Herenegun Azpeitiko Azoka Plazan Txiki eta Otaegiren hilketaren 49. urteurrena oroitzeko egin zuten Gudari Eguneko ekitaldi nagusiaren ondoren, Sortuk nazio ekitaldia egin du gaur, igandea, Azpeitiko Soreasu antzokian. Telesforo Monzonek idatzitako Batasuna kantuari tiraka, Irritzi bat dabil lelopean egin dute ekitaldia. Antzokiko areto nagusia goraino bete dute han bildu diren lagunek, eta askok eserlekuetatik kanpo jarraitu behar izan dute ekitaldia. Ezker abertzalearentzat "seinalatua" den 1975ko irailaren 27ko urtemuga gogoratu nahi izan dute Soreasun, baina etorkizunera begira ere jarri dira. "Inor bazterrean utziko ez duen Euskal Herri aske bat eraikitzeko engaiamendua" adierazi du Sortuk, eta horretarako, "borroka antifaxista eta abertzalea" uztartzen segitzeko konpromisoa berretsi du.
Oihana San Vicente Sorturen Nazio Kontseiluko kideak egin du hitzartze politikoa ekitaldiaren azken zatian. Txikiren eta Otaegiren fusilamenduaren 49. urteurrenaren karietara hautatu du Sortuk nazio ekitaldia Azpeitian egitea, eta hasteko, bi haiek nahiz haien belaunaldia izan ditu hizpide San Vicentek; "haien bizitzak, haien erailketak eta nagusiki Euskal Herriari emandako guztia lehen lerrora" ekarri nahi izan du gogora. Txikiren eta Otaegiren hilketatik 49 urtera, "gure irrintzia Euskal Herriaren luze-zabalean inoiz baino ozenago" entzuten dela nabarmendu du.
Txiki eta Otaegi "belaunaldi oso baten izenak eta aurpegiak" izan direla adierazi du San Vicentek, "frankismoaren okerrenean onena" eman zuen belaunaldiarena, alegia. Dena den, Sortuko kideak esan du "diktadurarik ankerrenak" ere ez zuela lortu "herri honen irrintzia" isiltzea. "Kolpatu zuten herria, euskara debekatu, gazteak atxilotu eta ez zen nahikoa izan; ikurrina desagerrarazi zuten, beldurra zabaldu, emakumeak jazarri eta ez zen nahikoa izan; milaka herritar torturatu zituzten, akabatu eta bide bazterretan desagerrarazi, eta ez zen nahikoa izan; Euskal Herriaren kontra dena egin zuten, eta ez zen inoiz nahikoa izan. Herri honen askatasun egarria itotzen saiatu ziren; ez zuten lortu; ez dute inoiz lortu. Gaur hemen gaude, zutik, inoiz baino indartsuago, eta gure azken helburuetatik inoiz baino gertuago".
Frankismoaren osteko garaira egin du atzera Sorturen Nazio Kontseiluko kideak, eta ezker abertzaleak une bakoitzeko egoera politikoa "ondo irakurtzen asmatu" izan duela esan du hark. "Hasieran, 78ko erregimenaren iruzurra guk bakarrik salatzen bagenuen ere, gaur, herri honen gehiengoak, Kataluniako herritarren gehiengoak, eta Espainiako Estatuko gero eta sektore sozial zabalagoak partekatzen dute". Ezker abertzaleak eta beste herrialdeetako eragile politikoek zein sozialek egindako irakurketa partekatu hori "borrokari esker" lortu dela gehitu du, gainera, San Vicentek.
Egun sortu diren "aukerez" aritu da gero gasteiztarra. "78ko erregimena krisian" dagoela adierazi du, eta estaturik gabeko herriak eta independentziarako aitortza "maila politikoaren erdigunean" kokatu direla. "Garai hartako irrintzia inoiz baino ozenago dabil. Orain, Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta gure burujabetza maila handitzeko aukera leihoa parez pare dugu irekita. Momentua eta aukera aprobetxatu beharra dago", esan du indarrez. Independentziara bidean jauzia egiteko, baina, "herria aktibatzea, mobilizatzea eta indarrek norabide berean eragitea funtsezkoa" izango direla azpimarratu du San Vicentek. "Herria da askatasunaren hauspoa. Ameslariak garelako iritsi gara honaino, eta zuek, ameslariok, ekarriko duzue Euskal Herriaren askatasuna".
"Utopiaren bandera" altxatzeko deia
Txikiren eta Otaegiren garaiko belaunaldiak egindako irakurketen "gaurkotasuna" ere izan du hizpide Sortuko kideak hitzartzean; zehazki, askatasun nazionala eta soziala uztartzeaz hitz egin du San Vicentek. "Kapitalismoaren ondoriozko garai historikoan, helduleku falta, ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna garaiaren ezaugarri" bilakatu direla adierazi du gasteiztarrak, eta horren aurrean, "utopiaren bandera altxatzera" dei egin du. "Gure herriaren askatasunaz amesten dugu, independentziaz amesten dugu, baina helburu hori lortzeko, kapitalismoa borrokatu behar dugu. Aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarritutako alternatiba da gurea. Euskal Herri independentea nahi eta behar dugu, nazioa garelako, herria garelako, eta euskal herritarrontzako bizitza hobeak eraiki nahi ditugulako".
Ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadaren aurrean, "bandera antifaxista eta abertzalea altxatzeaz" ere aritu da San Vicente. "Faxismoak etsai bihurtzen ditu pertsona arrazializatuak, emakumeak, gorputz disidenteak, pobreak, euskaldunak... Txiki eta Otaegi nola, abertzaleak gara, antifaxistak garelako, eta antifaxistak gara, abertzaleak garelako. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka hartu zuten zapalkuntza eta injustizia ororekin amaitzeko bide gisa, eta hala egiten dugu guk ere. Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro. Guk guztiekin egin nahi dugu bidea, guztiekin borroka, guztiekin erabaki eta aske izan. Denontzako herria eraiki nahi dugu, eta horretarako ere behar dugu burujabetza".
Azken urteetan, euskal artisten lanak hartu ditu Sortuk nazio ekitaldien kartelen oinarri, eta bide beretik egin du aurtengoa ere Azpeitirako. Izan ere, Taxio Ardanaz artista iruindarrak egin du 2024ko nazio ekitaldiko kartela, eta esku irekiak ageri dira bertan. "Borroka, ukabil itxiak bezainbeste, badira esku irekiak ere: eskuzabaltasunarenak, apaltasunarenak, lanarenak, babesarenak", azaldu zuen Sortuk kartela iragarri zuenean. Eta gaur, balio horiei eutsi asmoz, Euskal Herriaren askatasunaren alde "borrokan jarraitzeko konpromisoa" berretsi du ezker abertzaleak Azpeitiko Soreasun. Ekitaldia ukabilak itxita eta Eusko Gudariak abestia kantatuz itxi dute, eta antzokitik kalerako irteeran irrintzi ugari entzun dira.