horietako kaxa bat txapelketarako izango da. "Eguraldi normal samarrarekin" sagardo dena bukatu egiten dela azpimarratu du Lizasok. Kopa edota edalontzia aukeran izango da, eta bost euro balioko du bakoitzak. Aurten oparitxo bat jasoko dute edalontzia hartzen dutenek, sagardo txapelketaren 50. urteurrena delako. Azken urteetan ohi bezala, Santio egunez sagardoa eta pintxoak lasai dastatu ahal izateko mahaiak jarriko dituzte Azoka Plazan.

Uztailaren 18an, sagardo dastaketa

Sagardoak asko zor dio Azpeitiari, eta batik bat sagar ekoizpenagatik, Gipuzkoako sagardogileen Elkarteko koordinatzailearen arabera. Ekoizpenean emandako dibertsifikazioa eta barietatea azpimarratu ditu Mitxelenak, eta uztailaren 18rako antolatutako dastatzea Euskal Herri mailakoa izango dela adierazi du. Dastaketan egun sagardoarekin ekoizten diren askotariko produktuak dastatzeko aukera izango da, eta produktu bakoitza pintxo batekin lotuko dute, "produktuari egokien dihoakion pintxoarekin". Ordubeteko iraupena izango du dastaketak, 19:00etan hasita. Zortzi sagardo mota dastatzeko eta zazpi pintxo jateko aukera izango da. Sarrerak 5 euro balio ditu eta salgai daude Elikagunean, agortu arte. 40-50 lagunentzako tokia izango da dastaketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide