Euskararen Egunaren bueltan hainbat ekitaldi izango da datorren astean

Nerea Uranga 2024ko aza. 28a, 16:54

Beatriz Egizabal umoregilea. (Mailo Oiarzabal)

Euskararen Nazioarteko Egunari lotutako saio bana antolatu dute datorren astean Euskara Mahaiak, Urolako Nafar Zuzterrak taldeak eta Elkar-ekinek. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean izango dira Azoka Plazako aretoan, Sanagustin kulturgunean eta Basazabal jauregian.

Abenduak 3, asteartea, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta egun horren bueltan ekintzak antolatu dituzte Euskara Mahaiak, Elkar-ekinek eta Urolako Nafar Zuzterrak taldeak. Azpeitiko Udalak, berriz, asteartean egingo du abenduko ohiko udalbatzarra eta bertan onartuko dute Euskararen Eguneko adierazpena.

Astearterako Urolako Nafar Zuzterrak Juan Martin Elexpururen Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan liburuaren aurkezpena antolatu du, 19:00etan, Azoka Plazako aretoan. Saioaren antolatzaileek azaldu dutenez, Elexpururen liburuaren helburua "hortik zehar sakabanatuta dagoen materiala biltzea" izan da: "Kontaezinak dira gai horri buruz dauden lanak, baina orain arte ez da argazki-eta guztiko bilduma lan handirik argitaratu. Okzitaniako Garona Garaian aurkitu dira pieza gehien, baina Pirinioaren hegoaldean ere ugari aurkitu dira, eta azkenaldian, Soriako Tierras Altas eskualdeak eman du ezusteko atsegin gehiena". Aurkikuntza lan horien berri jaso du Azpeitian aurkeztuko duen liburuan Elexpuruk. Bestalde, Irulegiko Eskuaren inguruko eranskin bat ere gehitu du Elexpuruk argitalpenean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, abenduaren 4an, Euskara Mahaiak antolatuta Azpeitiko ohituren inguruko bakarrizketa saioa eskainiko du Beatriz Egizabal umoregileak, Sanagustin kulturgunean, 18:00etan. Doan da eta adin guztietako herritarrei zuzendutakoa izango da. Saio horretan, besteak beste, hainbat galderaren inguruan jardungo du Egizabalek: "Azpeitiarrok beti egiten al dugu euskaraz? Zenbat aldiz jotzen dugu gaztelaniara konturatu gabe? Zenbat aldiz entzun dugu euskaldun batekin 'ohitura' daukagula gaztelaniaz hitz egiteko? Edota zenbat aldiz jartzen diegu gure seme-alabei telebista gaztelaniaz?".

Datorren ostegunerako, berriz, migratzaileen eta euskararen inguruko solasaldia antolatu du Elkar-ekinek, 18:30ean, Basazabal jauregian. Kasu horretan, Tarana Karim ekintzaile euskaltzaleak eta Amelia Barquin irakasle eta ikertzaileak hitz egingo dute.

Egitaraua:

- Abenduak 3, asteartea. Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan liburua aurkeztuko du, Juan Martin Elexpuruk. 19:00etan, Azoka Plazako aretoan. Urolako Nafar Zuzterrak taldeak antolatuta.

- Abenduak 4, asteazkena. Azpeitiko ohiturez bakarrizketa, Beatriz Egizabalekin. 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Euskararen Mahaiak antolatuta. Doan da.

- Abenduak 5, osteguna. Migratzaileak eta euskara solasaldia eskainiko dute Tarana Karim ekintzaile euskaltzaleak eta Amelia Barquin irakasle eta ikertzaileak. 18:30ean, Basazabalen. Elkar-ekinek antolatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide