Hilaren 25ean ospatuko dute Santio eguna Azpeitian, eta urtero legez, Urolako Napar Zuzterrak taldeak egun hori baliatuko du nafartasunari gorazarre egiteko. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute, eta goizean goizetik hasita izango dira Azpeitian egunarekin lotutako ekitaldiak.
Mirari Bereziartua Urolako Napar Zuzterrak taldeko kideak azaldu duenez, "nor garen ohartzeko" antolatzen dute egun hori. "Euskalduntasuna hizkuntzarekin bakarrik lotu ohi izan dugu, baina herria den nazioa edo nazioa den herria historiatik elikatzen da".
10:55ean hasiko dute ospakizun eguna: Perez Arregi plazan elkartuko dira Urolako Napar Zuzterrak taldeko kideak, baita zenbait gonbidatu ere. Aurten, esaterako, pregoia Xabier Irujok irakurriko du. Irujo ez ezik, dantzariak eta Kantujirako kideak ere batuko dira festara.
Behin elkartuta, kalejiran, musikaren erritmoan, Erdikaletik egingo dute herriko plazarainoko bidea. 11:00 aldera helduko dira plazara, hain zuzen, eta bertan ekingo diote ekitaldi nagusiari. Nafartasunari gorazarrea egingo diote lehendabizi, eta ondoren, Luis Beltzaren Ikasberri ikastolako gurasoen dantza eskolakoek zortzikoa dantzatuko dute. Jarraian, Azpeitiko Udalari eskertza egingo diote, besteak beste, Habitat erakusketaren harira instituzioak erakutsitako "babesagatik eta prestutasunagatik". Horretarako ardura Nabarralde fundazioko Iñigo Larramendik izango du. Horrez gainera, Manuel Agirretxek aitortza egiteko espresuki prestatutako bertsoak abestuko ditu.
Ondoren, berriro zortzikoa dantzatu ostean, Xabier Irujok hartuko du hitza, eta pregoia irakurriko du guztien aurrean. Amaitzean, Amaia Aranagak hartuko dio lekukoa Irujori, eta Nafarroako jota abestuko du. Ondoren, Tafallako jota dantzatuko dute dantzariek.
Plazako ekitaldia amaierara heltzen joango da orduan, eta tarte hori baliatuko dute laguntzaile guztiei eskertza egiteko. Aurretik, ordea, Txoriak txori abestia kantatuko dute guztiek elkarrekin.
Amaitzean, etorri bezala joango dira dantzariak, txistulariak eta gainerako herritar guztiak Sanagustinera: kalejiran, alegia. Bertan, hamaiketakoa egingo dute, eta, 14:00etan, bazkaria. Bazkarira joateko, ordea, izena eman behar da aurretik, Urolako Napar Zuzterrak taldeko kideren batekin harremanetan jarrita.
Txerokiak
Bereziartuak azaldu duen moduan, Txerokiek, beraien herria desagertzeko beldurrak bultzatuta, ikerketa bat abiarazi dute –bertan lanean ari dira, besteak beste, Xabier Irujo eta Regina Duarte–. Proiektuak hainbat helburu ditu, hala nola ikastolen mugimenduan parte hartzeak norbanakoen eta kolektiboen identitatean eta osasunean izandako eragina aztertzea. Proiektuaren barruan, hainbat herritar elkarrizketatuko dituzte hilaren 24an Azpeitian. Elkarrizketa horietatik kanpo, ikastolekin izandako esperientzia kontatu eta bide batez proiektuan parte hartu nahi duen orok izango du horretarako aukera, idatziz: horretarako naparzuzterrak@ gmail.com helbidera idatzi behar da –esperientzia guztiak anonimoan jasoko dira–. Egun berean, arratsaldean, Xabier Irujorekin solasaldia izango da.
Egitaraua:
Uztailak 25, osteguna
- 10:55. Kalejira, Perez Arregi plazatik hasita herriko plazaraino.
- 11:00. Ekitaldi nagusia, herriko plazan.
- 14:00. Bazkaria.