Gotzon Barandiaran: "Euskal kulturgintzak eta euskarazko hedabideek, biek, behar dute elkar"

Julene Frantzesena 2024ko urr. 25a, 08:54

Gotzon Barandiaran, jardunaldien aurkezpenean. (UEU)

Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien hirugarren aldia egingo dute bihar Sanagustin kulturgunean. Kultur sorkuntzaren transmisioa erdigunean jarrita, hedabideak izango dituzte hizpide. Ahotseneak, Bertsozale Elkarteak, EIEk, EIZIEk, Elkar fundazioak, Euskal Wikilarien elkarteak, Hik Hasik, Jakinek, Lanarteak eta UEUk elkarlanean antolatu dute hitzordua, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) da egitasmoaren sustatzaileetako bat, eta harekin hitz egin du Gukak jardunaldien atarian.

Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak izango dituzue hizpide bihar. Zer dela-eta?

Kultur sorkuntzaren transmisioa egitasmoan lanean ari garen eragileak 2019an hasi ginen elkartzen, irakurketa partekatu batetik abiatuta. Irakurketa hori zen euskarazko kulturgintzaren transmisioan eten bat gertatu zela, bai hezkuntza arautuan, bai hezkuntza ez arautuan –eskolatik kanpo–, bai etxe giroan eta kalean. Pentsatu genuen horri konponbidea eman behar zitzaiola eta proposamen bat landu behar genuela, baina proposamena lantzerako transmisioa ematen den kanal horietan zer gertatzen den aztertzea iruditu zitzaigun egokiena. Bide orri bat adostu genuen, eta erabaki genuen jardunaldiak antolatzea aldiro. 2019an euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hezkuntza arautua izan genituen aztergai, 2021ean euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hezkuntza ez arautua, eta aurten euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak aztertuko ditugu. Bide orriko hirugarren pausoa da biharkoa.

Euskal kulturgintzaren transmisioan zer rol dute hedabideek?

Euskarazko kulturgintza ekosistema bat dela ulertzen dugu, eta ekosistema hori osatzen dute zaleek, sortzaileek, antolatzaileek, hezitzaileek, gurasoek, eta noski, hedabideek. Hedabideek, euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten gainerako eragileek bezala, berebiziko garrantzia dute, ezinbestekoak dira. Euskaraz sortzen eta argitaratzen dugunok ahalik eta herritar gehienengana iristeko bidea dira, hau da, gure lana zabaltzeko balio dute. Beraz, hedabideen rola biziki garrantzitsua da. Euskal kulturgintza eta euskal hedabideek, biek, behar dute elkar, ezinbestean.

Hain zuzen, Nor taldeak euskal kulturgintzaren transmisioan hedabideek duten rolaz gauzatu duen azterketa baten emaitzak plazaratuko dituzte jardunaldietan. Zertan datza azterketak?

EHUko Nor ikerketa taldeko kide batzuek eta Elhuyarren Orai zerbitzuko kideek azterketa bat egin dute guk proposatutako abiapuntua hartuta. Abiapuntu hori zera da: euskarazko kulturgintzak edo euskaraz sortzen direnek lanek zer garrantzia, leku edo presentzia duten Euskal Herriko hedabideetan eta zein sortzaile agertzen diren euskarazko kulturgintzari eskainitako espazioetan. Edizio digitala duten Euskal Herriko 11 hedabidetan euskal kulturgintzak zer presentzia duen eta horien zein sortzaile agertzen diren aztertu dute. 11 hedabide horietatik sei dira euskara hutsean aritzen direnak, eta beste bostak, berriz, elebidunak. 

Kulturgintzan eta komunikazioan aritzen diren hiru lagunek mahai ingurua osatuko dute kulturaren komunikazio jardunaz. Zertaz zehazki?

Jardunaldiak hiru multzo handitan diseinatu genituen: aipatutako ikerketa, euskarazko hedabideek egindako kulturaren komunikazio jarduna eta kultur kuotak. Mahai inguruan hitz egingo dute orain arte hedabideek euskal kulturgintzan egin dutenaz eta egin dezaketenaz. Aukeratutako hizlariek bi ezaugarri komun dituzte: denak dira sortzaileak eta kazetariak, eta denek dute harremana kultur sorkuntzarekin eta kazetaritzarekin. Gainera, hizlariak hautatzerakoan lurraldetasuna ere hartu dugu kontuan, jakin nahi baitugu Euskal Herri osoko errealitatea zein den beraien lekukotzen bidez. Horiek orain arte hedabideek izan duten egitekoaz eta digitalizazioak ekarri duen iraultzaz hitz egingo dute, besteren artean, eta sare sozialek euskarazko kultur sormena hedatzeko orduan ekarri duten iraultzaz ere bai.

