Beste urte batez, Grafiaz Betea egitasmoa jarri du martxan Kulturaz kooperatibak, eta askotariko grafiak ezagutzeko aukera eskainiko dute datozen hilabeteetan. Tipografia, kaligrafia, pornografia, etnografia, kartografia eta eguzkigrafia landuko dituzte Dinamoan.
Aurtengoa Grafiaz Betearen hirugarren aldia da, eta orain arte landu ez dituztenak izango dituzte langai; izan ere, "arte grafikoetatik pixka bat aldendu" nahi izan dute: "Hirugarren ikasturte honetan arte grafikoetatik pixka bat aldendu eta beste grafia batzuk ezagutzera egingo dugu jauzi, mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak ditugulako begiz jota. Eta grafia guztiak izan baitaitezke lanerako iturri".
Iaz bezala, bonuak banaka eskuratzeko aukera izango da, baita bonu orokorra ere. Bonu orokorra lotura honetan eskuratu daiteke.
Irailaren 26an, tipografia
Irailaren 26an eskainiko dute Grafiaz Betearen edizio berriaren lehenengo saioa, eta tipografia landuko dute. Juan Luis Blanco zumaiarrak gidatuko du tipografiaren inguruko tailerra. Haren lanak ezagutu eta tipografia munduan izandako esperientziak partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Saioak hileko azken ostegunetan egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara.