Urriaren 31ra arte eska daitezke etxebizitzetako energia eraginkortasuna, kontserbazioa eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak

Iraia Oteiza 2024ko ira. 5a, 09:30

Elizkaleko etxebizitzak. (Maialen Etxaniz)

200.000 euroko diru partida bideratuko du udalak laguntza horietara. Deialdiaren oinarrien arabera, lau kontzepturen barruan egin ahal izango dira eskaerak.

Azpeitiko Udala duela bi urte hasi zen energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obretarako, etxebizitzen kontserbaziorako eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko diru laguntzak ematen. “Etxeetako energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak egiten lagundu nahi diegu herritarrei; izan ere, inbertsio horiei esker, herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetzen dira, eta energia kostuak gutxitu”, adierazi du Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.

Azaldu duenez, laguntzek "arrakasta handia" izan dute aurreko urteetan. Iaz, adibidez, 77 onuradun izan ziren, eta deialdian aurreikusitako partida osoa erabili zuen udalak. “Laguntza nahiko berriak dira, eta ahalegin ekonomiko garrantzitsua eskatzen diote udalari. Hala ere, iruditzen zaigu benetan merezi duela inbertsio horiek sustatzen jarraitzeak, halako obrak kostu handikoak izanik, badakigulako laguntzarik gabe obra batzuk ez direla egingo", nabarmendu du Amenabarrek.

Lau motatako inbertsioak

200.000 euroko zenbatekoa onartu zuen udalak aurrekontuetan laguntza hauetara bideratzeko. Deialdiaren oinarrien arabera, lau kontzepturen barruan egin ahal izango dira eskaerak:

  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak. Batetik, etxejabekideen eremu komunetan irisgarritasuna hobetzeko lanak lagunduko ditu udalak, hala nola lehen aldiz igogailua instalatzea, lehendik dagoen igogailura iristeko bidea egokitzea, ateak edota pasabideak zabaltzea eta egokitzea edota mekanismoak ezartzea. Bestetik, 65 urtetik gorako edota mugikortasun urriko pertsonak bizi diren kasuetan, etxebizitza irisgarriago egiteko jabekideak etxe barruan egindako obrak ere lagunduko ditu udalak: bainugelak egokitzea (bainuontziaren ordez dutxa jartzea, euskarriak, bainurako eserlekuak, heldulekuak...), ateak zabaltzea eta segurtasun elementuak instalatzea.
  • Energia efizientzia hobetzeko lanak. Etxejabekideek eremu komunetan egindako obren kasuan, eraikinaren inguratzaile termikoa eta beharrezko isolamendua hobetzeko lanak lagunduko ditu udalak. Etxejabeak bere etxean egindakoen kasuan, berriz, energia eraginkortasuna hobetzeko eta etxebizitzaren inguratzaile termikoa hobetzeko obrak daude aurreikusita laguntzen oinarrietan.
  • Energia iturri berriztagarrien instalaziorako lanak. Laguntza lerro honen helburua autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera sustatzea da, eta horretarako beharrezko diren instalazioak lagunduko ditu udalak.
  • Eraikinen kontserbaziorako obrak. Honakoak izango dira lerro honen bidez udalak diruz lagundu nahi dituen obrak: teilatuak eraberritzeko lanak; Azpeitiko Alde Zaharra 1. HEn kokatutako eraikinetako fatxadak birgaitzeko eta pintatzeko lanak; eta etxebizitza eraikinen forjatuak, karga-hormak, portikoak edo zimendatzeak eta segurtasuna zaintzeko obrak.

Dirulaguntza eskaera urriaren 31ra bitartean egin beharko da Etxebizitza bulegoan (Enparan kalean) edota udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Kontzeptuen inguruko informazio gehiago eta eskaera orriak Azpeitiko Udalaren webgunean eskura daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide