"Bularreko minbizia hasieran detektatzen bada, hau da, tumorea lokalizatzen bada, senda- tzeko aukerak %85 ingurukoak dira". Horrela azaldu du Nuria Sanchezek, Gipuzkoako DYAko formakuntza arduradunak. Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna izaten da, eta data igaro berritan, gaitz horren inguruko tailerra eskainiko dute bihar, asteazkenez, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Hain zuzen, Gipuzkoako DYAko kideek gidatuko dute hitzaldi-tailerra, eta bularreko minbiziaren hainbat ertz izango dituzte hizpide, 18:30ean hasita.
Sanchezek aurreratu duenez, "emakume batek bularreko autoesplorazio bat nola egin behar duen" azalduko dute, batez ere. "Emakume guztiok hilean behin egin beharko genuke autoesplorazioa, eta askotan ez dakigu nola egin, noiz kezkatu eta noiz jo medikuarengana", adierazi du formakuntza arduradunak.
Bularreko minbiziaren prebentzio eta hautemate goiztiarra izenburupean eskainiko dute ikastaroa, baina bularreko minbiziaz hitz egitean, "prebentzioaz baino, detekzio goiztiarraz" hitz egin beharko litzatekeela dio DYAko kideak. Hain zuzen, detekzio goiztiarraren garrantzian egin du azpimarra. Hala ere, adierazi du badaudela saihestu ezin daitezkeen auziak ere, hala nola alde genetikoa: "Frogatuta dago gizentasuna duten, tabako edo alkohol kontsumo handia egiten duten edo ariketa fisikorik egiten ez duten pertsonen kasuan askotan agertzen dela bularreko minbizia, baina kasu gehienetan alde genetikoaren eragina dago, eta horretan ezin dugu esku hartu. Bularreko minbizia eduki duten emakumeen ondorengo senideek arrisku gehiago dute gaitza hartzeko".
Gaur egun, osasungintzako erakundeek garrantzi handia ematen diote prebentzioari eta formakuntzari. Hala ere, bularreko, koloneko nahiz umetoki lepoko minbiziak goiz atzema- teko baheketa programak ez dira herritar guztientzat, adina eta arrisku maila kontuan hartzen baitituzte. "Bularreko minbiziaren kasuan, Osakidetzak egiten duen baheketa, orokorrean, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta arrisku handiagoko kasuetan adina aurreratzen da. Adin tarte hori gaixotasunari buruzko ikerketa eta estatisti- ketan oinarrituta zehaztu da. Gauza bera gertatzen da gainerako baheketekin", adierazi du Sanchezek. Horren karietara nabarmendu du norberarena ere badela gaitzak prebenitzeko ardura: "Transmititu nahi duguna da prebentzioa ez dela besteen kontua, norberarena baizik. Gaixotasunak murrizteko denok izan beharko genuke bizimodu osasuntsua, elikadura egokia, tabakorik nahiz alkoholik gabekoa eta aktiboa".
Ikerketaren garrantzia
Minbiziari aurre egiteko ikerketak duen garrantziaz galdetuta, formakuntza arduradunak adierazi du "ikerketa ezinbestekoa" dela "gaixotasun guztietan". Halaber, "bularreko minbiziaren kasuan aurrerapen asko" izan direla uste du: "Bularreko minbiziaren kasuan, asko aurreratu da tratamenduetan, eta horren ondorio da pazienteen biziraupen indize altua. Dena den, bularreko minbizi mota batzuk oso erasokorrak dira, heriotza gehien eragiten dituzten gaitzak dira, eta oraindik asko dago ikertzen jarraitzeko eta ikasteko". Sanchezek azaldu duenez, aurrera begirako erronken artean daude "minbizia nola zabaltzen den ikertzea gaixotasunari hori kontuan izanda aurre egin ahal izateko edota minbizi zelulak betirako zein botikak hiltzen dituzten ikertzea".
DYAk duela hogei urte ingurutik eskaintzen ditu "pertsonen osasunean eta ongizatean" eragiten duten gaiei lotutako ikastaroak, eta horien artean dago bihar emango dutena. Ikastaroan izena emateko epea itxita dagoen arren, herritarrei "gaiari merezi duen garrantzia" emateko deia egin diete DYAko kideek: "Esan bezala, norberaren eskuetan ere badago gaitza lehen urratsetan harrapatzea".