Minbiziaren aurkako aldarriak dantzan, zumba saio solidarioan

Maialen Etxaniz 2024ko urr. 26a, 19:45

Ehun lagunetik gora elkartu dira Urola ikastolan, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen alde egindako zumba saio solidarioan. Regla Hernandezek gidatu du saioa, eta harekin igo dira oholtzara beste hainbat irakasle eta ikasle. Ekimenarekin irabazitako dirua bularreko minbiziaren aurkako elkarteari laguntzeko izango da. 

Bigarren urtez jarraian, bularreko minbiziarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte dantzan, Azpeitian egindako zumba saio solidarioan. Ehundik gora herritar batu dira ekimenera, eta dantzan igaro dute arratsaldea Regla Hernandezen eta haren kideen gidaritzapean. 17:30ean hasi da saioa, Leire Betegik egindako hitzartzearekin. Hark eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta, bereziki, Atzegiri, Gautenari eta Marea Urdinari. Gainera, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan taldeak igorrita gutuna irakurri du. Elkarteak Azpeitiko egitasmoa antolatu dutenen lana goraipatu nahi izan du. 

Regla Hernandez, Lara Idoeta, Esti Garcia, Ainhoa Aranbarri eta Irene Agirre aritu dira gidari lanetan. Haien ikasleak ere animatu dira dantzara, batzuk oholtza gainean, eta, besteak, oholtza azpian, baina denak poz-pozik. 

Azpeitiko Udaleko ordezkariak ere bertaratu dira hitzordura. Leire Sarasua eta Joanes Amenabar zinegotziek esker hitzak izan dituzte, eta elkarteari aitortza egin nahi izan diote "minbiziaren eragina gutxitzeko eta minbizia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko egiten duen lanagatik". Era berean, aipatu dute "garrantzitsuak" direla gaurkoa bezalako sentsibilizazio ekitaldiak.

Bi ordu inguru iraun du saioak, eta amaitzean, taldeko argazkia ateratzeaz gain, zozketa egin dute; izan ere, aurten Azpeitiko saltoki txikien ekarpenari esker, elkartasun otarrea egin dute. Horrenbestez, zumban parte hartu duten herritarren izen-ematearekin nahiz saskiaren boletoekin eskuratutako dirua Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkartearentzat izango da. 

Joan zen zapatuan, urriaren 19an, izan zen Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Data horren bueltan antolatu dute zumba saio solidarioa bigarrenez.

Egoitza, Azpeitian

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak egoitza du Azpeitian 2022az geroztik. Minbizia duten pertsonei zein horien familiei zuzendutako hainbat doako zerbitzu eskaintzen du elkarteak, "minbiziaren eragina murriztea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea" xede. Azpeitiko bizilagunen beharrak identifikatu nahi dituzte, horiei "ahalik eta ondoen" erantzuteko. Irakurri iaz elkartearen inguruan egindako erreportajea, hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide