Amaitu dituzte Madalena auzoko berdegunea eraikitzeko lanak

Unax LarraƱaga 2024ko uzt. 23a, 12:10

Atzo aurkeztu zuten eremu eraberritua aldundiak eta udalak, eta bertako lanen eragin positiboa azpimarratu zuten. Ikastetxeentzat hezkuntza lekua eta aisialdirako zein turismorako leku gisa aurkeztu dute eremu berdea. 45.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.

Madalena auzoko berdegunea eraikitzeko lanak amaitu dituzte eta ermuaren aurkezpena egin zuten atzo. 2023ko maiatzean aurkeztu zuen proiektua Azpeitiko Udalak, eta urte horretako urrian hasi zituzten lanak.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Joanes Amenabar ingurumeneko zinegotziak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Madalena auzoko eremu degradatuko obren amaiera bisitatu zuten atzo, bertan lehengoratze ekologikorako proiektu bat gauzatu baitute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Azpiegitura Berdeen dirulaguntza lerroaren bidez finantzatu dute proiektua, 45.000 euroren bitartez, eta azpiegitura berdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia nabarmendu dute, "ekosistemak leheneratuz eta Azpeitian garapen jasangarria sustatuz". Ekimena, era berean, Next Generation funtsek finantzatzen dute, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.

Lanek 3.882 metro karratuko azalera hartu dute guztira, eta eragin positiboa izan dute 28.055 metro karratuko azaleran, hiru baso autoktono mota berrituz: hariztia, haltzadia eta artadia. Era berean, proiektuaren lehen fasearen bitartez, landaredi autoktonoari buruzko "hedapen, dibulgazio eta sentsibilizazio" espazio bat sortu dute, "bisitarientzako museo bizi bat eta herriko ibilbide turistikorako euskarri gehigarri" bat bihurtuz.

Eraberritutako eremuak mintegi txiki bat, putzu bat, naturan ikasgela gisa erabiltzen den harmaila bat eta Urola ibaiaren behatoki bat ditu. Eremu berri horiek aukera ematen diete bertakoei zein bisitariei tokiko flora hurbiletik ezagutzeko, ingurumen kontzientzia sustatzeko eta tokiko basoak kontserbatu eta birsortzearen garrantzia hobeto ulertzeko.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak horrelako proiektuen garrantzia azpimarratu du: "Azpiegitura berdeak funtsezkoak dira gure ekosistemen jarraitutasun ekologikoa bermatzeko, eta paper garrantzitsua betetzen dute klima aldaketaren aurkako borrokan, horiek baitira CO2 hustutegi nagusiak. Azpeitiko Madalena auzoan gauzatutako proiektu honek eremu degradatu bat birgaitzeaz gain, hezkuntza eta sentsibilizazio espazio bat sortzen du herritarrentzat. Gure ongizatea, osasuna eta ekonomia ekosistemen kontserbazio egoeraren mende daude, eta horrelako ekimenek erakusten dute Gipuzkoaren etorkizun jasangarriarekin dugun konpromisoa”.

Bestalde, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak proiektuak Azpeitiko udalerriari balio handia ematen diola nabarmendu du: “Historikoki, Azpeitiko herritarrok ez dugu ohitura handirik izan Madalena ingurua bisitatzeko, baina amaitu berri diren lan hauei esker, erdigunetik hain hurbil dagoen eremu hau biziberritu egingo da eta garrantzi handia hartuko du. Proiektu honek hainbat arlo hartzen ditu bere baitan: bertako landaredia sustatzea eta ezagutaraztea ez ezik, ingurumenarekiko sentsibilizazioan ere berebiziko garrantzia izango du. Nahiz eta Azpeitian dagoeneko hainbat ditugun, berdeguneak sortzea ongi etorria da beti, batez ere lehen degradatuta zegoen eremu batean. Gune hori erabilgarria izango da ikastetxeentzat, hezkuntza leku bat eskainiz, eta aisialdirako eta turismorako ere balioko du, gure komunitateari are balio handiagoa emanez”.

Azpeitiko Udalak Urola bizirik ingurumen taldearekin, Ekopasaia enpresarekin eta Asmatu ingeniaritzarekin izandako lankidetzari esker egin ahal izan da proiektua. Ekimenaren barruan, tokiko zuhaixka espezieak landatzea, bertako floraren egitura berreskuratzea, auzo baratzeen kultura paisaia berroneratzea, hariztia hedatzea eta gainazaleko geruza iragazkor bat sortzea sartu dira.

Lehengoratze horren alderdi berritzaileenetako bat inguruko baso naturalak birsortzeko landareak ekoizteko mintegi bat sortzea izan da. Mintegi horrek eremua berreskuratzen lagunduko du, eta azpiegitura berdeen garrantziari buruzko hezkuntza eta sentsibilizazio zentro gisa balioko du. Gainera, landare inbaditzaileak kentzeko lanak egin dituzte, eta oinezkoentzako ibilbideak sortu dituzte, naturgunera iristea erraztuz. Mendi bideekiko loturak hobetu dituzte, naturarekin lotutako aisia aktiboa sustatuz.

(Argazkiak: Nerea Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide