Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzeko beharra aldarrikatu du ezker abertzaleak Gudari Egunean

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 28a, 10:52

Azpeitiko ezker abertzaleak atzo arratsaldean egin zuen Gudari Eguneko ekitaldi nagusia Azoka Plazan. Gogoan izan zituzten Francoren erregimenak fusilatutako Txiki eta Otaegi nahiz "Euskal Herriaren askatasunaren alde askotariko ekarpenak" egin zituzten kideak ere. "Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa" berrestu zuten. Bihar nazio ekitaldia egingo du Sortuk Azpeitian. 

Nuarbeko hilerrian Angel Otaegi oroitu ostean, Gudari Eguneko ekitaldi nagusia egin zuen atzo arratsaldean Azpeitiko ezker abertzaleak, Azoka Plazan. Atzo 49 urte bete ziren Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituenetik. 

Olerkiz, musikaz eta aldarriz jantzitako ekitaldia izan zen atzokoa. Txikia abestiarekin ireki zuten ekitaldia, eta olerkien ondotik egin zuten hitz hartzea. Gogora ekarri zituzten 1975eko irailaren 27ko fusilamenduak, eta nabarmendu zuten gertakari haiekin Euskal Herrian etsipena zabaldu nahi zutenek ez zutela haien helburua bete: "Helburu bat zuen frankismoak fusilamendu haiekin: Euskal Herriaren askatasunaren aldeko ametsa galbidera eramatea. Euskal Herrian etsipena zabaltzea. Oker zebiltzan, ordea; orduan ametsa zena, gaur sekula baino errealagoa delako. Askatasun haizeari mugarik jartzerik ez dago". 

Txiki eta Otaegiz gain, gogoan izan zituzten "haiekin batera Euskal Herriaren alde askotariko ekarpenak eginez borroka egin zuten herrikide guztiak ere". Era berean, ezker abertzalearentzat atzoko eguna "Euskal Herriarekiko konpromisoa berresteko eguna" zela nabarmendu zuten, eta borrokan jarraitzearen ezinbestekotasuna aldarrikatu. "Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskaldu lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoan berresten ari gara".  

Nabarmendu zuten Txiki eta Otaegi "borrokalari abertzaleak" zirela, eta "Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka" hartu zutela "zapalkuntza eta injustizia ororekiko amaitzeko bide gisa". Horren karietara, balio eta printzipio horiek gaur egun "lehen lerrokoak" direla adierazi zuten. 

Gaurko erronkak

Iraganeko borrokei begira ez ezik, gaur egunera begira ere jarri ziren ezker abertzaleko kideak Gudari Egunez. Nabarmendu zuten joan zen urtea "emankorra" izan zela ezker abertzalearentzat, eta borrokan jarraitzen dutela kalean zein erakundeetan: "Ez gara ari iraganeko borrokez bakarrik. Gaur egun ere faxismo berrien eta eskuin muturreko indarren aurkako borrokan jarraitzen dugu; instituzioetan zein kalean. Aurre eginez batzuetan eta iniziatiba politiko eraikitzaileaz beste batzuetan. Guk herria eraikiz eta nazio harrotasuna azalduz egiten diegu aurre jokaera erreakzionario guztiei". 

Gogora ekarri zituzten EH Bilduren eta EH Bairen hauteskunde emaitzak, eta horiek zein Euskal Herriak eskuin muturrari ateak itxi izanak "indarra" ematen diela adierazi zuten. "Borrokan eta alaitasunez, halaxe gabiltza". 

Datorren ikasturteko erronkak ere aipatu zituzten: "Preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekarri arte lanean jarraitu behar dugu, estatuaren biktimak aitortzeko lehen urratsak ematen hasi dira instituzioak; bidea ireki dugu.  Joera eta jarrera erreakzionarioei aurre egiten jarraitu beharko dugu; euskararen aurkako erasoei, arrazakeriari, feminismoaren aurkako oldarraldiei. Oro har, eskuin muturraren agendari esparru guztietan aurre egiten segi beharko dugu". Eskuin muturrari aurre egiteaz gainera, "herri erronkei erantzun positiboa ematen asmatu" beharra nabarmendu zuten, hala nola "osasungintzan, migrazioan, etxebizitza eskubidearen eta trantsizio ekosozial justuen alde". Hain zuzen, ezker abertzaleak "aldaketaren aldeko haizea hauspotzen" jarraituko duela adierazi zuten. 

Ekitaldia amaitzeko, Sortuk aurtengo Gudari Egunerako eta bihar Azpeitian egingo duen nazio ekitaldirako erabili duen iruditegiari keinu eginez, eskuz esku lan egitearen garrantzia nabarmendu zuten. Eskuetan kopa bana hartuta, topa egin zuten "aurrera jarraitu ahal izateko indarrak hartzeko" eta borrokan aritutako kideak omentzeko. 

Nazio ekitaldia

Bihar, hilak 29, nazio ekitaldia egingo du Sortuk Azpeitian, "proiektu politikoa berretsi eta nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko". Soreasu antzokian egingo dute ekitaldia 12:30ean hasita, Irrintzi bat dabil lelo hartuta. "Frankismoak akabatu nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino biziago eta indartsuago dagoela aldarrikatzeko" probestuko dute ekitaldia, besteak beste. Urte berriko erronkak ere izango dituzte hizpide. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide