Kulturaz kooperatibak sustatutako Grafiaz Betearen hirugarren edizioa hasiko da bihar, 18:00etan, Dinamoa sormen gunean. Aurreneko saioa Juan Luis Blanco tipografia diseinatzaile zumaiarrak gidatuko du.
Tipografia diseinatzailea zara. Zertan datza tipografia diseinatzailearen lanak?
Ez da erraza azaltzen. Oso modu laburrean esanda, tipografia digitalak sortzean datza, baina osagai asko daude horren barruan. Alde batetik, arlo estetikoa dago, diseinuari dagokiona. Hizki bakoitzaren forma sortzean datza. Bestetik, arlo teknologikoa eta teknikoa dago. Gailu guztietarako balekoak diren fitxategiak sortu behar izaten dira, tipografiak gailuetan erabili ahal izateko. Beti sortzen dira arazoak, izan gailua PCa delako, Maca delako, tipografia pantailetan ez delako ondo ikusten...
Askotan nahasten dira tipografia eta kaligrafia. Zertan bereizten dira?
Kaligrafiak zerikusia du idazkerarekin eta tipografiak ez. Tipografia gehiago da letrak sortzeko modu sistematikoa edo letrak inprimatzeko edo pantailan erakusteko prozesua. Aldiz, kaligrafia letrak egiteko modu artesanala da, betiko idazkera prozesua. Dena den, badute harremana; izan ere, tipografia sortu zenean Gutenbergen inprentarekin; orduko tipografiek garai hartako kaligrafian erabiltzen zituzten ereduak imitatzen zituzten. Hala ere, gaur egun bi diziplina desberdin dira, bata eskuz egiten da, eta bestea erabat sistematizatuta dago.
Zer hartu behar da kontuan tipografiak sortzerakoan?
Tipografia diseinatzea diseinu prozesu bat da, eta diseinu prozesu guztietan bezala, ezinbestekoa da aurrena bide orri edo helburu bat zehaztea; izan ere, oso zaila da diseinatzen hastea orri zuri baten gainean. Arte munduan bestelakoa da, baina diseinu grafikoan ezinbestekoa da nora zoazen jakitea. Helburua izan daiteke norberak ezarritakoa edo bezeroak ezarritakoa. Helburuak zehazten du norabidea. Horrez gain, kontuan hartu behar dira euskarrien nolakotasuna, testuingurua...
Hamar tipografia familia sortu dituzu. Nora joaten dira amaitutako lanak?
Batzuetan espero gabeko lekuetara iristen dira. Nire kabuz sortutakoak nire webgunean jartzen ditut salgai. Bukatuta eduki arte etekinik ematen ez duen lana da gurea. Badaude banaketa enpresak ere, eta horien bidez hainbat katalogotan jartzen dituzte tipografiak eskuragarri. Duela gutxi zorte handia izan dut, enpresa horietako baten bitartez Adoberen katalogoetara iritsi baita nire Harri tipografia. Hori da bide luzeena egin duen lana. Bezeroentzat enkarguz egindako tipografiak, berriz, haiei saltzen dizkiet espreski, eta haiek ikusten dute zer egin horiekin.
Ba al duzu proiekturik esku artean?
Proiektu handi batean ari naiz lanean, baina taldean egiten ari garen lana da, eta ezin dut ezer aurreratu. Proiektu hori tarteko, nire lanetarako denbora gutxi daukat uneotan, baina iritsiko dira horiek ere.
Tipografiak joera sozialetara egokitzen al dira?
Bai. Historikoki asma daiteke zein garaitakoa den tipografia klasiko bat, haren ezaugarriei begiratuta, baita XX. mendekoak ere. Tipografiek unean uneko garaira moldatu beharra dute, eta egokitzen dira, bi modutan. Alde batetik, estetikoki, eta, bestetik teknologikoki. Tipografiak saltzeko kontuan hartu behar da zer-nolako tendentziak dauden gizartean. Era berean, tipografiak teknologikoki ez dira duela 50 urtekoen berdinak. Teknologia oso azkar garatzen ari da. Gaur egun, irakurtzen ditugun ia testu guztiak pantailan irakurtzen ditugu. Ikusteko dago zer gertatuko den Inteligentzia Artifiziala sektorera iristen denean. Luze-zabal hitz egin dezakegu gaiaz...
Zer landuko duzu Grafiaz Betearen saioan?
Tipografia bat sortzeko gutxienez sei hilabete behar izaten ditut; beraz, ezinezkoa da bi orduko saioan prozesu osoa erakustea. Bertaratzen direnen interesen arabera moldatuko dut saioa, baina denetarik egingo dugu. Tipografiaren hastapenak eta oinarri teorikoak azalduko ditut, eta alde praktikoa ere izango du saioak. Era berean, nire lan batzuk erakutsiko ditut. Tipografia famatuak edo ezagunak ere izango ditugu hizpide, horietako hainbatek kontu bitxiak gordetzen baitituzte, eta hainbat harrituta geldituko da horiek jakitean.