11 urte joan dira Azpeitiko Udalak Erdikaleko lokal hutsak argazki zaharrekin apaindu zituenetik. Zuri-beltzezko argazki haietako asko, hondatuago edo osoago, gaur arte egon dira jarri zituzten erakusleihoetan. Gaurtik, ordea, beste argazki batzuek hartuko dute haien lekua, eta egitasmoa Erdikaletik Alde Zahar osora zabalduta, erakusleiho gehiagotan ere jarriko dituzte argazkiak.
Azpeitiko Udalak, Bertan merkatarien elkartearekin, Azpeitiko Argazki Elkartearekin (AAE) eta herriko bi argazkilaritza saltokiekin elkarlanean, eta Europako Batasunaren dirulaguntza bat baliatuta, Alde Zaharrean hutsik dauden hamazazpi lokaletako erakusleihoetan jarriko ditu argazkiak. 2013ko ekimenaren "helburu bera" du 2024ko egistamoak, Bertaneko Xabi Aldalurrek azaldu duenez. "Zoritxarrez, gero eta lokal huts gehiago daude, horiek kaleen eta inguruko merkataritzaren irudia eskasten dute", dio Aldalurrek. Irtenbide "ideala" lokal hutsak negozio berriz betetzea dela ahaztu gabe, hori horrela ez den kasuetan "erakusleihoak argazki politekin binilatzea da horri aurre egiteko aukeretako bat".
Duela hamarkada pasa jarri zituztenak aspaldiko Azpeitiko argazkiak baziren, orain jarriko dituztenek gaur egungo Azpeitia islatuko dute; bereziki, herriko festak. Hain zuzen ere, argazkiak tematikoki banatu dituzte, eta kale bakoitzean gai edota festa bati lotutako argazkiak jarriko dituzte; Erdikaleko argazki berri guztiak karnabaletakoak dira, esaterako. Eta orain arte erakusleihoetan egon diren argazki zahar guztiak zuri-beltzezkoak baziren, berri gehien-gehienak koloretakoak dira, "bizitasun hori emateko"; karnabaletako sokamuturrarenak, AAEkoen lehiaketara derrigorrez zuri-beltzean aurkeztu behar izaten diren horiek, dira salbuespena. Argazki guztien barrenean ageri da egilearen izena, eta AAEren logoa ere bai, elkarteko kide direnen kasuan.
Bertanek eta udalak hutsik dauden saltokien zerrendatik tiraka iritsi dira azkenean argazkiekin apainduko dituzten hamazazpi lokaletara. Argazkiak non kokatu erabakitzerako rizpideei dagokienez, "pasoko tokiak" lehenetsi dituzte; eta horien barruan, itxura zaharkituena zutenak hautatzen ahalegindu dira. Hala ere, jabe batzuek nahiago izan dute argazkirik ez jartzea, beste batzuetan neurri arazoak izan dituzte... Hasierako asmoak eta aurreikuspenak "moldatzen" joan direla azaldu du Aldalurrek.
Argazkietan, gaur jarri dituzten lehendabiziko irudietako batzuk ikus daitezke, baita biniloak jartzen ari diren beharginak ere, lanean.