Kultur kuotez ere ariko dira jardunaldietan, Euskal Herriko nahiz nazioarteko adibideak hartuta. Beharrezkoak al dira kultur kuotak? Zertarako balio dezakete horiek?

Hainbat herrialdek kultur kuotak ezartzen dituzte beren hizkuntza eta kultura babesteko eta horiek iraunarazteko. Kultur kuotak ezartzen dituzte hedabide publikoetan, programazio publikoetan, diru publikoz lagundutako egitasmoetan; kopuruak jartzen dituzte lekuan lekuko kultura eta hizkuntza babesteko eta ikusgarri egiteko. Euskarazko kulturgintzak kuota horiek behar al dituen eztabaidatuko dugu. Dena den, gure ustez ezarri egin behar dira; izan ere, hedabide publikoetan eta laguntza publikoak jasotzen dituzten hedabide askotan gutxienekora ere ez da iristen euskarazko kulturgintzaren presentzia. Kuotez eztabaidatu egin behar da eta adostu egin behar dira kopuruak, eta kuota horiek betetzen direla bermatzea eta legez arautzea proposatu behar diegu erakunde publikoei. 

Euskal kulturgintza nahiz euskal hedabideen jarduna prekarioak dira oro har. Zeren sintoma da hori?

Faktore asko daude. Euskarazko kulturgintzan aritzen garen eragileok ez dugu adostuta zeintzuk diren gure erronka nagusiak, zer den estrategikoa gure kulturarentzat. Hori adostu genezakeela uste dut, eta ondoren, bakoitzak bere esparrutik helburu hori lortzera jo dezakeela. Gure hizkuntza zapaldutakoa da, gure komunitate linguistikoa ere bai, egoera diglosiko oso desorekatuan gaude, hiru administraziok zatitzen gaituzte, gure hizkuntza larrialdi egoeran dago eta horrek esan nahi du kultur larrialdian ere bagaudela. Euskal kulturgintzarako politikak behar ditugu Euskal Herri osorako, eta politika horiek adostu behar ditugu eragile guztion artean; eragile horien artean sartzen dira, noski, erakunde publikoak eta erakunde publiko horietan ordezkaritza eta ardura duten alderdi politikoak.

Euskarazko kulturgintzaren transmisioak zer egoera bizi du gaur-gaurkoz?

Kultur sorkuntzaren transmisioaren lantaldeko eragileek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legerako ekarpenak egin zituzten iaz, eta irakurketa eginda, ondorioztatu zuten lege horrek ez duela bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa hezkuntza arautuan. Hezkuntza ez arautuan egoera berbera da, etxe giroan gero eta gehiago dira euskara eta euskarazko kulturgintzari lotutako edukiak ez dituzten herritarrak, migrazio fluxuen eraginez; eta ingurune digitalean ez daukagu plaza eta indargune nahikorik ozeano ikaragarri horretan, informazio uholde horretan, beste hizkuntza batzuekin eta beste hizkuntza horietako kultur edukiekin parez pare egoteko. Kulturgintzaren transmisioan etena izan zela sumatu genuen 2019an, eta egoerak bere horretan dirau; esango nuke okerrera ere egin dugula orain.

EGITARAUA

08:45-09:15. Harrera.

09:15-09:30. Ongietorria.

09:30-10:30. Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan. Azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Libe Mimenza EHUko Nor ikerketa taldeko kideak.

10:30-11:00. Kafea.

11:00-13:00. Mahai ingurua: Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio jarduna?. Iñaki Etxaleku, Ane Zuazubiskar eta Josune Velez de Mendizabal sortzaile eta kazetariak ariko dira hizketan.

14:00-16:00. Kultur kuotak hedabideetan: nazioarteko ereduak. Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea eta Pol Cruz-Corominas Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko aholkularia ariko dira solasean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide