Eman dezala ordua beste bi mendez

Maialen Etxaniz - Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 12a, 18:21

San Martingo erloju zaharberritua egoitzaren atarian jarri dute eta gaur inauguratu dute kokaleku berria. Urrian erlojua egoitzaren atarian jartzeko lanean hasi zirenetik bezala, gaurko ekitaldiak ere ikusmina eragin du. Bideoan eta argazkiekin jaso du inaugurazioa Gukak.

"Noiz helduko maitea / noiz irtengo trena / ni presa daukana naiz / ta zu zain zaudena / tik-takak iraun badu / mendeetan barrena / ez al da bailarako / erloju zaharrena / gure aurrekoekin / lotzen gaituena". Horrela kantatu du Jon Gurrutxaga bertsolariak gaur goizean San Martin egoitzaren atarian, egoitza beraren eraikin zaharrean mende eta hiru laurden egin zituen erloju zaharberrituaren kokaleku berriaren inaugurazioan. Urri erdi aldean hasi zituzten erlojua orain dagoen tokian jartzeko lanak. Kristalez eta burdinez egindako estalpe itxi handi baten barruan ikus daiteke gailua, egoitzaren sarrera nagusiaren ondoan; estalpe horren barruan, besteak beste, Imanol Elias zenak erlojuen gainean idatzitako bertso bat irakur daiteke. Kokaleku berrian jartzen hasi zirenetik, ikusmina eragin du erlojuak, eta gaurko ekitaldia ere ez da atzean geratu. San Martingo egoiliarrak ez ezik, hainbat herritarrek egin dute bat inaugurazioarekin.

Nagore Alkorta alkateak eta erlojua zaharberritu duen Yeregi elkarteko Xabier Alvarez Ieregik hartu dute hitza; haien ondoan egon dira Idurre Zabaleta egungo zinegotzia eta Agustin Lizarralde, erlojuaren zaharberritze prozesua martxan jarri zuen aurreko agintaldiko udal gobernuko kidea. "Denboraren joanarekin aldatzen joaten dira gauzak, baina segundoek eta minutuek iraupen bera izaten dute beti. Sekulakoa da, hainbeste urte pasatuta ere, halako zehaztasuna gordetzen duen altxor bat, benetako altxor bat, mantentzea", esan du alkateak, eta hori posible egin duten guztien parte hartzea eskertu du. "Herrian altxor hau edukitzea luxu bat delako, espero dut denok jakingo dugula hau aprobetxatzen", gaineratu du Alkortak.

Bi desio

210 urte betetzear den erloju zahar zaharberritua, XIX. mende hasierako 'aurrekoak' eta gaur egungoak lotzen dituen tresna ikusgarria, Juan Sugasti arrasatearrak (Gipuzkoa) egin zuen 1815ean. 1830ean jarri zuten Miserikordia etxe eraiki berrian, gerora San Martin zaharren egoitza bihurtuko zenean. Hain justu, egoitza handitzeko bota zuten Miserikordiaren eraikin hura, eta bota aurretik, 2005ean, kendu eta jaso zuten erlojua. 2022an erabaki zuen Azpeitiko Udalak erloju zaharra berritzea eta berrito martxan jartzea, eta orain, beste toki batera, baina zaharren egoitzara itzuli da makina.

Sugastiren sorkuntzaren hainbat xehetasun eta hori berreskuratzeko eta ikusgai jarri ahal izateko egin duten lanaren zenbait zertzelada eman ditu gaur Alvarez Ieregik; erlojuaren gaineko informazio laburtua eskura dute herritarrek ere, aldameneko paretan kokatu duten informazio panelean. Gaurko ekitaldian, berriz, San Martingo erlojuak bere garaian izan zituen esferak zein kanpaiak ere jarri dituzte erlojuaren ondoan, ikusgai. Sugastiren erlojuak Perdillegin eraikiko duten adinekoen Azpeitiko egoitza berrian tokia izatea eta gailuak "gutxienez beste berrehun urtez" martxan jarraitzea nahiko luke Yeregi elkarteko erlojugileak, eta hala adierazi du gaur.

Beheko bilduman, gaurko ekitaldiko argazkiak ikus daitezke.

Erlojuaren kronologia

  • 1815ean egin zuen erlojua Arrasateko (Gipuzkoa) Juan Zugastik.
  • 1830ean jarri zuten Miserikordiako edo San Martin egoitzako eraikinean, dagoeneko ez dagoen eraikina bukatu zutenean. Bien bitartean, hamabost bat urtez, Azpeitian bertan egon zen erlojua, baina gordeta, "alberditar batzuen etxean, Buztintzuriko plazan, orain Olazko plaza esaten diotena dagoen tokian", Alvarez Ieregik gaur azaldu duenez.
  • 2005ean kendu zuten Sugastiren erlojua Miserikordia zeneko eraikinetik. San Martin egoitza handitzeko proiektuaren barruan, eraikin hori bota zuten berri bat altxatzeko, eta botatzen hasi aurretik desmuntatu eta gorde zuten orain zaharberritu duten erlojua.
  • 2022ko azaroan jakinarazi zuen udalak Yeregi elkartearen esku utzi zituela hamazazpi urtez gordeta egon zen erlojua zaharberritzeko eta berriro martxan jartzeko lanak.
  • 2023ko uztailean, zaharberritze lanak bukatuta, herritarren aurrean erakutsi zuten lehen aldiz erloju eraberritua, San Martin egoitzatik gertu, Iraurgi ikastetxearen egoitza ohian.
  • Gaur, erlojuaren kokaleku berria estreinatu dute, San Martin egoitzaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide