Joan den ostiralean bukatu ziren aurtengo saninazioak, eta Azpeitiko Udalak gaur egin du, ohar bidez, Santio eta San Inazio jaien ondoren urtero egin ohi duen balantzea. Aitzakiarik gabeak izan dira festak udal arduradunentzat, eta festetako egun guztietan kalean "sekulako giroa" egon dela nabarmendu dute.
"Herritarren erabakiz txupinazoa azokara etortzen diren baserritarrek bota izana eta euskal taldeen kontzertuak" aipatu ditu udalak aurtengo jaien bereizgarrien artean. Hain zuzen ere, txupinazoarena izan zen jaietako unerik "hunkigarrienetakoa" Mikel Odriozola Fesa batzordeburuarentzat: "Herritarrek aitortza bat egin nahi izan diete astero-astero azokara etortzen diren baserritarrei. Horietako asko udaletxean izan ziren San Inazio bezperan, eta giro berezia bezain polita sortu zen".
Plazako kontzertuetan "jendetza"
Euskal talde eta bakarlari ezagunenetakoek bete dute aurten tokiz aldatu duten plazako agertoki nagusia santioetan eta saninazioetan. Kontzertu handi horien aldeko "apustua" egin du aurten udalak, eta emaitzarekin gustura dago Odriozola, ETSk, Izarok zein Zetak-ek plaza betetzea lortu dutelako: "Jendetza izan da kontzertuetan; adin guztietako jendea, gainera. Ondo pasatzeko gogoa igartzen zen, eta leporaino beteta, itxura ikusgarria izan du plazak kontzertuetan". Bigarren urtez jarraian, plazako kontzertuetarako aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gunea prestatu dute kioskoan. Horri dagokionez, "aurrera begira ere horrelako pauso gehiago ematea" nahiko lukeela adierazi du Festa batzordeburuak, "denek izan dezaten festez gozatzeko aukera".
Plazaren gauetako betekadak eta giroa nabarmenduta, jaietako gainerako ekintzek izan duten harrera ere ez du ahaztu nahi izan Odriozolak. "Gauez ez ezik, goiz eta arratsaldetan ere jende ugari ibili da programako bestelako ekitaldietan nahiz kaleetan", adierazi du.
Eskerrak emateko abagunea
Ildo beretik, uztailaren 20tik abuztuaren 2a bitartean izan diren festako hitzordu eta ekitaldi ugarien egokitasuna nabarmendu nahi izan du zinegotziak, baita herriko eragileen parte hartzea eta konpromisoa goraipatzea ere: "Uste dut adin eta interes guztiak asetzeko moduko eskaintza egon dela, eta beste behin esan nahiko nuke hori herriko eragileek egiten duten lanari esker dela. Elkarlanean antolatzen dira saninazioak, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut halako borondatea jartzen duten hainbeste eta hainbeste eragilerentzat".
Era berean, "festa egunetan lan egiten duten guztien esfortzua" eskertu du Odriozolak, bereziki atzeko edo ezkutuko lanetan aritzen diren udal langileena: "Brigadako langileek, kale garbitzaileek, eraikin garbitzaileek, udaltzainek, udal teknikariek eta abarrek ikusten ez den lan handia egiten dute, herritarrek festez gozatu ahal izateko".
Eraso salaketarik ez
Festen balantzean udalak azpimarratu duen bestea da inongo eraso salaketaren berririk ez dutela izan ez santioetan, ez saninazioetan, eta "alde horretatik ere gustura" daudela dio Festa batzordeburuak.
Danok eo iñor ez kanpaina eta gauetan Plaza Txikian martxan izan den puntu morea aipatu ditu udalak, eta inklusioaren arloan bezala, kanpaina horietan "sakontzeko" asmoa adierazi du.