Irati Aranbarri: "Ez gara kontziente daukagun aberastasunaz"

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 26a, 09:04

Irati Aranbarri lanean, Munoaundiko aztarnategian. (Utzitakoa)

Munoaundiko indusketetan lanean ari da azkoitiarra, Euskal Herriko eta Espainiako beste hainbat boluntariorekin batera, Aranzadikoen udako urteroko kanpainan. Bihar bisita gidatua egiteko aukera izango da Azkoitia eta Azpeitia arteko Burdin Aroko herri harresituaren aztarnetara.

Orain arte ikasitako teoriaren zati bati praktika gehitzen ari zaio Irati Aranbarri (Azkoitia, 2003), Historiako gradua bukatzeko falta zaion azken ikasturtea hasi aurreko udan. Etxetik bertan, Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundiko indusketetan ari da lanean, Aranzadi zientzia elkarteko kideen aginduetara, Burdin Aroan han kokatu zen herri harresituaren aztarnategian. Hemeretzigarren indusketa aldia du uda honetakoa Aranzadik Munoaundin; uztailaren 15ean hasi ziren lanean eta abuztuaren 3ra arte jarraituko dute.

Lehen aldia al duzu Munoaundiko indusketetan?

Bai. Iaz tentatuta egon nintzen, baina ez nuen oso ondo jakin izan izena emateko zer egin behar nuen. Aurten bai, beharrezko informazioa lortu nuen, eta izena eman ere bai.

Zergatik nahi zenuen indusketa lanetan aritu?

Unibertsitatean, arkeologiarekin lotutako ikasgaiak gustatzen zaizkit, betidanik erakarri izan nau arkeologiak. Baina, finean, unibertsitatean ematen dena teoria da, eta teoria ondo menderatu arren, teorikoki ikasitako hori praktikan jarri arte, ez dakizu benetan zer den. Iruditzen zait arkeologiaren gisako jardueretan garrantzitsua eta beharrezkoa dela alderdi praktikoa ere jorratzea.

Jauzi handia al dago teoriatik praktikara? Baliagarria al zaizu teoria egunotako lanerako?

Zertan ari garen jakiteko eta kontzeptuak zein zenbait gauza erlazionatzeko, bai, balio izan dit ikasitakoak; baina berez, gu egiten ari garen indusketa lanean aritzeko ez da derrigorrezkoa teoria jakitea. Adibidez, gure boluntario taldean badago teoria oinarririk jaso ez duen eta arkeologia zer den praktikaren bidez ezagutzen ari den jendea. Izan ere, indusketako zuzendarien esanetara aritzen gara gu. Haiek oso lan ona egiten dute, egundoko gaitasuna dute, eta pazientzia ere bai, hor elkartzen garen boluntario denei erakusteko. Oso erraza da haiekin ikastea.

Zenbat boluntario zabiltzate indusketa lanean? Arlo berekoak al zarete denak?

Aurreko astean hogei ibili ginen, eta aste honetarako 25 elkartu gara. Historiako gradua egiten ari garen hainbat ikaskide gaude, esaterako, baina baita Arkeologia gradua ikasten ari diren Madrilgo batzuk, gu bezala Historia ikasten ari den Sevillako [Espainia] beste bat, baita Historiako graduari datorren ikasturtean ekingo dion bat ere.

Nolakoa da lan egun bat Munoaundiko indusketetan?

Munoaundiko indusketa gunea bi zatitan banatuko nuke: batetik, etxebizitzak azaleratzen jarraitzen duten zatia dago; eta bestetik, gunearen iparraldeko zatia, katak egiten ari garen tokia. Bietan lanaren helburua bera izan arren, egiturak eta materialak topatzea, lan egiteko modua ez da bera batean zein bestean. Hegoaldeko etxebizitzetan lan egiteak tentu handiz aritzea eskatzen du: zeramikak daude, ikatza... eta horiek ondo jaso behar dira. Katak egitea, berriz, lagin-zuloak egitea eta horietatik lur geruzak ateratzen joatea da, nagusiki.

Zer zenekien Munoaundiz indusketetan parte hartu aurretik?

Munoaundin izanda nengoen, baina inoiz ikusi gabea nintzen han dagoena, urtean zehar estalita egoten delako indusketa gunea. Han dauden panelen bidez informazioa banuen lehendik, eta unibertsitatean egin behar izan ditugun proiektuetarako gehiago sakondu dut Munoaundiren gaineko informazioan.

Munoaundiko indusketa gunearen berezitasunen bat aipatzekotan, zer aipatuko zenuke?

Aurkitu dituzten objektuak. Labea nabarmenduko nuke, adibidez, nahiko bitxia baita. Pisu txiki bat ere aurkitu zuten, zenbait bitxi ere bai, fibula bat... Zeramika zatiak ere agertzen dira, baina horiek ez dira aurrez aipatutako horiek bezain ondo kontserbatuta egoten, lurra oso azidoa delako.

Etxetik gertu egoteak eraginik izan al du zuk Munoaundi aukeratzeko?

Ilusioa egiten zidan Munoaundin lan egiteak, neu azkoitiarra naizelako eta gertu dudalako ere bai. Egundoko ondarea daukagu hemen bertan eta ez gara benetan kontziente. Indusketa batean nire lehen esperientzia izanik, aukera ona eta egokia iruditu zitzaidan Munoaundi. Hala ere, badaude aztarnategi interesgarri gehiago; adibidez, gustatuko litzaidake Praileaitzen lan egitea, edota kanpora joatea. Une honetan Burdin Aroarekin nahiko buru-belarri nabil.

Indusketa lanetan berriro aritzeko asmoa baduzu, beraz.

Bai, gustatuko litzaidake, batik bat, esperientzia irabazteko modu bat delako. Praktika hauekin ikasgai bat baliozkotzen digute ikasturtean, eta beste ikasturteetan ez nuke edukiko ezer baliozkotzeko, baina hala ere, parte hartuko nuke beste indusketaren batean.

Lan gogorra al da?

Bai. Indusketa gunean ordu asko jarduten gara eta han bero handia egiten du. Ni, adibidez, kata zonaldean aritu naiz asko, eta horkoa lan fisikoa ere bada. Baina eramangarria da, ondo zaintzen gaituzte eta ez gaituzte derrigortzen, ahal duguna egiten dugu. Gainera, bat eginda aritzen gara erabat, oso giro ona daukagu, eta lanean ari garenean inor ez dago besteen gainetik. Horrek asko laguntzen du gure arteko harremanetan.

Zer aurkituko dute biharko bisita gidatuko parte hartzaileek?

Esan bezala, ez gara benetan kontziente Munoaundin daukagun aberastasunaz. Ez gara jabetzen hor zer gizarte mota bizi izan zen. Joera daukagu gure aurreko gizarte guztiak gurea baino askoz atzeratuagoak zirela pentsatzeko; baina Munoaundin azaleratutako harresia eta gainerakoak ikusita, nabarmena da han bizi zirenak ez zirela makalak. Bihar, urtean zehar estalita egoten dena ikusteko aukera izango da, eta indusketak nola egiten ditugun ere ikusiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide