Ekain Ibarguren: "Ni ere arlote bat naizelako jarri diot izenburu hori emanaldiari"

Mireia Galarza Bastida eta Maialen Etxaniz 2024ko aza. 28a, 10:38

Euskararen Egunarekin batera, Arlote bat ikuskizuna estreinatuko du Ekain Ibarguren pailazoak Zestoan, kiroldegiko aterpean, 17:30ean. Emanaldia zirkuko tarte libreetan prestatu duela adierazi du.

Euskararen Egunarekin batera estreinatuko duzu Arlote bat ikuskizuna Zestoan.

Bai, baina hori baino lehenago eskolako bi emanaldi izango ditut Ordizian [Gipuzkoa] goizean, eta arratsaldean izango naiz Zestoako kiroldegiko estalpean. Lehenengo eguna izateko ez dago batere gaizki; lehenengoa motorrak berotzeko, bigarrena akatsak zuzentzeko eta hirugarren emanaldia erabat gozatzeko.

Nola doaz prestaketak?

Ondo doaz, pixkanaka. Truko berri bat edo beste ari naiz entseatzen, eta horretarako materiala bildu dugu jada. Trikimailu zaharren bat ere beti erabiltzen dut, funtzionatzen duten horietako bat, nahiz eta modu desberdin batean erakusten saiatzen naizen. Malabareei dagokienez, entseguetan gehiago sartzen saiatzen banaiz ere, zazpirekin jarraituko dut oholtzan.

Arlote hitzak ez du munduko esanahi positiboena. Zergatik aukeratu duzu hori emanaldi berrirako?

Ni ere arlote bat naizelako. Arlote baten esanahia bilatuz gero, orain hiztegian jartzen du eskalea dela. Dena dela, aspalditik datorren hitz bat da hori, XVIII. mendetik. Garai hartan, gizarteko maila altuko jendea itzaletik joaten zen, eguzkiak ez emateko, zuri-zuri. Baserritarrak, aldiz, behe mailako gizarte taldetzat hartzen zituzten, eguzkipean lan egin ostean azala beltz-beltz jartzen zitzaielako eta asto gainean jaisten zirelako mezetara. Garai hartako dokumentuetan ikus daiteke nola arlotadas hitzak esan nahi duen atentzioa ematen duen pertsona bat dela erreferentzia egiten zaiona, desberdina delako. Pailazo munduan, horregatik dira nagusi aurpegi zuria eta sudur gorria, aurpegi zuria zer egin behar duzun agintzen duen hori baita, eta sudur gorria, aldiz, praka zabalak jantzi eta ematen duen itxura axola ez zaiona.

Zuk ere gauzak desberdin egin izan dituzu. Esperientzi pertsonaletik abiatutako emanaldi bat al da sortu berri duzuna?

Bai, bueno. Gaztetan gauzak beste era batera egiten genituen. Denak futbolean eta gu antzerkian... Horrelaxe sortu genuen Txantxalgara gure pailazo taldea ere. Gustura ibiltzen ginen, ondo pasatzen genuen, eta bokata bat jatera joaten ginenean jendeak arraro begiratzen bazigun ere, guk bere horretan jarraitzen genuen.

Konnotazio negatiboak alde batera utzita, umorea ere erabiliko duzu emanaldian, ezta?

Bai, bai ume eta bai helduentzat. Pailazoak umeekin lotzen badira ere, nik trikimailu bat egitean oso presente edukitzen ditut ilara horietan dauden gurasoak ere. Garai bateko zirkuetan egiten ziren esketxak erabiltzen ditut nik, eta saiatzen naiz helduak ere interpelatzen. Umeengana iristea ere ez da erraza, beraien atentzioa denbora luzez mantentzea lan nekeza delako. Oraindik nik ez dut hori ikasi.

Zirkuan ere bazabiltza. Bertako tarteak aprobetxatu al dituzu emanaldiak sortzeko?

Asteburua igarotzen dut zirkuan, eta gauza asko egiten ditugu elkarrekin. Dena dela, gure momentuak ere edukitzen ditugu, eta karabanan sartutakoan ordenatzen dituzu ideiak.

Zestoako emanaldia aipatu arren, Azpeitian ere eskainiko duzu emanaldia otsailean. Etxea derrigorrezko plaza al da?

Derrigorrezkoa ez, baina gustura hartzen dugu. Izan ere, ez da gauza bera Bizkaiko herri txiki batera joatea negu beteko arratsalde batean eta bidaia luzea egitea, edo etxe alboan izatea oholtza.

Zirkuko emanaldiekin eta zureekin, agenda beteta izango duzu. Itxitako hitzordu horien berri ematerik bai?

Aipatutako emanaldiez gain, abenduan Orion eta Lekeition [Bizkaia] izango naiz, 8an eta 22an, hurrenez hurren. Urtarrilean, berriz, 12an Zumaian egongo naiz, 16an Getarian eta 18an Durangon [Bizkaia]. Hilabetea bukatzeko, 29an Leitzan [Nafarroa] izango naiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide