Datorren urtean oro har %3 igoko ditu tasak eta zergak Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2024ko urr. 9a, 14:07

Atzoko udalbatzarrean 2025eko udal tasa, zerga eta prezio publikoak erabakitzeko garaian. (Nerea Uranga)

"Zuhurtzia" eta "progresibitatea" kontuan hartuta egin du udal gobernuak 2025erako udal tasa, zerga eta prezio publikoen proposamena. Aho batez onartu dute hori udalbatzarrean bi aldeek.  Bi salbuespen izango dira, baina: zaborraren tasa %28 igoko dute Europako agindua betetzeko eta kiroldegiko nahiz igerilekuko prezio publikoak %10, kirol zerbitzuen gastuei aurre egiteko.

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, eta, besteak beste, 2025eko ordenantza fiskalak onartu zituzten. Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak aurkeztu zuen datorren urterako proposamena, eta aipatu zuen aurreko hilean udaleko hiru batzordetan landu zituztela. Azpeitiko Udalaren egoera ekonomikoa eta gaur egungo egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta,  2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako zergak, tasak eta prezio publiko ia guztiak %3 igotzea adostu zuten. "Erabakia hartzeko, batetik, udalaren kaudimena eta 2025erako aurreikuspenak hartu ditugu kontuan. Eta bestetik, egoera sozio-ekonomikoari dagokionez, KPIren egoera eta bilakaera aztertu dugu", azaldu zuen Goenagak. Aho batez onartu zuten proposamena EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek.

Ogasun batzordeburuaren esanetan, bi irizpide nagusi izan dituzte kontuan ordenantza fiskalak erabakitzeko orduan: “Alde batetik, zuhurtzia; eta, bestetik, zerga progresibitatea”. Zuhurtziari lotuta, adierazi zuen udalak sarrerak behar dituela kalitateko zerbitzuak eskaini ahal izateko: "Gure betebeharra da herritarrei ahalik eta kalitaterik oneneko zerbitzu publikoak eskaintzea, eta horretarako beharrezkoa da udalaren sarrerak eta gastuak proportzio berean joatea. Udalaren diru sarreretan gutxi gorabehera %37 bada zuzeneko zerga, tasa eta prezio publikoetatik jasotzen dena". Erantsi zuen udalari igo egin zaizkiola eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak, eta, gainera, iaz baino diru gutxiago jasoko duela foru funtsetik, jubilatuei mutualitateagatik itzuliko zaien diruagatik.

Zerga progresibitateari lotuta, berriz, Goenagak adierazi zuen bizimoduaren garestitzeak ez diela modu berean eragiten herritar denei. “Progresitate fiskalarekin, saiatzen gara karga fiskala gutxitzen diru sarrera edo eros ahalmen gutxien duten herritarrei. Hori hala izan dadin, hainbat hobari ditu udalak, diru sarreren arabera aplikatzen direnak, eta horiek mantendu egingo dira”. Hobariez gainera, Udal Gizarte Zerbitzuen bidez oinarrizko beharrei aurre egiteko diru laguntzak kudeatzen dituztela azaldu zuen Goenagak.

Salbuespenak

Udal zergak, tasak eta prezio publikoak %3 igoko badituzte ere, bi salbuespenak dira: zaborraren tasarena eta kiroldegiko eta igerilekuko zerbitzuen prezioena.

Zaborraren tasaren kuota guztiak %28 igoko ditu udalak datorren urtean. Goenagak adierazi duenez, Europako legeek agindutakoa betetzeko hartuko dute neurri hori. "Europako zuzendaritzak agindutakoaren arabera, 2025ean zaborraren bilketak ezin du defizitarioa izan administrazio publikoarentzako. Legeak dio kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela bere osotasunean. Beraz, zaborren bilketa, garraioa eta tratamendua %100ean finantzatu behar dute udalek". Etxebizitza bateko zaborraren tasak izango duen aldea jarri zuen adibide gisa Goenagak: "Gaur egun etxebizitza batean batez besteko zaborraren urteko tasa 124 euro da, eta 2025. urtean 158,72 euro izango da; hau da, 34 euroko igoera izango da”.

Igerilekuko eta kiroldegiko zerbitzuetan, berriz, %10 igoko dituzte prezioak datorren urtean. Igoera hori erabakitzeko arrazoiak ere azaldu zituen Goenagak: "Kirol monitoreek urte askoan izoztuta izan dituzte soldatak, eta soldata igotzea lortu dute, sektoreko lan hitzarmenean parekatzeko. Beren lan baldintzetan lorpen handia izan da, eta horrek udalari kostuen igoera dakarkio". Horrez gainera, 2025ean udalak kirol zerbitzuen ordutegia zabaldu egingo duela adierazi du Ogasun batzordeburuak: "Urtarriletik aurrera ordu erdi lehenago irekiko dira kirol instalazioak eta ordutegi zabalagoa izango dute; uda garaian ere, aurten bezala, egun gehiagotan zabalduko da kanpoko igerilekua”. Kirol zerbitzuetako prezioen igoera azaltzeko adibideak ere eman zituen Goenagak: "Norbanakoei 16,79 eurotik 18,47 eurora igoko zaie hileko kuota, eta familia kuotak dituztenei hileko 26,10 eurotik 28,71 eurora”.

EAJko udal ordezkariak ere ados agertu ziren datorren urterako proposatutako udal tasa, zerga eta prezio publikoekin eta aldeko botoa eman zuten. Nerea Aldaik, ordea, EAJren udal taldearen izenean eskaera bat egin zuen: zaborraren inguruan lanketa bat egitea udalak Urola Erdiko Mankomunitatearekin batera. "Iruditzen zaigu horretarako unea dela. Sortzen duenak ordaindu behar du, baina sortzen duenak proportzioan ordaindu behar duela uste dugu", esan zuen Aldaik.

Kreditu aldaketak

Kreditu aldaketen berri ere eman zuten atzoko udalbatzarrean. Horietako bat Urrestillan egiten ari diren berrurbanizazio lanekin lotutakoa izan zen. "Lehen faseko lanak bukatzen ari dira, baina hiru fase dituzte obra horiek, eta orain, lehenengoa bukatu eta segidan bigarrengoarekin hasteko dirua aurreikusi da. Hirugarren fasea, berriz, datorren urtean egitea dugu aurreikusita", azaldu zuen Goenagak.

Udal langileei lotutako beste kreditu aldaketa bat ere onartu zuten atzo. Kasu horretan, udalak udaltzain eta kale garbiketako langile gehiago kontratatu dituela adierazi zuen Ogasun batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide