Musika, dantza, eta festa giroarekin hasi dute Umeen Eguna

Unax LarraƱaga

Goiz eresiarekin eta korporazio txikiarekin hasi da Umeen Eguna. Ondoren, erraldoien kalejira eta dantza txapelketa egin dute plazan. Aurtengoan Barañaingo (Nafarroa) Espelur taldea eta Iruñako alde zaharreko konpartsak nagusitu dira lehiaketan. Eguerdian eta arratsaldean jarraituko du festak herrian.

Goizean hasi dituzte Umeen Eguneko ekitaldiak. Itsasi dantza taldeak eta Luix Beltza dantza suelto eskolak antolatutako umeen korporazio txikiarekin. Goiz eresia egin dute 11:00etan hasita, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Musika Banda Gazteak lagunduta.

12:00etan, berriz, erraldoien txanda izan da: aurrena dantza saioa egin dute, eta ondoren, sari banaketa. Aurtengoan Barañaingo (Nafarroa) Espelur taldea nagusitu da taldekako dantza txapelketan. Iruñako alde zaharreko konpartsa izan da, aldiz, banakako dantza txapelketan nagusitu dena. Diru saria izan dute biek ala biek.

Segidan egin dute kalejira parte hartu duten herri guztietako erraldoiek dultzain doinuekin: Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek, Hondarribiakoek, Oriokoek, Lazkaokoek, Zizur Nagusikoek, Urrestillakoek eta Azpeitikoek.

Eguerdian eta arratsaldean jarraituko du festak herrian, izan ere Marea Arroxak antolatutako ekitaldien txanda izango baita jarraian. 14:30ean elkartu dira ekintzetarako izena emanda dauden haurrak eta begiraleak, eta ostean bazkaria egingo dute Plazan. Gero jolasak eta kalejira egingo dituzte.

Handik aurrera, berriz, 18:30ean hasita, desenkajonamendua egingo dute zezen plazan, eta 22:30ean, ETS taldearen kontzertua izango da plaza nagusian.

Hona hemen gaurko egitaraua:

14:30. Herriko haur eta gaztetxoekin bazkaria, plazan.

15:30. Haurrekin jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean.

18:30. Desenkajonamentua, Zezen Plazan.

22:30. Kontzertua: ETS taldea. Plazan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide