Udazkenean ohi baino gehiago begiratzen zaie herriko txokoetako zuhaitzei, udazkeneko koloreek erakarrita. Azpeitiko Udala, ordea, duela urtebete hasi zen horiek guztiak behatzeko lanetan, eta herriguneko arbolen inbentarioa egin du Kimu Batekin batera. Gainera, zuhaitzen inguruko xehetasunak bildu dituzte aplikazio batean, eta orain aurkeztu dute egindako lana eta emaitzak.
Azpeitiko herriguneak "zuhaitz egitura aberatsa" duela da egindako diagnostikoaren emaitza. 3.480 zuhaitz zenbatu dituzte Azpeitiko herrigunean. Horiek 148 espezie baino gehiagokoak dira. 38 zuhaitz hosto iraunkorrekoak dira, eta gainontzekoak, erorkorrekoak. "Hirutik bat platanondoak dira", zehaztu dute. Herrigunean bi zuhaitz egitura desberdin daudela adierazi dute. "Orain dela 70 bat urtetik hor egon dena, eta beste bat, orain dela 90 hamarkadatik gaur egunera artekoa. Badaude egitura historiko batzuk, esaterako, Loiolako parkekoa edo Loiolako Ignazio etorbideko ezkiena. Baina badaude batzuk 30-20 urteko zuhaitz egitura gazteak eta aberatsak ere, batik bat urbanizazio berrietan aurki ditzakegunak", azaldu du Kimu Bateko Mitxel Igarataundik.
Abiapuntua Loiolako Ignazio etorbidean
Ez du gaurkoa herriko zuhaitzen azterketa egitearena Azpeitiko Udalak. Orain urte batzuk, Loiolako Ignazio etorbideko ezkien ale bat eta beste erortzen hasi ziren, haize boladetan-eta. Orduan, ezkien azterketa egin zuten, azaldu du Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotziak. "Azterketak erakutsi zuen etorbideko hainbat zuhaitz zahartuta edota barrutik ustelduta zeudela, eta haiek erori eta sor zezaketen arriskua saihesteko plangintza bat egin zen", azaldu du. Loiolako Ignazio etorbideko ezkiak aleka botatzen eta berri batzuekin ordezkatzen ari dira. "Etorbidean dauden ezkiak ordezkatzeko 10-15 urtetako plangintza bat eginda dago, eta dagoeneko 160tik 80 bat ordezkatuta daude. Ezkia da orain sartzen dena ere, baina beste barietate bateko ezkia", esan du Igarataundik.
Behin etorbideko diagnostikoa eginda, interesgarria ikusi zuten udal ordezkariek azterketa herri gune osora zabaltzea: "Herri gunean dauden arbolak non dauden ikusteko, zein espezietakoak diren, zein neurritakoak, zenbat urtekoak...". Lan horri orain dela urtebete ekin zion udalak, Kimu Bat enpresarekin batera.
Aplikazio batean jasota
Urte oso bat jardun dute Azpeitiko herriguneko zuhaitzak eta zuhaiztiak aztertzen Kimu Batekoak. Iker Goikoetxea Kimu Bateko teknikariak azaldu duenez, egin duten "inbentarioaren bertuteetako bat" herriko zuhaitz espezie eta zuhaizti denak identifikatuta eta geolokalizatuta izatea da. "Informazio guztia aplikazio batean jaso dugu, eta hor bildutako datu horiek aurrera begirako plangintzak egiteko balioko diote udalari. Horrez gainera, aplikazio horrek garapena izan dezake; era horretan, bertan zehaztu daiteke alez ale, zuhaitzez zuhaitz zer nolako mantenua egin zaien, zer-nolako egoeran dauden... Eta herritarren parte hartzea sustatzeko ere balio dezake aplikazioak". Arbomap aplikazioan jaso dute informazio guztia. Oraingoz, udaleko eta Kimu Bateko teknikariek dute eskuragarri informazio hori. Aurrera begira, baina, herritarrei aukera zabaltzea da Azpeitiko Udalaren asmoa, Amenabarrek zehaztu duenez.
Egin duten zuhaitzen inbentarioak aurrera begirako plangintza orokor bat egiteko aukera emango du. "Etorkizunean zuhaizti osasuntsuak edukitzeko oso garrantzitsua da plangintza bat izatea, eta ez urte bateko ikuspegiarekin, baizik eta hamarkadetako ikuspegiarekin egin behar da plangintza. Horretarako, ordea, jakin egin behar da zein den abiapuntua eta zein den egoera", nabarmendu du Goikoetxeak.
Zuhaitzak herrian "apaingarri" baino gehiago direla azaldu dute udaleko ordezkariak eta Kimu Batekoek. "Zuhaitzak ez dira elementu paisajistikoak bakarrik, bestelako ezaugarri garrantzitsu asko dituzte, eta zuhaitzei balioa eman behar zaie. Loiolako parkean esaterako, zuhaizti aberatsa dugu; altxor bat daukagu bertan".