Done Jakue kaleko Gernikako arbola –Gernikako arbolaren kimu edo ezkurretik hazitakoa– erori da gaur eguerdian. Azpeitiko Udaltzaingoak Uztarriari jakinarazi dionez, erorketak kalte materialak eragin ditu Done Jakue kalean aparkatuta zeuden bi autotan eta sokamuturraren eskulturan. Javier Iraeta eskultorearen lanaren zati bat kaltetu du arbolak, zezenaren aldea, hain zuzen.
Suhiltzaileak berehala bertaratu dira ezbeharraren lekura, eta jarraian Udaltzaingoa eta udal brigadako langileak. Uneotan, eremua garbitzeko lanetan dabiltza, eta bihar arte itxita egongo da kalearen eremu hori, lanak amaitu bitartean.