Haurren eskubideekin lotutako bi egun izango dira aste honetan: gaur, azaroaren 19a, Haurren eta Nerabeen Kontrako Sexu Erasoen Prebentziorako Nazioarteko Eguna; eta bihar, azaroaren 20a, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna. Bi egun horiek direla eta, Azpeitiko Udalak adierazpena kaleratu du, eta erakundeak arreta jarri nahi izan du haurren eta nerabeen kontrako sexu erasoen prebentzioari eta kasu horien esku-hartzeari.
Zehazki, haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat (688 75 82 99) eta helbide elektroniko bat (testigantza@azpeitia.eus) jarri ditu herritarren eskura udalak. Gainera, herritarren sentsibilizazioan eragiteko xedez, haurtzaroko sexu indarkeriaz hitzaldia antolatu du erakundeak ostegunerako. Sheila Melcon psikologoak eskainiko du, 18:00etan hasita, Basazabal jauregian.
"Maiz isilean"
Udalak zehaztu duenez, haurren kontrako sexu indarkeria indarkeria matxistaren "aurpegirik gogorrenetakoa" da, "maiz isilean" geratzen dena. Halako kasuei lotuta, Azpeitia ez dela salbuespena esan du erakundeak: "Gure herrian ere izan ditugu halako kasuak eta baditugu gaur egun ere". Hori dela eta, haurren aurkako sexu indarkeria kasuak gogor gaitzetsi ditu, eta ozen adierazi nahi izan du Azpeitiak ez duela haurren kontrako inolako indarkeriarik onartzen.
Halako kasuak Azpeitian eta inguruetan "errotuta" daudela esan du, eta horrek zailtzen du, erakundearen arabera, kasuen detekzioa eta haien aurreko erantzuna. "Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeela pentsatzea, baina ezinbestekoa da indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela ohartzea". Herriko esparru eta gune ezberdinetan lanean jarraitu behar dela adierazi du udalak, "indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte".
Berdintasunaren oinarriak eta haurren babesa auzitan jartzen dituen arazo sozial larriaren aurrean irtenbideak bilatzeko beharra dagoela nabarmenduta, lanean jarraituko duela esan du udalak. Izan ere, erakundeak adierazi duenez, sexu indarkeriaren aurkako prebentzioa, sentsibilizazioa, identifikazioa eta erreparazioa lantzen jarraitu behar da eta horretara baliabideak bideratu behar dira.
Bost umetik batek
Save the Children erakundearen datuen arabera, bost umetik batek jasan ditu sexu erasoak. Zehaztasunera eramanda, lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek jasan dute sexu indarkeria. Udalak azpimarratu duenez, arazoa "oso larria" da, eta horretaz hitz egitea edo horretaz pentsatzea "gogorra" egiten bada ere, "guztiz beharrezkoa" da gaia azaleratzea.
Bestalde, udalak zehaztu duenez, haurren eta nerabeen kontrako sexu erasoak albiste direnean, familiaz kanpokoa izan ohi da erasotzailea: "Entrenatzaileak, abadeak, irakasleak eta abar izan ohi dira beti, baina hori errealitatearen zati txiki bat besterik ez da; izan ere, gertatzen diren erasoen %80-85 familia barruko sexu abusuak izan ohi dira. Tamalez, baina, horien %15 soilik azaleratzen dira".
Erakundeak, bestalde, normalean, haurtzaroko sexu erasoak salatzerako urte asko pasatzen direla ere jakinarazi du. "Pertsona batek haurtzaroan sexu abusuak jasan zituela onartu arte urte asko igarotzen dira normalean, biktimarentzat prozesu mingarria izaten baita abusu horiek jasan izana onartzea".