Indarrean dago Alde Zaharreko etxebizitzetan hainbat hobekuntza egiteko aukera emango duen plan berezia

Iraia Oteiza 2024ko ira. 13a, 09:27

Azpeitiko Elizkaleko irudia. (Maialen Etxaniz)

Plan horrek jasotakoaren arabera, besteak beste, teilatupeetan etxebizitzak eta teilatuetan terrazak eraiki ahal izango dira. Bestetik, Alde Zaharreko etxeak salbuetsita egongo dira gutxieneko eguzki orduen araua betetzetik. Planaren xehetasun guztiak Azpeitiko Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

2022ko ekainean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hutsetik eraikitzen edota osorik berritzen diren etxebizitza eraikinek bete beharreko gutxieneko arauak jasotzen ditu dekretu horrek. Halaber, Azpeitiko Alde Zaharreko eraikinek arau horiek guztiak betetzea ezinezkoa zela iritzita, hainbat salbuespen eta beste gehigarri batzuk biltzen dituen plan berezia prestatu zuen udalak joan zen uztailean. Plan horrek jasotakoaren arabera, besteak beste, teilatupeetan etxebizitzak eta teilatuetan terrazak eraiki ahal izango dira, eta Alde Zaharreko etxeak salbuetsita egongo dira gutxieneko eguzki orduen araua betetzetik.

Joan zen uztailean egin zuen planaren berri emateko batzar irekia udalak. Haren ostean jakinarazi zituen proiektuaren hainbat xehetasun GUKAk. 

Urola ibai aldera eta Izarraitz aldera begira dauden etxebizitzetan, 1,10 metroko balkoiak egiteko aukera ematen du plan bereziak, eta barrura begira dauden kale jakin batzuetan ere balkoiak izan ditzakete etxebizitzek, baina altueraren arabera handiagoak edo txikiagoak. "Kale jakin horietan, lehendabiziko solairuko etxebizitzen balkoiek gehienez 20 zentimetrokoak izan beharko dute, kamioiei-eta pasatzeko tokia uzteko, eta bigarren solairutik gorako etxebizitzetan 60 zentimetrora arteko balokiak egiteko aukera jasotzen du plan bereziak". Eta balkoi edo terrazei lotutako beste berrikuntza bat izango da, terrazak egiteko aukera egongo dela teilatuan. "Nolabait azaltzeko, teilatua zulatu eta erdian terraza ateratzeko aukera egongo litzateke. Terraza hori izan daiteke komunitarioa, alegia etxepeko guztiena, eta gure ustetan egokiena litzatekeena, baina etxepe horretako auzotarrek hala erabakiko balute, izan liteke etxejabe bakar batena ere", adierazi zuen Joanes Amenabarrek, orduko hartan.

Orain, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, plan bereziak ez du alegaziorik jaso jendaurrean irakurgai egon den epean. Halaber, joan den asteartean egindako udalbatzarrean ere aho batez onartu zuten. Ondorioz, dagoeneko indarrean dago Alde Zaharreko lehen hirigintza eremurako plan berezia. Azpeitiko Udalaren webgunean kontsulta daitezke planaren xehetasun guztiak.

Plan berezi horren bidez "auzotarren bizi baldintzak hobetzeko asmoa" duela adierazi du udalak. “Legegintzaldi honetan, Alde Zaharrari bultzada handi bat emateko asmoa dugu. Datozen asteotan aurkeztuko ditugu martxan ditugun eta martxan jarri nahi ditugun neurriak. Horietako bat da plan berezi hau”, azaldu du Nagore Alkorta alkateak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide