Eguzkiñe Peñak ez du jarraituko Lagun Onak futbol klubaren emakumeen talde nagusia entrenatzen, "klubaren zuzendaritzak hala erabakita". Berria sare sozialetan zabaldu du Azpeitiko futbol klubaren Ohorezko Erregional mailako taldeak. Horrez gain, jakinarazi dute Ane Camposek eta Jone Bastidak ere beren postuak utzi egingo dituztela. Bukatu berri duten denboraldian egin duten lanagatik eskerrak eman dizkiete gainontzeko taldekideek.
Azpeitia Guka Lagun Onakeko zuzendaritzako kide den Rikardo Amubietarekin harremanetan jarri da, eta hark azaldu dio Lagun Onakeko emakumeen futbol koordinatzaile postua utzi egin duela Unai Urbizuk, eta haren lekua Andoni Altunak hartu duela: "Andonik beste proiektu bat du, eta horregatik erabaki da emakumeen talde nagusiaren entrenatzailea aldatzea". Amubietak argitu du oraindik erabaki gabe dutela nork hartuko duen Peñaren tokia.
Eguzkiñe Peñak denboraldi bakarra egin du Lagun Onakeko Ohorezko Erregional maila entrenatzen. Aurrez, Unai Urbizuren alboan jardun zuen bigarren entrenatzaile gisa. Urbizuren lekukoa hartu zuen gero Peñak taldearen gidaritzan. Ane Campos bigarren entrenatzailea izan da, Jone Bastida hirugarrena eta Iraide Leunda delegatua. Maiatzaren 25ean agurtu zuen denboraldia Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak Oñatin (Gipuzkoa). Sailkapeneko laugarren postuan bukatu zuten.
Peñak Lagun Onaken jokatu zuen hainbat denboralditan entrenatzaile hasi aurretik, baina emakumeen futbolean punta-puntan aritutakoa da. Izan ere, Realaren lehen taldean sei denboraldi egin zituen 2010-2011 denboraldian hasita.