Miren Arrondo izango da Lagun Onaken emakumeen talde nagusiaren entrenatzailea

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 7a, 16:37

Miren Arrondo eta Andoni Altuna. (Lagun Onak)

Eguzkiñe Peñak eta Unai Urbizuk utzitako tokiak hartu dituzte Arrondok eta Andoni Altunak, hurrenez hurren, aulkian eta koordinatzaile lanetan. Talde nagusian aldaketarik ez da izango ia. Guztira emakumeen bost talde izango ditu aurten Lagun Onakek, 90 bat jokalarirekin.

Zuzendaritzak nahi baino luzeago jo du, baina Lagun Onak futbol klubaren emakumeen talde nagusiak badu, azkenean, entrenatzaile berria: Miren Arrondo (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994).

Futbolari ohia eta 15 urtez azpikoen Euskadiko hautatzaile izandakoa, Eguzkiñe Peñaren tokia hartuko du Arrondok Lagun Onaken aulkian. Ekainean jakinarazi zuten Peñak eta Unai Urbizu emakumeen taldeen koordinatzaileak ez zutela Lagun Onaken jarraituko, eta orduan jakinarazi zuten Andoni Altunak (Amezketa, 1976) hartuko zuela Urbizuren tokia. Herenegun elkartu zituzten biak, entrenatzaile eta koordinatzaile berria, aurkezpen argazkirako.

Aro berria

Emakumeen arloaren gidaritza guztiz berritu du Lagun Onakek eta, hain zuzen ere, aro eta proiektu berria martxan direla nabarmendu dute Altunak eta Iñigo Arregi klubaren presidenteak. "Nesken futbolari indarra ematea, denek jokatzeko aukera edukitzea eta, jokalari beraiek eskatutakoari jarraituz, zuzendaritzaren aldetik ere aitortza gehiago izatea". Horiek dira Altunak hartu duen ardura berrirako ezarri dituen lehentasunak. Azkenarekin lotuta, "nahi izaten dugu, baina, agian, ez gara beti ailegatzen", aitortu du Arregik, emakumeen arloa indartzeko eta duintzeko ahaleginak orain arte erdibidean gelditu izan zaizkiela onartuz. 2024-2025 denboraldiari begira, hasteko, emakumeek eta gizonek fisioterapeuta bana izango dute beren beharretarako; orain arte, gizonen taldekoa partekatzen zuten emakumeek. Proiektu berria martxan jartzearekin bat, emakumeen arloaren "egitura indartzea" da zuzendaritzaren helburua, Arregik azaldu duenez. Urbizuk eta Peñak azken urteetan egindako "lan bikaina" aitortu eta haientzako esker oneko hitzak ere izan ditu presidenteak

Altunak ondo ezagutzen ditu Lagun Onaken emakumeen arloko barrunbeak, urteak baidaramatza beheko taldeak entrenatzen. Kadeteen Ohorezko Ligara igotzea lortu zuten joan den sasoian, eta koordinatzaile lanak talde beraren entrenatzaile lanarekin uztartuko ditu Altunak 2024-2025 denboraldian. Aurreko sasoian senior mailako bi talde izan ditu Lagun Onakek, baina denboraldi berrian bakarra izatera itzuliko da; Arrondok zuzenduko duen Ohorezko Erregional Mailako talde nagusia izango da senior bakarra, eta, aldiz, kadete mailan bi talde izango ditu Lagun Onakek. Hiru horiei infantil mailako F11 eta F8 taldeak gehituta, guztira federatutako emakumeen bost talde izango ditu Lagun Onakek, 90 bat futbolarirekin; eta "ia beste horrenbeste" izango dira, seguru asko, izen ematea itxi berri duen futbol eskolako taldeetan ariko direnak.

Talde nagusian aldaketa gutxi

Aurpegi berri gutxi izango ditu taldeak. Joan den denboraldiko jokalari gehientsuenek taldean jarraituko dute. Ainhoa Maizek eta Irati Olaizolak talde utziko dute, eta badira arrazoi ezberdinak tarteko jarraitu ala ez zalantzan dauden jokalari batzuk ere, baina momentuz hemeretzi dira iaz taldean zeuden eta jarraituko dutela baieztatu dutenak.

Ohorezko Erregional Mailan goiko postuetan ibili da azken urteetan Lagun Onak. Kalitate mailan urrats bat aurrera egin eta Euskal Ligara igotzea izango da hurrengo helburua, baina horrekin "itsutu gabe", azpimarratu dute Arregik eta Altunak.

Abuztuaren 19an itzuliko da lanera Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onak, irailaren 21eko liga hasiera prestatzeko. Lehia ofiziala hasi aurretik, hiru lagunarteko jokatuko dituzte: abuztuko azken asteburuan, Zumaiakoren kontra jokatuko dute Azpeitian (eguna eta ordua zehazteko dituzte); irailaren 7an, Tolosaren kontra (Tolosan edo Azpeitian, ez dakite oraindik); eta irailaren 14an jokatuko dute denboraldiaurreko azkena, oraingoz aurkaririk zehaztu gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide