Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren aurka egiteko beharra aldarrikatu dute Feministen Sareak nahiz Itaiak

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 25a, 20:15

Azpeitiko Feministen Sareak elkarretaratzea egin du, Konponbidea ez bazara, arazoa zara lelopean. "Ardurak hartzeko garaia" dela aldarrikatu dute, eta adierazi emakumeenganako indarkeriaren erroan dagoena "sistema matxista" dela. Itaiak, berriz, manifestazioa egin du, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. Itaiaren arabera, "ideia eskuindar, matxista eta baztertzaileak dira gizartean nagusitasuna irabazten ari direnak", eta horien aurrean "lehen lerroa" hartzeko deia egin dute. 

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta urtero bezala, hainbat izan dira emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko beharra aldarrikatzeko egindako ekintzak. Goizean, herriko ikastetxeetan askotariko kontzientziazio jarduerak egin dituzte. Ikasle Abertzaleak antolakundeak, bere aldetik, hitzaldia eta elkarretaratzea egin ditu, "inolako erasorik onartuko ez dituzten ikastetxeak" eraikitzeko konpromisoa erakutsiz. Deialdi jendetsuenak, ordea, arratsaldean egin dituzte. Azpeitiko Feministen Sareak elkarretaratzea egin du 18:00etan, plazan. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, manifestazioa egin du 19:00etan hasita. Biek ala biek, matxismoaren aurka antolatzeko beharra aldarrikatu dute, baina auziaren inguruko irakurketa desberdinekin.  

Feministen Sarea: "Konponbidea eraikitzen jarraitu behar dugu; aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik"

Azpeitiko Feministen Sareak bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin, eta Konponbidea ez bazara, arazoa zara lelopean mobilizatu da plazan egindako elkarretaratzean. Hamarnaka izan dira sareko kideen deialdira batu direnak, tartean, Azpeitiko EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariak. 

Feministen Sareko kideek adierazi dute "garrantzitsua" dela gaurko egunari berezkoa duen [Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna] izenez deitzea, "indarkeriaren gainean eraikitako mundu honetan emakumearen aurka egiten baitira erasoak sistematikoki". Horren adibide gisa jarri dituzte Euskal Herrian 2024an hil dituzten bost emakumeak, eta haiei eskaini dizkiete hitzartzearen lehen hitzak. 

Azaroaren 25aren jatorria gogoratu dute, eta azaldu dute 1960. urtean dituela hastapenak: "Askok agian ez duzue jakingo zein den egun honen atzeko istorioa; 1960ko azaroaren 25ean Dominikar Errepublikako diktaduraren aurka aritzeagatik Mirabal ahizpak –Patria, Minerva eta Maria Teresa– jazarriak eta erailak izan ziren. Gerora, 80. hamarkadan, Latinoamerikako mugimendu feministak gertaera horiek hartu zituen oinarri egun hori aldarrikapenez bustitzeko. Nazio Batuen Erakundeak egin zuen bere azkenik. Emakume askoren lanaren ondorioz dugu aldarrikapen egun hau morez margotuta gure egutegietan". Feministen Sareko kideek nabarmendu dute Mirabal ahizpak haien "konpromiso politikoagatik" hil zituztela, "injustiziaren kontra ahotsa altxatzeagatik, mundu hobe bat eraikitzen saiatzeagatik". Hori dela eta, "eredu" direla adierazi dute. Era berean, esan dute Azaroaren 25aren "ikur" tximeletak direla: "Mirabal ahizpak izen horrekin ziren ezagun, eta euren oihartzuna gaur arte iritsi da. Gure herriko umeek ere tximeletak margotu dituzte gure ikastoletako geletan".

Mugimendu feministaren "ekinaren bitartez transmisioa gertatzen" ari dela nabarmendu dute, gogoratuz mugimendu feministak kaleak hartu dituela, "Azpeitian, Euskal Herrian eta mundu osoan". Ekinaren adierazle, "kontzientzia asko astintzen" ari direla esan dute, eta horrek boterean daudenak "deseroso" sentiarazten dituztela, "boterea zentzu zabalean ulertuta; banakoa eta kolektiboa". 

Feministen Sareko kideen hitzetan, "sexu erasoak, sare sozialetako misoginia, komunikabideetako trataera bortitz eta morbosoa, gorroto diskurtsoen gorakada, indarkeria ekonomikoa eta zaintzaren banaketa desorekatua ez dira kasu isolatuak". Horiek guztiak "emakumeen osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemiko baten parte" direla adierazi dute, eta erro bera dutela nabarmendu: "Indarkeriak ugari dira, baina erroa bakarra, sistema matxista". Horrenbestez, "guztiok ardurak hartzeko unea" dela aldarrikatu dute.

