Urrestillako erdigunea eraberritzeko proiektua martxan du Azpeitiko Udalak, Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko obra proiektuarekin. Lau fase ditu eraberritze proiektuak, eta lehen faseko lanak hasita daude Kaletxikin. Aurrena, kale horretako etxebizitzak urik gabe ez geratzeko, kanpotik urarentzako ingurabide bat egingo dute. Uztailaren erdian hasi zituzten obrak, eta abuztuan bi astez geldirik egon arren, berriro heldu diete lanei.
Ondoren, Kaletxikin hirigintzako obrak hasiko dituzte, eta besteak beste espaloiak zein kaleko zorua berrituko dituzte. Berrikuntza lan horiez gainera, ur saneamendu sistema berria ere eraikiko dute.
Udalak egindako aurreikuspenen arabera, bost hilabete beharko dituzte Kaletxikiko obrak egiteko. Urrestillako erdigunea berritzeko hirigintza proiektu osoak, berriz, lau urteko iraupena izango du, eta lau fasetan banatuta egingo dute.