Tresnak, gurasotasunaren eta amatasunaren etapa desberdinei ongizate emozionala bermatuz aurre egiteko

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 11a, 13:24

Haizea Egiguren, Leire Goenaga, Edurne Korta eta Janire Basurto, gaurko agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Ama berrientzat martxan jarri nahi duten Amak Tribuan egitasmoa eta ikasturte berriko Guraso Eskolak aurkeztu ditu udalak. Horrekin batera, ikasturte hasierarekin batera Gaztelekuan nerabe eta gurasoentzako orientazio zerbitzua berriro martxan dela gogora ekarri du.

"Guraso izateak bizitza goitik behera aldatzen digu. Seme-alabek ez dakarte instrukzio libururik. Liburu asko idatzi dira gaiari buruz, hori bai, eta horiek irakurtzea ondo etor daiteke, baina...". Hausnarketa horiek egin ditu gaur goizean Leire Goenaga Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, udalak gurasotasunaren erronkei aurre egiteko prestatu dituen tresnak aurkezteko egin duten agerraldian. Gurasotasunaren etapa desberdinak hartu nahi izan ditu kontuan udalak, eta erakundearentzat "lehentasunetako bat" den ongizate emozionalaren eta prebentzioaren ardatzetik abiatuta, beti ere. Hala ere, bat etorri dira aurkezpenean parte hartu dutenak amak direla, oraindik ere, egitasmo horien protagonista nagusiak.

Hiru egitasmo edo zerbitzuren berri emateko deitu du agerraldia udalak, eta Goenagarekin batera parte hartu dute aurkezpenean hiru egitasmoen sustatzaileek eta arduradunek.

Amak Tribuan

Berrienetik hasi dira, eta Amak Tribuan izeneko egitasmoa da hori. Duela hiru urte, Plax! sexu aholkularitza zerbitzuak bultzatuta, Erditu ondoren, zer? egitasmoan du abiapuntua egitasmo berriak. Orduko hartan, sexualitatea, desira eta plazera abiapuntutzat hartuta hasi ziren esperientziak partekatzen hainbat ama berri. Amatasunaren inpaktuak emakumeen bizitzaren beste eremu eta arlo asko barnebiltzen zituela ikusi zuten orduan, eta horiek kontuan hartuta prestatu dute Amak Tribuan.

Haizea Egiguren da egitasmoaren sustatzailea, eta berak azaldu ditu helburuak eta asmoak gaur Basazabalen. "Jendartean gauzak aldatzen ari diren arren, ama izateko formak, aukerak, moduak irekitzen ari diren honetan, hala eta guztiz ere, amatasunaren inguruko iruditegia oso zurruna da oraindik", Egigurenen esanetan. Amatasunak "idealizatuta" egoten jarraitzen duela uste du azpeitiarrak, eta "ama onaren irudiak" indar gehiegi duela oraindik ere. Eta ama izatearen "pozak" alde batera utzi gabe, horiek ere partekatzeko, baina "penak" estali edo ezkutatu gabe "amak ahalduntzeko" eta "norbere burua zaintzeko" egitasmoa izatea nahi dute Amak Tribuan, amatasunaren esperientzia indibidualetik kolektibora eramanez. "Zaintzaileak ere zaindu egin behar dira", izan ere, baita amak direnean ere. "Epairik gabeko espazio bat sortu nahi dugu, gure buruak zaintzeko espazio seguru bat".

0 eta 4 urte bitarteko haurrak dituzten amei zuzendutako egitasmoa da Amak Tribuan. Azarotik otsailera, hamabostean behin elkartu eta bi orduko zortzi saio egitea da sustatzaileen "proposamena"; egutegi eta ordutegi proposamen bat jarri dute mahai gainean abiapuntu gisara, baina Egigurenek argi utzi du proposamena dela hori; aipatu adin tarteko umeak dituzten emakume guztiak animatu ditu izena ematera, eta apuntatzen direnen beharren eta ahalen arabera doituko dituzte saioak. Bestalde, Osakidetzak egitasmoaren berri baduela eta "begi onez" ikusten duela esan dute gaurko aurkezpenean, eta emagin zerbitzuan amei egitasmo berriaren gaineko informazioa eskainiko dietela.

Guraso Eskolak

Aurreko ikasturteetan bezala, Guraso Eskolak eskainiko ditu udalak 2024-2025 ikasturtean ere gurasoei, tutoreei eta hezitzaileei zuzenduta. Gaur, urritik urte honen bukaera arteko egitarauaren berri eman du Edurne Korta Hezkuntza teknikariak.

Gurasoei "kezka" eragiten dieten "gai asko" daudela esan du Kortak, eta "oreka bilatuz, aukeraketa bat" egin dutela Guraso Eskoletan zer eduki landu erabakitzeko, ikastetxeen eta gurasoen ekarpenak zein adin tarteak kontuan hartuta. Horrela, "bi gai nagusi" jorratuko dituzte ikasturtearen lehen zatiko saioetan: pantailak eta nerabeen buru osasuna, eta familia barruko harremanak eta gurasoen erreferentzialtasuna.

Urrian, Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano, Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburuaren egileak eta gaian adituak, Azpeitira itzuliko dira, pantailen zentzuzko erabileraz-eta hitz egiteko. Lau saiotan landuko dituzte gaiaren hainbat ertz, Azoka Plazako goiko aretoan. Azaroan, berriz, familia barruko harremanen, guraso eta seme-alaben arteko harremanen gainean ariko dira Guraso Eskoletan; Janire Basurto psikologoak bi hitzaldi emango ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba programaren barruko saio batekin osatuko dute egitaraua, Basazabalen. Urriko zein azaroko saioak 18:00etan hasiko dira, denak dira doakoak, euskaraz egingo dituzte, eta Telegram bitartez bat-bateko itzulpen zerbitzua eskainiko dute nahi duten guztientzat.

Urtarriletik aurrera sexualitatea, arrazakeria, dolua edota banatze prozesuak landu nahi dituzte Guraso Eskoletan, baina 2025eko saioak aurrerago zehaztuko dituztela esan du Kortak.

Orientazio zerbitzua Gaztelekuan

Egitasmo berri bat eta lehendik datorren beste baten aldi berriko egitaraua aurkeztuta, joan den martxotik martxan dagoen eta udako etenaren ostean berriro martxan den zerbitzu baten berri ere eman nahi izan du gaur udalak.

Gaztelekuan 16 eta 18 urte arteko nerabeei zein 0 eta 18 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei eskaintzen zaien orientazio zerbitzua da hori. Janire Basurtok ematen du familia orientazio zerbitzu hori eta udalaren Gazteria sailean eskatu behar dute txanda zerbitzua jaso nahi dutenek, 943-15 71 61 telefonora deituta edo familiazerbitzua@azpeitia.eus helbidera idatzita. "Hasieran, kasu gehienak ikastetxeetatik bideratuta" iristen zitzaizkiola azaldu du Basurtok, baina Gazteriaren bidez zein Osakidetzatik ere "gero eta gehiago" iristen zaizkiola esan du; baita zerbitzua nerabeek baino gehiago erabiltzen dutela gurasoek. Nerabeei "gehiago kostatzen" zaie, Basurtoren esanetan; "beno, eta zerbitzura jotzen duten gurasoak amak dira, normalean", gaineratu du. "Edozein gurasok edo nerabek edozer zalantza edo kezka baldin badauka, hau da zalantza eta kezka horiek adierazteko eta partekatzeko gunea", dio psikologoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide