Urrezkoa da Azpeitiko Sagardo Eguna, berezko ezaugarriekin

Nerea Uranga 2024ko uzt. 24a, 09:25

Bixente Unanue, Joxe Ibarreta eta Xebastian Lizaso, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak taldekoak. (Nerea Uranga)

Bihar, Santio egunaren barruan, sagardo txapelketaren 50. aldia egingo dute. Estimatua da Azpeitiko Sagardo Eguna, bai sagardogileentzat eta bai sagardoaren zaleentzat ere.

Azpeitiko Sagardo Egunak urtemuga berezia ospatuko du bihar, 50. aldia. 2017an Azpeitiko Udalak argitaratu eta Laxaro Azkunek idatzitako Sagardoa Azpeitian liburuan jasotako datuen arabera, 1973ko San Inazio hirugarrenean, abuztuaren 2an, egin zuten lehen sagardo txapelketa, plazan. Gerora, Azoka Plazan antolatu zuten hainbat urtez; bai, behintzat, 1981etik 1996ra. 1997. urtean berriro aurreneko aldiaren tokira –plazara- lekualdatu zuten, eta bertan egin da ordutik. Tokiz bezala, egunez ere aldatu zuten Sagardo Eguna: 1993ra artekoak San Inazio hirugarrenez edo abuztuaren 3an ospatu zituzten, baina 1994tik Santio eguneko ekitaldi nabarmenenetakoa bihurtu da.

Gaur egun, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak taldeak du Sagardo Eguna antolatzeko ardura. Hala adierazi du taldeko kide Xebastian Lizasok: "Santi Lazkanok-eta taldea utzi zutenetik, kuadrillatxo bat biltzen gara. Bixente Unanue, Joxe Ibarreta, Aitor Lazkano eta laurok gara azken boladan gabiltzanak. Idazkari lanak, berriz, Aitorren alabak egiten ditu".

Azpeitiko Sagardo Egunak sagardo dastaketa eta txapelketa biltzen ditu. "Beste hainbat tokitan txapelketa edo dastaketa bakarrik egiten dute, saririk eta epaimahairik gabe. Gurean, berriz, biak egiten dira Sagardo Egunean", azaldu du Unanuek.

Baldintzak

Txapelketa antolatzen hasi orduko, sagardogile bakoitzari parte hartzeko baldintzekin gutun bana helarazten diote. "Baja eman nahiko balute, garaiz adierazteko eskatzen diegu. Izan ere, toki mugatua dago, eta sagardogileen itxaron zerrenda dugu, Azpeitira etortzeko gogoz dauden sagardogileak badirelako. Sagardo asko kontsumitzen den herria da Azpeitia, sagardozalea, eta sagardotegientzako erakusleiho ona da Sagardo Eguna", nabarmendu du Lizasok.

Berezko ezaugarriak ere baditu Azpeitiko sagardo txapelketak: sagardogile bakoitzak hamabina kaxa eraman behar izaten ditu, eta botila guztiak bere etiketarekin, dastaketako nahiz txapelketako sagardoa berdinak izateko. "Ez dugu onartzen kaxa bat lehiaketarako bereizita ekartzea, herritarrek postuetan edango dutena eta epaimahaikoek dastatuko dutena sagardo bera izatea nahi dugulako. Beraz, kaxa pilotik guk hartzen dugu bat txapelketarako, eta txapelketa hasi aurretik, etiketak guk geuk kentzen dizkiegu botilei", azaldu du Lizasok.

Beste baldintzetako bat honakoa da: sagardogile bakoitzak arduradun bat bidali behar izaten du Azpeitiko Sagardo Egunera: "Sagardozaleak berak ekarritako sagardoaz arduratu behar izaten du, baita tenperatura egokian herritarrei zerbitzeaz ere. Era horretara, aitzakiarik ezin dute izan beren sagardoa epelegia edota hotzegia atera zaielako herritarrei".

Sagardogileek bezala, sagardozaleek ere Azpeitiko Sagardo Eguna estimatua dute; hala azpimarratu du Lizasok: "Herritar asko biltzen da egun horretan sagardoaren bueltan, baina urtero-urtero kanpotik etortzeko ohitura dutenak ere ugari dira".

Sagardo Eguna

Hona hemen, Azpeitiko Sagardo Egunaren hainbat datu eta jakingarri, parte hartuko dute sagardogileen zerrendarekin batera:

Sagardo postuak. Txapelketan parte hartuko duen sagardogile bakoitzak bere sagardo postua izango du plazako arkupeetan.

Botilak. Sagardotegi bakoitzak hamabi sagardo kaxa ekarriko ditu plazara, eta kaxa bakoitzak dozena sagardo botila ditu. Guztira, 3.312 sagardo botila banatuko dituzte bihar Azpeitiko Sagardo Egunean.

Edalontzia edota kopa aukeran. Bost euro balioko du sagardoa edateko kopa edota edalontzi bakoitzak. Hori eskuratzeko postua plazan egongo da.

50. Sagardo Txapelketa

Txapelketan parte hartuko duten sagardogile guztiak Gipuzkoakoak dira. Hauek dira:

  • Aburuza (Aduna).
  • Alorrenenea (Astigarraga).
  • Altzueta (Hernani).
  • Añota (Azpeitia).
  • Urdaira (Usurbil).
  • Astiazaran (Zubieta, Donostia).
  • Itxasburu (Hernani).
  • Barkaiztegi (Martutene, Donostia).
  • Ekain (Ibañarrieta, Zestoa).
  • Igeldo (Igeldo, Donostia).
  • Egi-Luze (Errenteria).
  • Etxeberria (Astigarraga).
  • Gaztañaga (Andoain).
  • Irigoien (Astigarraga).
  • Lizeaga (Astigarraga).
  • Oiarbide (Astigarraga).
  • Eula (Urnieta).
  • Petritegi (Astigarraga).
  • Ola (Irun).
  • Rezola (Astigarraga).
  • Oiharte (Zerain). Sagardozale hau berria izango da aurten Azpeitiko Sagardo Txapelketan.
  • Izeta (Aia).
  • Zabala (Aduna).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide