Done Jakue kalean kokatuta dagoen Frontoi Txiki ondoko eremua diseinatzeko Azpeitiko Udalak martxan jarritako parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Aste honetan, lehentasunezko erabiltzaile gisa identifikatu dituzten taldeetako herritarrekin bilerak egingo dituzte eremuan bertan, hala nola haurrekin, nerabeekin, emakume atzerritarrekin zein zaintzaileekin.
Aste honetako saioak bukatuta, jasotako ekarpenak aztertuko ditu lantaldeak, eta proposamen bat osatuko du. Ondoren, berriz ere elkartuko dira herritar taldeekin eta eragileekin proposamenaren gaineko ekarpenak jasotzeko. Halaber, abenduaren 18an parte hartze prozesuan parte hartu duten herritar guztiekin prozesuaren inguruko bilera egingo du udalak, eta han ere aurkeztuko dute espazioaren eraldaketa proiektua.
Eremu hori erabiltzen duten eragileetako kideekin egin dituzte elkarrizketak dagoeneko, besteak beste, Ilunpe pilota elkartekoekin, Zezen Beltzekoekin, Elkar-ekinekoekin, Bertanekoekin, Jauzikakoekin, Baigerakoekin, Marea Urdinakoekin nahiz Osamenekoekin. Horiek Frontoi Txiki ondoko eremua zertarako eta zenbat erabiltzen duten jakin ahal izan du udalak elkarrizketen bidez.
Zuhaitza, proposamenetarako
Parte hartze prozesua martxan dela jakinarazteko, zuhaitz baten irudia jarri du erakundeak Frontoi Txikiaren kanpoaldeko horman. "Zer jarriko zenuke espazio honetan?", jartzen du kartelean eta hosto batzuk daude han marraztuta. Hosto horietan proposamenak idatz ditzakete herritarrek.
Udalak udaberrian hasi zuen eremuaren eraldaketa definitzeko prozesua. Izan ere, haizete baten ondorioz Done Jakue kaleko Gernikako arbola erori zen iaz. Lehenik foro bat eratu zuten eta espazioaren informazioa bildu. Ondoren, parte hartze prozesuaren diseinua gauzatu zuten, Hiritik At eta Oinherriren laguntzarekin. Udalak azaldu duenez, proiektu "berritzailea" da, parte-hartzearen bidez, "bestelako ahots eta gorputz batzuen beharrak jaso nahi dituztelako".