Mobilizazioaren leloari so eginez, adierazi dute "arazo" direla, besteak beste, indarkeria matxistaren aurrean erantzukizunik hartzen ez dutenak: "Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete lagun artean txiste eta komentarioak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasaten dugunean justifikatzen duzuenak; arazoa zarete erasotzailea seinalatu baina zuen jarrerak errebisatzen ez dituzuenak. Arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzunkizunik hartzen ez duzuenean. Zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete". Jarrera horien aurrean antolatzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu dute: "Konponbidea eraikitzen jarraitu behar dugu; aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik. Gure arteko elkar zaintza eta saretzeak egingo gaitu askeago".

Antolatzeko beharra nabarmenduta, adierazi dute Azpeitian ere badagoela zeregina urratsak emateko, eta horretan dabiltzala adierazi dute: "Mugimendu feminista elkarrekin gorpuzteko gogoa dugu, belaunaldi gazte nahiz helduak bat eginda aritu gaitezen. Elkarrekin gure kezkak konpartitu, plazaratu, eztabaidatu eta adostasunak lortu" . Hori dela eta, ostegunean "aurrera begirako estrategiari buruzko bilerara" hurbiltzeko deia egin diete bertaratutakoei, haien konpromisoa "ezinbestekoa" dela nabarmenduz. Emakumeen Txokoan egingo dute bilkura, 17:30ean.

Azpeititik kanpora begira bukatu dute hitzartzea, hasi duten bezala, eta gogoan izan dituzte emakume palestinarrak. Fadwa Tuqan poetaren hitzekin borobildu dute kontzentrazioa.  

Itaia: "Gorakada erreakzionarioen eta kultura matxistaren zabalpenari aurre egin behar diogu"

Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatu da Itaia 19:00etan hasita, eta dozenaka izan dira deialdira batu diren herritarrak. Plazan hasi dute manifestazioa, eta ezohiko ibilbidea egin dute, berriro plazan amaitu arte. Itaiako kideek azaldu dutenez, haientzat Azaroaren 25a "borrokarako eguna" da, eta horregatik "matxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa" aldarrikatu dute gaurkoan.

Emakumeek indarkeria matxista "egunero" jasaten dutela salatu dute Itaiako kideek, eta hainbat datu eman dituzte: "2024an gutxienez bost emakume hil dituzte Euskal Herrian. 2023an, Hego Euskal Herrian egunero 24 eraso salatu ziren, eta are gehiago dira isilean geratutakoak". Itaiak uste du egoera horrek "larritu edo haserretu beharrean", gizartean "gero eta inpaktu txikiagoa" eragiten duela.

Era berean, Itaiak adierazi du "kultura matxista hedatzen" ari dela azkenaldian, eta horren larritasuna nabarmendu dute hitzartzean: "Orain, ideia eskuindar eta baztertzaileak dira gizartean nagusitasuna irabazten ari direnak. Horregatik diogu oldarraldi erreakzionarioa daukagula parez pare, eta horrek guztiak matxismoaren normalizazioarekin harreman zuzena dauka". Ideia horretan egin dute azpimarra, eta adierazi dute joera eskuindarrek emakumeak "zapalduta" mantendu nahi dituztela. "Batetik, matxismoa ez dela existitzen diote, eta matxismoaren aurkako diskurtsoa emakumeok sozialki indartzeko asmakizun ideologikoa dela diote. Bestetik, matxismoa ukatzen duten horiek, indarkeria matxista kasuak erabiltzen dituzte diskurtso arrazistak zabaltzeko. Errealitateak, ordea, erasotzaileak sektore eta jatorri ezberdinetakoak direla erakusten digu", adierazi dute Itaiako kideek.  Sistema judiziala erasotuarentzat "trabaz beteta" dagoela salatu dute Itaiakoek, eta "polizien baitan dagoen erasotzaile kopurua kezkagarria" dela nabarmendu dute. "Oldarraldi erreakzionarioen eta kultura matxistaren zabalpenari aurre egin behar diogu".

Erakundeen eta "politikari profesionalen" jarrera ere jarri dute jopuntuan, eta horien "hitzontzikeriez eta itxurakeriez nazkatuta" agertu dira: "Promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan akomodatu dira. Horrela ezin zaio matxismoari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere. Kontrara, politika geroz eta autoritarioak aplikatzen ari dira alde bateko zein besteko alderdiak".

Erasoen aurrean "posizionatzea eta erantzutea guztion ardura" dela adierazi du Itaiak, eta horretan jarraitzeko "konpromisoa" erakutsi du; batetik, "kalean, sare sozialetan, zein instituzioetan gero eta gehiago zabaltzen ari diren diskutso matxista eta erreakzionarioen aurka"; eta, bestetik, "eraso ororen eta, zehazki, erasotzaileen inpunitatearen aurka". Hori dela eta, "lehen lerroa" hartzeko deia egin dute: "Emakumeok lehen lerroa hartu behar dugu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatzeko".

"Matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalistaren aurrean, zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde" agertu da Itaia, eta sozialismorako hautuan berretsi: "Guk indarkeria matxistarekin behin betiko amaitu nahi dugu, eta horretarako, sozialismaoren aldeko hautua egin dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide