Idazlea eta kazetaria izateaz gain, Kattalin Miner (Hernani, Gipuzkoa, 1990) Eihera kooperatibako kidea ere bada. Eiherak eraldaketa feminista eta LGTBI prozesuak diseinatzen eta garatzen ditu, eta, aurten, Oihu bat isiltasunean liburua aurkeztu du, eta Azpeitiko LGTBI komunitatekoen istorioak, iritziak eta etorkizunean hartzeko neurriak jasotzen ditu. Urtea bukatu baino lehen Arrasaten, Pasaian eta Aretxabaletan ere egingo dituzte pareko lanak.
"Herri honetan gauza asko pasatu dira!", zioen azpeitiar batek Oihu bat isiltasunean lanerako. Zer pasatu da Azpeitian?
Pasatu direnak baino gehiago, kontatu ez direnak dira garrantzitsuak. Isiltasun handiko herri batekin topo egin dugu, hitz egiteko beharra zuen herri batekin, eta isiltasun klima izan da desberdina. Parte hartzaile guztiak oso eskuzabalak izan dira, eta udalari lan egiteko jarrera ikusi diogu.
Izenburuak berak asko esan nahi du. Herriko LGTBI komunitateari ahotsa ematea izan da lanaren helburuetako bat?
Bai. Elkarrizketak transkribatzerakoan konturatu ginen hitz egiteko beharra zegoela. Guk uste genuen tabu gehiago izango zela, baina kontrakoa izan da, askok hitz egin nahi zuten. Pertsona ahaldunduak topatu ditugu.
Emaitza erradiografia bat da. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?
Ondorio nagusietako bat da isiltasun handia eta bakardade sentsazioa egon dela duela gutxira arte, eta kanpora joateak aukera eman diola jende askori bere burua garatzeko eta herria beste leku batetik ikusteko.
Sexilio kontzeptua aipatu da. Zaila da herri txiki batean LGTBI komunitateko kide izatea? Zergatik?
Arau itxiak dauden tokietan zailagoa da garatzea. LGTBI pertsona ia gehienek harremana daukate beraien jaioterritik kanpora. Baina gure galdera zen ea Azpeitia bizigarria den LGTBI pertsonentzat, eta hor zalantzak zituzten. Isiltasunak bakardade sentsazioa areagotzen zuen. Diagnostikoa eta gero espero dugu bizigarriagoa izatea.
(Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean)